Live
Diskoaren sorkuntza prozesuan murgildu zirenetik argi zuten gauzak modu landuagoan egin nahi zituztela. «Hori zen publikoari eskaini nahi geniona eta lehen aurkezpen kontzertu hauetan jasotzen ari garen berotasunarekin eta maitasunarekin oso asebeteta sentitzen gara».
Beldurrak lan berrian duen presentziaz ere aritu dira Neomakeko kideak. «Gaien inguruan jende gehiagorekin bat egin dugu. Beldurra oso presente dago jendearen egunerokoan. Zure barrutik ateratako zerbait jende gehiagorekin elkarbanatzen duzula ikustea ederra da».
Tradizioa ez dute zama modura ikusten. «Tradizioak irauteko modua ez da tinko eta gogor irautea. Tradizionala gustatzen zaionak, une batean kritika egingo digu baina aldi berean, trikitixa zer zen ez zekien jendea ere hurbildu zaigu».
Datorren larunbatean, martxoak 7, Victoria Eugenian emango duten kontzertura begira jarrita daude taldekideak. Antzokietan egin dituzten aurkezpen kontzertu bira ixteko modua izango da eta «oso eskertuta» daude leku horretan hirugarren aldiz aritzeko aukera izango dutelako. Emanaldi berezia izango dela aitortu dute. «Gonbidatuak izango dira, agian guk lehenago zuzenean jo ez dugun kanturen bat entzuteko aukera izango da, publikoan jende asko egongo da baina ikuskizunean ere jende askok hartuko du parte eta oholtzan egongo ez den jendeak ere hartuko du parte emanaldian».
Entzun Neomakeko Alaitz Eskuderorekin, Leire Etxezarretarekin, Irati Gutierrezekin eta Garazi Otaegirekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.


