Live

Peli Lekuona | Lander Martinez

Osasun sistema "unibertsalaren" gabeziak

Munduko Medikuak GKEk salatu du trabak ezartzen zaizkiela pertsona zaurgarriei Nafarroako Osasungintza publikoan. 73 lagunek bizitako 205 traba zenbatu dituzte ikerketa batean. Jaione Eugui, Munduko Medikuakeko kidea NAIZ Irratian izan da honen berri emateko.

Osasun sistema "unibertsalaren" gabeziak

Loading player...
Nafarroako Munduko Medikuak Iruñean "Osasunik gabe, bizitza gelditu egiten da" txostenaren aurkezpena
Nafarroako Munduko Medikuak Iruñean "Osasunik gabe, bizitza gelditu egiten da" txostenaren aurkezpena (Jagoba Manterola | FOKU)

2025ean Munduko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak Nafarroan 73 pertsonak bizitako 205 traba atzeman ditu ikerketa batean, 2024ean detektatu ziren 69 kasuak baino lau gehiago. Hortaz, «osasun sistema unibertsala» uste bezain unibertsala ez dela salatu du GKEk. Osasun sistema publikotik kanpo geratzen diren pertsona kopuruak gora egin duen arren, Jaione Eugui, Munduko Medikuakeko kideak, datuak azken urteetan berdintsuak izan direla azpimarratu du.

Landutako txostena erakundeak artatzen dituen pertsonetan oinarrituta garatu dute, beraz badira emandako datuetan haintzat hartzen ez diren kasuak. Dena den, arazoaren bilakaera nahiko egonkorra dela azaldu du Euguik. «Guk zehazki lan egiten dugun pertsonen artean, azken urteetan egoera nahiko berdina bizi dutela ikusi dugu. Guretzako oso datu esanguratsua da, osasun publikora sarreran oztopoak dituzten pertsonek batez beste hiru trabari aurre egin behar izaten diotela».

Afera honek bi ondorio jakin eragiten dituela nabarmendu du GKEko kideak, lehena osasun sistema publikotik kanpo geratzen diren pertsonen artean, eta bigarrena lekuan bertan bizi direnengan. Azaldu duenez, sistema publikotik at geratzen diren pertsonek haien osasunean dute eragina, gaixotasun batzuk ez garaiz atzematea eragin dezakelako, edota dituzten gaixotasunak kronifikatzea. 

Euguiren esanetan, horrek dakar eragina jatorrizko herritarrengan, «pertsona hauek egoera normalean ezin dutenez osasun zerbitzuetara joan, larrialdietara jotzen dute, eta hemen bizi garenok ere pairatzen dugu hori, larrialdietara gero eta pertsona gehiago joaten baitira». Munduko Medikuakeko kideak azaldu duenez, osasun sistema publikoan arreta jasotzeko aukera faltak larrialdi zerbitzuen kolapsoa eragin dezake.

Hori gutxi balitz, Euguik azaldu du larrialdietan artatu ostean, babesik gabeko pertsona hauei faktura bat ematen zaiela, tratamendua eta erabilitako botikak baitan hartzen dituena. Gogorarazi du «larrialdietako zerbitzuak ez direla inoiz ordaintzen», eta besteak beste, Munduko Medikuaketik bertaratutako pertsonei informazio hori helarazten dietela azaldu du.

Parekotasunak kaltetuen artean

GKEko kideari egoera hau bizi duten pertsonek profil konkretu bat duten galdetzean, honek erroldaren arazoa ekarri du gogora. Etxebizitzaren krisiarekin lotu du erroldaren arazoa, eta nabarmendu duenez, pertsona asko Nafarroan bertan alokairua ordaintzen dauden arren, ez dute errolda, eta ondorioz, ez dute ere ez osasun sistema publikoan artatuak izateko osasun txartela eskuratzeko eskubidea.

Denetariko profilak daude pertsona zaurgarri hauen artean. «Artatzen ditugun pertsonak, gehienetan emakumeak dira, baita gizonezko batzuk ere. Asko migratzaileak dira, eta artatzen ditugun emakume asko esplotazio sexual egoerapean bizi dira». Euguik azaldu duenez, «berezitasun» gisa sailkatu dituen ijitu errumaniarren kasua dago. Pertsona hauek Europar Batasuneko kide den herrialde bateko herritar gisa, osasun sistema publikoa probesteko aukera izan beharko lukete, eta GKE Nafarroako Gobernuari hori konpontzeko exijitzen ari da.

Erroldarik gabeko arreta

Euguik proposamen bat egin du bazterkeria egoeran bizi diren pertsona hauei konponbide bat emateko. Bere hitzetan, aukera ona litzateke erroldan ez egon arren pertsona hauek Nafarroan bizi eta lan egiten dutela egiaztatzea, osasun txartela eskuratzeko.

Horrez gain, GKEko kideak gaineratu du osasun bazterkeriak eta gizarte bazterkeriak lotura estua dutela, eta honi amaiera eman behar zaiola. Osasun bazterkeriak gizarte bazterkerian sakontzen duela eta hori kronifikatu dezakeela salatu du, osasun sistema publikora sarrera ez duten pertsona horiengan estigma berriak sortu eta indartzeko arriskuarekin.

Jaurlaritza Logoa