Live
Museoen unibertsoan barrena bidaiari
Museoen hilabetea da martxoa eta Bidaiari saioan jarraitu beharreko ibilbidea osatu dugu. Europako hainbat museotatik abiatu eta etxean amaituko dugu bidea.
Museoen unibertsoan barrena bidaiari

Martxoa hasi berria dugun aste honetan, museoetako korridoreetan zehar galduko gara euren bitxikeriak eta egungo eskaintza deskubritzeko asmoz. Artea, historia, gastronomia, eta azken finean, Kultura usaina airean sumatzen da. Martxoa izaten da museoen hilabetea, gure inguruan barreiaturik dauden hainbat eta hainbat museok, udaberriaren hilabete honetan, programazio berria estreinatzen dutelako.
Horregatik, museoetara bidaia proposatzen dizuegu, baina ez da edonolako bidaia izango: Aurrena, Europako hainbat museo bisitatuko ditugu. Bitxiak eta bereziak dira eta gainera ezezagunak. Ondoren, Euskal Herrira itzuliko gara euskal museoen unibertsoan barrena bidaiatzeko.
Martxoko hasierako egunak aproposak dira museoen agendak jorratzeko eta proposamen berriak aztertzeko. Kulturaren poliedroaren zaindari isilak ezagutzera gonbidatzen zaitugu gaurkoan.
Museoetara hurbiltzeko hamaika arrazoi
Zaharkituta geratu da erakusleihoen atzetik begiratu, ukitu gabe eta isilik ibili beharra. Museoak bisitatzea esperimentatzea da, eskuak zikintzea, lupak erabiliz aztertzea edota artelanaren egilearekin zuzeneko elkarrizketa izatea. Laburbilduz, museoak toki interaktibo bilakatu dira eta museoetara egiten diren bisiten funtsa jakin-mina aktibatzean datza gizakiaren esentziarekin konektatzeko.
Ikuspegi berri honetatik abiatuta, inork gutxik ukatuko du museoek gizakiak aberasteko duten ahalmena: Enpatia areagotzen da: Inoiz ezagutuko ez ditugun pertsonen errealitateak, garaiak eta arazoak gerturatzean, gure «burbuila» indibidualista hautsi egiten delako. Pentsamendu kritikoa sustatzen da, berriaren aurrean jakin-mina aktibatzen delako eta, ondorioz, burmuina lanean hasten da hamaika galdera sortuz: Zergatik egin zen hau? Zenbat denbora behar izan zuten? Zer lortu nahi zen? Museoek gainera, badute rol berezi eta garrantzitsua memoria historikoaren berreskurapenean. Gizarteek euren atal ilunenak ahazteko joera dute eta horren aurrean, museoek ebidentziak dokumentatu, kontserbatu eta erakusten dituzte, negazionismoaren aurkako antidoto gisa jardunez. Horrekin batera, museoak isildutako pertsonei nahiz kolektiboei ahotsa emateaz ere arduratzen dira, testu-liburu ofizialetan baztertuak edota isilduak izan ziren gutxiengo, emakume eta kolektiboen istorioak berreskuratuz.
Azkenik, aipatutako arrazoiez gain, museoak familian bisitatzeko leku gomendagarriak dira. Belaunaldien arteko elkarrekintza eta solasaldia sustatzen dutelako eta helduen eskarmentua haurrekin partekatzeko uneak eta giro egokia sortzen dituzten espazioak direlako.
Bizitzan behin bisitatu beharreko Europako museoak
Jarraian, bizitzan behin bisitatu beharreko Europako hainbat museo hizpide izango ditugu. Bai bitxiak direlako, bai naturarekin lotura berezia sortzen dutelako edota urrunak eta misteriotsuak direlako. Seguru gaude hurrengo proposamenak ez zaituela epel utziko. Deskubrituko al ditugu elkarrekin?
