Live

Maria Laespada

Gerrari ihesi: haurren erbestea

Oroimenaren geltokia saioaren lehen atalean gerrako haurrak izan ditugu hizpide, garaiko artxiboko dokumentazioari eta protagonisten testigantzen hariari tiraka. 

Gerrari ihesi: haurren erbestea

Loading player...
Gorlizeko erietxeko umeak Baionara heltzen.
Gorlizeko erietxeko umeak Baionara heltzen. (Jesus Elosegui Irazusta | Aranzadi Zientzia Elkarteko Artxiboa)

Gerra hasi zen unetik milaka herritarrek euren etxea utzi behar izan zuten, frontearen aurrerapenari ihesi. Guzti horien artean, umeak izan ziren kolektibo zaurgarrienetako bat. Gerrak ekialdetik mendebaldera egin zuen eta norabide bera jarraituz, gerraren lehen uneetan hainbat gipuzkoar Bizkaiara joan ziren. Mugimendu horien arrastoa testigantzetan bezala, dokumentuetan somatu daiteke, Hernanin, esaterako, 1936ko abenduko udal erroldak jasotzen zuen 2.300 herritar kanpoan zeudela.

Hilabeteek aurrera egin ahala egoera okertuz joan zen, janari eskasiak eta bonbardaketek populazio zibilaren beldurtzea ekarri zuen. Garaiko Euzko Jaurlaritzaren babesarekin, harrera egin zuen lurraldea irteera-leku bilakatu zen, haurren ebakuazioa antolatuz. Lehenengo deialdian, 5 eta 12 urte bitarteko umeak aldi batez atzerrira bidaltzea proposatu zen. Interesa berehala agertu zen, aste bakarrean 1.600 eskaera baino gehiago aurkeztu ziren, espedizioak asumitu ahal zituen umeen hirukoitza.

Bonbardeaketen gorakadak ezinegona areagotu zuen, eta Euzkadiko Gobernuak ebakuazio handiago bat jarri zuen martxan. Gurasoek seme-alabak bidaltzeko eskaera formala egin behar zuten, ostean, hitzordua ematen zitzaien, bertan, umeei azterketa medikoa egin eta identifikazio zenbakia zeraman bereizgarri bat jartzen zitzaien. Azkenik, ontzietan sartzen zituzten helmuga ezberdinekin. Habana, Pilton edo Goizeko-Izarra izan ziren erabilitako ontzietako batzuk. Ontzirik ezagunena Habana izan zen, Santurtzitik hiru bidaia handi egin baitzituen, gero eta haur gehiago eramanez. Maiatza eta ekainean egindako espedizioetan soilik, 19.000 haur inguru atera zituzten.

1937ko maiatzetik aurrera, milaka haur ebakuatu zituzten. Ikerketek diote 32.000 haur inguruk bizi izan zutela ebakuazio edo erbeste esperientzia hori, nahiz eta kopuru horri familiekin edo bestelako modu batzutan alde egin zutenak ere gehitu behar zaizkion. Helmuga nagusia Frantziako Estatua izan zen; baina Belgika, Britania Handia eta Sobietar Batasuna ere funtsezko harrera guneak izan ziren. Horiez gain, Suitzak, Mexikok edo Danimarkak ere haur batzuk hartu zituzten.

Espedizio hauen hasiera antolatua izan zen arren, itzulerak anitzak eta konplexuak izan ziren. Haurrak bueltatzeko beharrezkoa zen familiaren «eskaera», hainbat kasutan egonaldiak luzatzea eragin zuen horrek, edo inoiz ez bueltatzea.

Ume hauekin batera joandako helduen lana ere ezinbestekoa izan zen. Gehienak andereñoak, erizainak eta zaintzaileak izan ziren. Haien eginkizuna funtsezkoa izan zen haurrak artatzeko, babesteko eta eguneroko bizimoduari nolabaiteko egonkortasuna emateko. Hala ere, ez zuten guztiek jarrera bera izan, eta kasu batzuetan, Gorlizeko erietxeko umeekin joandako taldearen kasuan adibidez, umeak atzean utzita alde egin zuten.

Denbora luzez isilean egon den historia da hau. Baina artxiboak irekitzeak, testigantzak biltzeak, ikerketek aurrera egiteak eta irratian honi buruz hitz egiteak argitara ekarri dute gerrako haurren erbestea.

Jaurlaritza Logoa