Live
«Gardentasun eta informazio falta etengabea da»
Greba mugagabean jarraitzen dute Amurrioko Tubos Reunidoseko langileek Lan Erregulazio Txostenaren kontra. Enpresak hartutako neurriak ulergaitzak zaizkie eta erakundeek zabaltzen duten informazioaren berri jakiteko bilera dute. LABeko Oier Bidaurrazagak epaitegietara joko dutela aurreratu du.
«Gardentasun eta informazio falta etengabea da»

Tubos Reunidoseko enpresa batzordea Elena Perez Barredo Lakuako Enplegu sailburuordearekin bilduko da asteazken honetan, enpresan sortu den krisia konpontzeko laguntza eskaera luzatzeko. Oier Bidaurrazaga Amurrioko lantegiko LABeko ordezkariak NAIZ Irratian eman du langileen asmoen berri.
Perez Barredori eskatuko diote Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietatearen inguruan duen informazioa haiekin partekatzea, instituzio guztiek adierazi dutelako haiekin dagoela zorrik handiena. Hori dela eta, auzi hori nola doan jakin nahi dute, hots, zorraren berregituratzearen nondik norakoak ezagutu gura dituzte. Era berean, egon daitezkeen kanpo inbertsioen inguruan ere itaunduko dute sailburuordea.
Bidaurrazagak adierazi du ez dakitela langileak kaleratze gutunak jasotzen hasi ote diren. Hori dela eta, greba mugagabean jarraitzen dute, mobilizatzen. «Hori da orain tokatzen zaiguna», azpimarratu du.
Erregulazio txosten honen bueltan jakin zen behin-behineko 44 langile egoera irregularrean zeudela. Gaiaz galdetuta, LABeko ordezkariak azaldu du Lan Ikuskaritzak hauteman zuela kontratuok lege iruzurrean zeudela eta, ondorioz, kontratu mugagabeak egin dizkiete. Nabarmendu du enpresak ‘bolondres zerrenda’ bezala izendatu duen horretan 44 langile horietako bik baino ez dutela izena eman.
Lan Ikuskaritzak esku hartu izanaren ondorioz, langile horiek kaleratzen badituzte langile finko bezala bota beharko dituzte eta, printzipioz, ez dutenez bolondres irteteko haien burua aurkeztu, gainontzeko beharginekin batera jarraituko dute enpresan lanean.
Bidaurrazagak azaldu duenez, ELAk eta ESK-k egin bezala, LABek ere epaitegietara jotzeko bidea hasi du. Izan ere, enpresaren itxierarekin eta logistikako langileen kaleratzearekin lotuta informazioa behar bezala eman ez izana leporatzen diote zuzendaritzari. Halaber, asmo txarrez jokatzea ere egozten diote, aktak berandu eman dizkietelako sarritan eta beste batzuetan eman ere ez dizkiete egin, besteak beste.
Enpresaren zuzendaritza egoera ekonomikoa benetan dena baino okerragoa bailitzan aurkezteko saiakera egiten ari dela adierazi du LABeko ordezkariak. Zehaztu du, funtsean, enpresak dituen arazoak bi direla: «Batetik, zorra, datorrela 2008an egin zuten mailegu eskaera famatu horretatik, non 170.000 milioi eskatu zituzten (Estatuko Industria Partaidetzarako Sozietateari) Condesarekin fusio bat egitearen aitzakiarekin; bestetik, Tubosen merkatu handiena Estatu Batuetan zentratu dela, mundu mailan dibertsifikatu barik».
Azpimarratu nahi izan du arazo bi horiek eragin dituzten erabakietan langileriak ez duela zer ikusirik izan. «Pentsatzen dute ronda hau langileek ordaindu behar dutela eta guk hori ez dugu onartzen», nabarmendu du. Halaber, kritiko agertu da enpresak zorra kitatzea eskatu izanarekin, eta hobeto iruditzen zaio ordaintzeko erraztasunak eskatzea.
Era berean, uste du enpresak bi lantegietako, hots, Trapagarango eta Amurrioko langileak elkarren aurka jartzeko ahaleginak egin dituela, nahiz eta ez duen lortu. Izan ere, langile batzuei beste batzuek botatzearen alde edo aurka bozkatzeko aukera eman die, besteak beste.
Egoera horrela, arratsalde honetan egitekoak diren bileran zalantzak argitu eta informazio jasotzeko parada izatea espero dute.