HR Giger museum edo Alien filmaren museoa
Bidaia honetako lehen geldialdiak Gruyères herrira garamatza. Suitzako Friburgoko kantoian dago, Saane ibaiaren haranean. Herriak, mendixka baten gainean eraikita eta Friburgoko Alpeetako tontor ikusgarriaz inguratuta , kokapen ezin hobea du.
Erdi-Aroko herri txiki hau zerbaitegatik ezaguna bada, munduan sona handia duen gaztari izena emateagatik da. Herria, gainera, ondo kontserbatutako Erdi Aroko benetako harribitxia da. Bere gaztelua, Château de Gruyères, muinoaren gailurrean dago. Suitzako gaztelu ospetsuenetako bat da eta 360 graduko ikuspegi panoramikoa eskaintzen du. Herriko herrigunea oinezkoa da erabat, harrizko kaleak eta XV. mendetik XVII. mendera bitarteko etxeak ditu. Bere kaleetatik paseatzen, bat-batean Gruyères herria misteriotsu eta apur bat tetriko bilakatzen da. Herrian H.R. Giger artista suitzarraren museo ofiziala dago, Alien filmean izakiaren diseinua sortu zuena.
Museo hau esperientzia murgiltzailea da eta, askorentzat, aztoragarria. H.R. Giger suitzar artistaren obrari eskainita dago, ‘Alien’ filmean estetika biomekanikoa eta munstroaren diseinua sortu zituen jeinu ameslariari.
Museoa 400 urteko St. Germain gazteluan kokatuta dago. Kapotik, bi metroko lodiera duten hormek babesten duten bitartean, barruan, Gigerren munduko bilduma iraunkor handiena aurkitzen da: aerografoarekin egindako pinturak, eskulturak, altzariak eta diseinu zinematografikoak.
Filmeko material asko dagoen arren, bisitariek sumatuko dute ‘Alien’-en arteak, ironikoki, museoaren alderdi «leunena» erakusten duela. Gigerrek haragia makinarekin bateratzen duten askoz gai ilun eta esplizituagoak aztertzen dituelako.
Bitxia bada ere, museoaren aurrez aurre HR Giger Bar taberna ospetsua dago: ‘Piztiaren sabela’. Artelan bat da berez, taberna osoa artistak berak diseinatu zuelako filmaren girotze berarekin apainduz: Sabaiak, ornodun arkuz osaturik daude, munstro estralurtar baten kaxa torazikoaren barruan egotearen sentsazioa emateko. Aulki eta mahaiak, harrizko hezurren eta pelbisen forma hartzen dute... Esan genezake egon gaitezkeen tokirik arrotzenetako bat dela, bere landa-ingurunearekin guztiz kontrastatzen duelako eta, museoa izan gabe, filma barrutik biziarazten digulako. Ez galdu aukera, une batez ikustera sartzen bazara ere. Guk oraindik gogoratzen dugu nolakoa den aulki haietan eserita egotea.
Derwent Pencil Museum, historia arkatzez idatzita
Eskolan, denbora luzez egoten nintzen begira biderkatzeko taulak azalean margotuak zituen arkatzari. Ez zenbaki haiek behar nituelako, oraindik txikiegia nintzen matematika eragiketa haiek ebazteko; baizik eta egunean zehar hainbestetan erabiltzen nuen tresna hark izugarrizko jakin-mina sortzen zidalako.

Badirudi, txikitako pasarteak, askotan, behin eta berriro gogora etortzen direla; olatuak itsas ertzera bezala. Horregatik, Lake Distrit eskualdera bidaiatzea erabaki nuenean, ikusi beharreko lekuen zerrenda luzean Derwent Pencil Museum idatzi nuen.
Lakuen barrutia edo Lake Distrit ingelesez Ingalaterrako ipar-mendebaldean kokatuta dago. Erresuma Batuan gehien bisitatzen den parke nazionala da. Natura basatia, literatura eta landa-ondare aberatsarekin nahasten den lekua da, beraz, ez da harritzekoa UNESCOren Gizateriaren Ondare izendapena izatea.
