Live

Peli Lekuona-Lander Martinez

Joxerra Bengoetxea: «Proiektu asko ditugu gure programan betetze aldera»

Joxerra Bengoetxea EHUko errektorea NAIZ Irratian izan da ostiral honetan. Pasa den urteko bilanari begira, urte oso intentsoa izan dela eta gorabehera batzuk izan dituztela azaldu du, batzuk esperotakoak, besteak ez.

Joxerra Bengoetxea: «Proiektu asko ditugu gure programan betetze aldera»

Loading player...
Joxerra Bengoetxea NAIZen
Joxerra Bengoetxea NAIZen (NAIZ)

Azken urtean Euskal Herriko Unibertsitateak hainbat gorabehera pairatu ditu, itzalaldia edota aurrekontu falta besteak beste. Joxerra Bengoetxea EHUko errektorea NAIZ Irratian izan da, datozen erronken berri eman eta egindako lanaren bilana egiteko.

Bengoetxeak 2025a «oso intentsoa» izan dela aitortu du, eta dezente gorabeherari aurre egin behar izan diotela, batzuk esperotakoak, eta besteak ez. «Inork ezin zuen iragarri apirilaren 28an horrelako itzalaldia izango zenik, horri aurre egin behar izan genion. Gero, OPEak ez zuen espero genuen eragina izan, horrekin gure langileen heren bat mugitu behar izan zen».

Dena den, errektorea baikor agertu da egindako lanarekin. Programako hainbat punturi heldu dietela eta erantzuna ematen asmatu dutela azpimarratu du. Besteak beste, ordezko irakasleak jardunaldi osoan kontratatzea edota segurtasunari begira Leioako kanpusean hasitako obrak. Orain aurretik geratzen diren programako beste proiektuetan lanean ari direla azaldu du, gutxi ez direnak.

Finantzaketa erdigunean

2025ean zehar mediatikoki entzute handiena izan duen elementua Lakuako Gobernuaren aldetik jasotzen den finantzaketa handitzearen eskakizuna izan da. Bengoetxeak unibertsitate publikoan dituzten premiak eta beharrak ongi diagnostikatu dituztela azpimarratu du, eta txosten bat egin dutela horiekin estrategia zehatz bat abian jartzeko.

«Behar horiekin kopuru bat kalkulatu dugu eta horrek  aurreikusitako aurrekontua baino kopuru handiagoa suposatzen du». Txostenean hori kaleratu eta eskakizunak egin zituztela adierazi du, etorkizunera begira diagnostikoan eginiko beharrei erantzuteko.

Egindako eskakizunen harira lanean ari direla azaldu du EHUko errektoreak. «Marko bat sortu dugu negoziatzeko. Beharren artean azpiegiturak, eraikinak... ditugu, baina baita ere oso beharrezkoa den digitalizazioa eta pertsonak atenditzeko beharra. Badira ere soldata arrakalak, arreta integralerako zerbitzua edota pertsonal teknikoaren falta besteak beste».

Bengoetxeak erakunde publikoari auditoria egitean aurrera egiteko aukera izango dutela azaldu du, hori markotzat hartu eta negoziatzen jarritzen lagunduko dielakoan, eta haien borondatea arazoak konpondu eta Lakuarekin adostasunera iristea dela gaineratu du. 2027rako aurrekontuei begira lanean ari direla nabarmendu du Bengoetxeak, «diagnostikoan oinarrituta beharrak eta premiak zerrendatuta negoziatzen eta adostasunetara iristeko asmoarekin».

Unibertsitateen Legeak BPGren %1a unibertsitateetara bideratu behar dela jasotzen du; errealitatean inbertsioa kopuru horretatik urrun geratzen da, eta horren gainean galdetuta, Bengoetxeak helburu bat finkatzeko balio duela esan du, baina haiek nahiago dutela begirada premiak zein diren atzeman eta horiei erantzuna ematean jarri. 

Lan-gatazka eta azpiegitura berriak

2025ean zehar ere enpleguak eta beharrezko azpiegituren gabeziak entzute handia izan dute, eta EHUk gainditu beharreko erronken parte izan dira. Enplegu aferaren barruan, ordoezkoen gaiak hartu du garrantzi gehien, jada konponduta dagoen arazoa. Unibertsitate Legeak langile horiei jardunaldi osoa ezin zitzaiela eskaini jasotzen zuen, Bengoetxeak honen aurrean irakurketa desberdina egiten dutela azaldu du.