Bidaiarientzat hain erakargarria suertatzen den barruti honen bihotzean Derwent Pencil Museum aurkitzen da, Keswick herrian. Museo honek, arkatzaren industriaren historia kontatzen du 1550eko hamarkadan sortu zenetik. Grafitozko aztarnategi erraldoi bat aurkitu ondoren, XVI. Mendean, Borrowdale bailaran, lehen arkatza asmatu zen.

Seathwaiteko jatorrizko grafito-meategiaren erreplika bat zeharkatu bisita hasten da, industria sorrarazi zuen urre beltza nola ateratzen zen ulertzeko. Barruan, munduko arkatzik handiena zain dugu, ia 8 metro luze eta 200 kilogramoko pisua duena.
Grafitoaren aurkikuntza azaltzen duen istorioa interesgarria da:
1500. urte inguruan, Borrowdalen grafitozko aztarnategi puru bat aurkitu zen, karbono askokoa. Diotenez, ekaitz batek haritz zahar bat bota zuen eta inguruan agertu zen substantzia beltza artzainak euren artaldeak markatzeko erabiltzen hasi ziren. Hasieran, grafito solidoa ardi-larruz biltzen zen, eta harekin marrazten zen zuzenean. Lehenengo arkatzak XVI. mendearen erdialdean egin ziren. Simonio eta Lyndiana Bernacotti italiarrek, XVIII. Mendean, zurezko estaldura asmatu zuten arte.
Grafitoaren aurkikuntzaz gain museoak hainbat bitxikeria erakusten ditu, adibidez, Bigarren Mundu Gerran, Keswickeko arkatzen fabrikatzaileek jaso zuten mandatua: britainiar hegazkinlariei harrapaketa saihesten lagunduko zien lapitz sekretu bat diseinatzea eta fabrikatzea. Arkatzek, itxura arruntekoak, latoizko iparrorratzak ezkutatzen zituzten miniaturaz; hala nola, Alemaniatik ihes egiteko bideak erakusten zituzten zetazko paperezko mapak, estu-estu bilduak.
Museoa bisitatzeaz gain, Keswick merkatu-hiri xarmangarria da, aproposa mendizaleentzat eta Lake Distriteko iparraldea esploratzeko oinarri ezin hobea.
Abenturazalea bazara, erne jarraitu, gonbidatuta zaudelako hurrengo abenturan sartzeko gurekin. Bidaide bikainak gara, baina aparteko lekuak eta bitxikeriak maite ditugu. Horregatik, hurrengo museoa bisitatzeko bidaiak Eoliar uharteetara eramango gaitu, Lipari uhartera hain zuzen. Haraino iristeko, Capo Milazzotik ferry bat hartu beharko dugu, autokarabanaz bidaiatuz gero; bidaiarientzat, berriz, hidroalas itsas-garraio bizkorra.
‘Luigi Bernabò Brea’, eoliar uharteetako museo nazionala
Eoliar uharteetara bidaiatzea erronka txiki bat da, bereziki autokarabanaz joanez gero. Baina egia bihurtutako ametsa dela esan behar da: hondartzak, esna jarraitzen duten sumendiak, arrantzaleen herri xumeak, begiratoki txundigarriak... Ez da harritzekoa eoliar uharteak Gizateriaren Ondare izendapena izatea. Paisaiengatik eta natura basatiarengatik liluratzen duen lekua da.

Lipari Eoliar artxipelagoko uharterik handienetako bat da, eta bizitza komertzial oso aktiboa du. Hala ere, portuaz eta jatetxeez gain, ezinbestekoa da Zitadela bisitatzea, eta horren barruan, Eoliar Museo Nazionala. Leku horren historia ezagutzeko 1.544.urtera atzera egingo dugu, Bizargorrik hiriari eraso egin zionean. Eraso hartan, uharteko gizonezko guztiak hil zituzten; emakumeak, berriz, esklabo gisa saltzeko hartu zituzten preso. Eraso haren ondorioz, garaiko agintari espainiarrek hiria gotortu zuten eta gaur egun ‘Gaztelua’ izenez ezagutzen den gotorlekua eraiki zuten.
‘Luigi Bernabò Brea’ Museo Arkeologiko Eoliarra Mediterraneoko museo arkeologiko garrantzitsuenetako bat da, eta Liparin nahitaez bisitatu beharrekoa. Lipariko Gazteluaren gune ikusgarrian dago, hiriaren eta itsasoaren ikuspegi zoragarriak eskaintzen dituen akropoli natural batean. Museoa hainbat eraikin historikotan banatuta dago gazteluaren esparruaren barruan, kronologikoki eta gaika antolatuta. Oso museo interesgarria da, baina zerbait aipatu behar bada, horiek urpeko arkeologiari eskainitako gela eta antzerki-maskaren bilduma dira.
Urpeko arkeologiari eskainitako aretoa harrigarria da. Bertan, piramide-formako egitura handi batean antolatuta, hondoratzeetatik berreskuratutako ehunka anfora daude ikusgai; egitura horrek itsasontzien upeltegietan zuten jatorrizko kokapena gogorarazten dute eta aretoaren erdian ikustea bitxia suertatzen da. Horrek bisitaria harrituta uzten badu, ez da ezer antzerki-maskarek sortzen duten zirrararekin. Museoak munduan parekorik ez duen terrakotazko maskaren eta antzerki greziarrari lotutako tragedia eta komedia estatuatxoen bildumak biltzen ditu. Lipariko nekropolian aurkitutako pieza horiek K.a. IV. eta III. mendeetakoak dira. Harrigarria, ezta?
Bisitariak ez du inondik espero halako maila erakusten duen museoa hain uharte txikian topatzea.Beraz, bizitzan behin Eoliar uharteak bisitatuz gero, ezinbestekoa da.
Euskal Herriko museoen unibertsoan barrena
Nork esan du museoak aspergarriak direla? Euskal museoak benetako erakusleihoak izatetik leku dinamikoak izatera igaro dira, non bisita antzeztuak, hitzaldiak, familientzako tailerrak eta esperientzia zerrenda luzea antolatzen diren. Guzti hori, ondarearen eta memoriaren zaindari jeloskorrak izateari utzi gabe. Zientziaz, historiaz eta arteaz gozatzen baduzu, gera zaitez gurekin hurrengo minutuetan Euskal Herriko museorik bitxi eta interesgarrienetara bidaiatuko dugulako.
Arnaga etxea, Edmond Rostanden ametsetako etxea
Kanbo Ipar Euskal Herriko barnealdeko harribitxietako bat da. Lorategi-hiri gisa ezagutzen da nagusiki eta eskualdeko estazio termal bakarra izateak itxura dotore, lasaia eta oso berdea ematen dio. Herriak bidaiariaren egarria asetzeko sobera interesgune ditu, baina Villa Arnaga Museoa nahitaez bisitatu beharrekoa da.

Villa Arnaga joan den mendeko idazle handi baten ametsa izan zen, Edmond Rostandena, ‘Cirano de Bergerac’ obra ezaguna idatzi zuen idazle berarena. Dena hasi zen Edmond Rostand Kanbora, 1900eko udazkenean iritsi zenean, biriketako gaixotasun larri baten tratamendurako. Eskualdean egin zuen egonaldiaren ondorioz, bi urte beranduago itzuli zen, Kanbon modu iraunkorrean finkatu zen bere ametsetako etxea eraikitzeko asmoz.
Dramaturgoak Arnaga izeneko muinoan lursaila erosi eta bertan hainbeste desiratzen zuen etxea eraikitzeari ekin zion. Euskal estiloko etxe neo-klasikoa hiru urtetan baino ez zen eraiki (1903-1906). Eraikuntza prozesuan kanpoko konposizioaren zein barruko dekorazioaren xehetasun txikienak zaindu ziren eta gaur egun Rostand familiaren etxea objektu pertsonalez beteta dago garai hartako aberastasunaren seinale.