«Guk legearen beste interpretazio bat egin dugu, uste dugu guztiz onartzen duela testuak lege horren xedea ikusita. Teknikoki aztertu dugu eta legeak ordezkoak batik bat dozentziarako kontratatzen direla dio, printzipioz ikerketa edo kudeaketarako ezin da kontrataziorik egin. Uste dugu dozentziarako ikerketa edo teknikoarekin lotuta irakaskuntzarekin jardu osoa eman daitkeela».

Bestalde, diagnostikoan identifikatutako elementuen artean beharrezko azpiegituren gabezia edo egoera kaskarra jaso zuten. Leioako EHUko liburutegiko barruko patioaren eta kiroldegiko pilotalekuaren kasuan lanak hasiak dira jada.

Leioako liburutegia arriskutsua zela azaldu du Bengoetxeak: «goiko pasarelak eraitsi egin dira segurtasunaren izenean. Xafla batzuk daude liburutegiko eraikin nagusian, arriskutsuak dira. Plataformak eraistean ikusi dugu ondoko eraikinen batek dardara egiten duela, eta 400 bat langile lekualdatu behar izan ditugu».

Erronkaz betetako lanak direla esan du EHUko errektoreak, eta eskerrak eman dizkie ikasle, irakasle, ikerlari eta gainontzeko langileei erakutsitako pazientzia eta ulermenagatik. Bien bitartean «kalitatezko eskaintza» ematen jarraitzen dutela azpimarratu du.

Azpiegituren artean, Basurtu inguruan eraikiko den Medikuntza Fakultate berria aurkitzen da. Bengoetxeak lanak aurrera doazela bai, baina horiek bukatzeko data finkorik emateko gaitasunik ez duela azaldu du. «Ez naiz data batera lotuko, baina espero dezagun etorkizun ez oso urrun batean prest egotea».

Digitalizazioa eta Adimen Artifiziala

Pasa den urtean aurkeztutako txostenean atzemandako gabezien artean, digitalizazioa nabarmendu zuen ere EHUko klaustroak. Bengoetxeak egun unibertsitatearen sail digitala «nahiko obsoleto» dagoela baieztatu du, eta ibilbide-orria abian dutela. «Gure asmoa sistema eraginkor eta errazago batera migratzea da. Gaur egun esaten da lagunkoiagoa izan behar duela».

Dena den sistema migratzea oso konplexua dela argitu du, bertan dagoena galtzeko arriskua dagoelako. Plataforma ezberdinak helburu desberdinetarako egin direnez, sistemak sakabanatuta daude, eta zailtasuna horiek bateratzean egongo litzake. «Migrazio hori nola egin, zein sistemara egingo dugun lantzen ari gara».

Bestalde, atzemandako beste erronketako bat Adimen Artifizialaren erabilera da, honek kexak eragin baititu irakasleen artean ikasleek lanak egiteko erabiltzen dituztelako. Errektoreak aitortu du ez garela jabetzen zer nolako aldaketa ekar dezakeen AAk bizitzaren arlo guztietan.

Adimen Artifizialaren inguruan, honakoa esan du Bengoetxeak: «Hor surfeatzen jakin behar da eta horretarako sistema hauek sortzen dituzten aukerak aztertu behar dira, baita arrisku eta mehatxuak ere. Hauen aurrean prebentzio eta defentsa sistemak jarri behar dira eta aldi berean aprobetxatu eta ekartzen dituzten onurak gureganatu».

Bengoetxearen ustez, ikasleei ezin zaie esan AA ez erabiltzeko, baizik eta «nola erabili eta zukutu» behar den erakutsi. «Interneten dagoen guztia ez da zuzena, agian AAk ematen duen emaitza ez da zuzena. Ikuspegi kritikoa eduki behar da, eta gaitasunak landu erabiltzeko». 

Ikaskuntzaren kalitatea aukera eta mehatxu horien artean egokitzen dutela azaldu du errektoreak, eta baliabide berrien erabilerarekin arduratsu jokatzeko deia luzatu du.

Jaurlaritza Logoa