Etxe erraldoi honen inguruan, Edmond Rostandek berak 15 hektarea baino gehiagoko lorategi multzo bat sortu zuen, frantses estiloko nahiz ingeles estiloko lorategiak barne hartzen dituena. Lorategietan paseatuz, Versailles txiki batean bagina bezala, pergolak, urezko ispilu handi bat, iturri lerrokatuak edota frantsesez orangerie izeneko negutegi moduko eraikin bat aurki ditzakegu.
Eraikina ‘Etxe nabarmen’ gisa kalifikatuta dago, monumentu historiko gisa sailkatuta dago. Gainera inguratzen duen lorategiak lorategi bikainaren zigilua dauka, eta baita hainbat zuhaitz nabarmen ere, horien artean Atlaseko zedro bat eta Norvegiako izei bat. 1960an, Udalak etxea erosi zuen eta Edmond Rostand Museoa eratu zuen. Ondoren, 1995ean monumentu historiko bilakatu zen.
Etxe eder honen atarian honako hitzak irakur daitezke:
Gure argi zuria partekatzeko zatozen hori
zeruertz aldakorren jaian jesartzeko,
Zure bihotzarekin baino ez sartu, ez ekarri ezer mundutik
eta ez ezazu konta jendeak dioena
Iturriz, lorez eta zuhaitz-ale ederrez betetako lorategietatik paseatzeak eta garai hartako luxuzko objektuez betetako gelak bisitatzeak eskualde honetako bisita preziatuenetako bat bilakatu du Villa Arnaga. Museoa bisitatu ondoren, Kanbo herriko gastronomiaz gozatzeko gonbita luzatzen dizugu: euskal pastel puska bat katiluan zerbitzatutako txokolate batekin zazpigarren zeruraino eramango zaitu.
Sagardoetxea, euskal sagardoaren museoa
Astigarraga oso herri berezia da, bere bizitza sagardogintzaren inguruan jira-biraka dabilelako. Kale Nagusiaren alaitasunak urtean zehar piztuta irauten du, herriko jai eta ospakizunen epizentroa izanik Handik bi pausotara Sagardoetxea dago: Euskal Sagardoaren Museoa.
Astigarragak bisitari asko jasotzen ditu, Usurbil, Hernani eta hiruren artean Gipuzkoako sagardotegi gehien pilatzen duen espazioa delako. Horregatik, sagardotegien menuaz, festa eta parrandaz gozatzera bisitari ugari joaten da, han egiatxo baten gainean, Sagardoetxea, euskal sagardoaren tenplua dagoela ohartu gabe. Sagardoetxea, ordea, sagardoaren kulturaren zatitxo bat da eta hasiera bikaina hain errotuta dagoen ohitura hau ezagutzeko.
Sagardoaren museoan sagastia bisitatzeaz gain, sagar motak eta euskal sagardoa ekoizteko kanonak ezagutzeko aukera dago. Ba al zenekiten bertako 120 sagar mota ditugula sagardoa egiteko? Museoaren inguruan zabaltzen den sagastian 70 sagar mota dago landatuta. Baina, sagardoa ez dela edari modernoa jakin arren, inork gutxik pentsa dezake Euskal Herriko sagardo ekoizpenari buruz hitz egiten duten lehen dokumentuak XI. mendekoak dira. Bada, bitxikeria hori eta beste batzuk deskubrituko ditugu museoaren korridoreetan paseatuz . Bukaeran, ez gara joango sagardo, muztio edota sagarraz egindako likorea dastatu gabe.

Sagardoetxea urte osoan zehar irekita badago ere, irailaren erdialdean, Astigarragan Sagar Uztaren Festa ospatu ondoren, udazkeneko programa martxan jartzen du. Udazken osoan zehar familientzako eskaintza berezia dago museoan, haurrak nahiz helduek sagardogintzaz gozatzeko. Zertan datza? Udazkeneko bisita gidatuetan, aurrena, Sagardoetxea inguratzen duten sagastietan sagarrondoaren ezaugarriak eta sagar motak ezagutzeko aukera dago. Bertan saskiak eta kizkiaz lagunduta haur nahiz helduek eroritako sagarrak jasotzen dituzte eta egurrezko gurditxoan museoaren aurreko aldera garraiatuko dituzte. Ondoren, jasotako sagarrekin kirikoketa egiten da, kantu eta guzti. Haurrek bereziki gozatzen duten unea da eta gurasoek argazkilari lanetan izaten dira. Jarraian, Matxaka eta prentsa erabiliz muztioa ateratzen dute botilatxoetan banatzeko.
Berehala sormenaren unea dator txikienentzat. Euren muztioa duen botilaren etiketa margotu eta apaintzen duten bitartean, gurasoek sagardo kata batez gozatuko dute sagardoen berezitasunak ezagutzeko. Tailerra eta kata binomio bikaina suertatzen da familia osoa handik pozik irteten delako.
La Encartada fabrika-museoa: Indianoen ametsa
1199an Balmaseda sortu zen, Bizkaiko lehen hiribildua,eta hori agerian geratzen da herriko txoko bakoitzean. Goi-lautadaren eta itsasoaren arteko merkataritza-gune estrategiko izan ziren hirien itxura dotorea du, eta horregatik sortu zen hemen ehungintza.
Mexikon dirutza egin zuten 5 indianok, horietako hiru Balmasedakoak, La Encartada fabrika sortu zuten 1892an. Fabrika 100 urtez egon zen aktibo eta urte horietan artilea landu zen hainbat artikulu egiteko: Txapelak – haren produktu nagusia –, mantak eta oihalak, eskularruak, bufandak, biserak, eta jakina, matazak eta harilkiak. Guztia artilezko puntuan eta eskuz egiten zen; beraz, langile gehienak emakumezkoak ziren eta familiak enpresak berak eraikitako etxeetan bizi ziren; orduan, ura, argindarra eta komuna zituzten. Lantegiaren inguruan eraikitako langile-auzo txiki horretan gainera kapera eta eskola zeuden.
2007tik La Encartada Fabrika-Museoa industria-museoa da. Eraikinak, makineria eta langileen etxeak industria-ondare baliotsuak dira. La Encartadaren balio handienetako bat makineria-bilduma aparta da, gehiena ingelesa, XIX. mendearen amaierakoa eta XX. mendearen hasierakoak. Ia osorik gorde ditu bere irudia eta hornidura teknologikoa, eta osorik mantentzen ditu ere produkzio-prozesuko elementu guztiak. Fabrikak 1992an itxi zituen ateak museo bihurtzeko, eta denbora luze igaro den arren, jatorrizko makineria du protagonista: museoak berreskuratu dituen eta oraindik martxan dauden hogei makina baino gehiago.
Makinen artean, egurrezko zoruen gainetik paseatzeak, eta leihotik begiratzeak, langileen etxeen ikuspegiarekin topo egiteko, oso modu erromantikoan garamatza industria-iraultzaren hasierako garaietara. 2026ko urtarrilaren 10ean 19 urte ospatu zituen fabrika-museo gisa. Gure Industria Ondarearen adibide nabarmena da eta zalantzarik gabe bisitatu beharrekoa.
Badakigu bidaia honetan, museo asko utzi ditugula bidean eta Euskal Herriak gordetzen duen aberastasun kulturalaren erakusgai txikia besterik ez dela. Hala ere, espero dugu hizpidera ekarritakoak interesgarriak suertatu izana eta inspirazio gisa hartzea museoak bisitatzeko matxoan eta baita urte osoan zehar ere. Museoetan asko dago eta ikusteko, gozatzeko eta bizitzeko.


