Live

Peli Lekuona-Lander Martinez

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak hilketa matxistei aurre egiteko protokoloa berritu du

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak larunbatean jardunaldia egin du Zornotzan. Besteak beste, hilketa matxistei aurre egiteko protokolo berria aurkeztu dute, tresna biziagoa eta dinamikoagoa izateko helburuarekin. NAIZ Irratian izan dira Ariane Alberdi eta Zaloa Ibeas kideak honen berri emateko.

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak hilketa matxistei aurre egiteko protokoloa berritu du

Loading player...
EH Emakumeen Mundu Martxaren agerraldia Zornotzan
EH Emakumeen Mundu Martxaren agerraldia Zornotzan (Andoni Canellada | FOKU)

Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak hilketa matxistei aurre egiteko protokoloa berritu duela iragarri du larunbat honetan Zornotzan egin duten jardunaldian. Ariane Alberdi eta Zaloa Ibeas EH-ko Emakumeen Mundu Martxako (EHEMM) kideak NAIZ Irratian izan dira antzemandako arazoak azaltzen eta protokolo berriaren berri emateko.

Larunbateko ekitaldia gogoetarako baliatu zutela azaldu dute EHEMM-ko kideek. Alde horretatik, indarkeria matxistaren aurrean erantzun berriak bilatzeko beharra azpimarratu dute. Alberdiren esanetan «indarkeria eraldatzen den arren guk  indarkeria horri aurre egiteko modu desberdinak landu behar ditugu».

Ibeas zorrotzagoa izan da: «Kontuan hartu behar dugu, egun bizi garen sistema heteropatriarkal honek gure gorputz eta bizitzengan sortzen dituen indarkeria horiek guztiak oraindik ere presente daudela, zeharkatzen gaituztela, eta gainera forma berriak ere asmatzen ari dela, hor dugu  mundu digital guztia».

Bi ekintzaileak bat datoz indarkeria matxista eraldatu egin dela esatean, betiko indarkeriak hor jarraitzen duen arren, eta horren aurrean larunbateko jardunaldiko gogoeta garrantzitsua izan da, sortzen ari diren eraldaketa horien aurrean eman beharreko erantzuna ere moldatu eta eraldatzeko.

 Indarkeria matxistaren ardura

Arduraren inguruan galdetuta, Alberdik eta Ibeasek indarkeria matxista kasuetan orokorrean ardura agertzen duten bakarrak haiek eta beste kolektibo feministak direla tamaldu dute. Honen aurrean gizarte osoaren parte-hartze handiagoa eskatu dute. 

Honela azaldu du Alberdik: «Guk uste dugu Emakumeen Mundu Martxatik eta protokolo honetatik abiatuta, ardura batzuk ditugula, eta horiek betetzen saiatzen gara protokoloarekin, baina bai eskatzen duguna da bai gizarteari baita eragile sozial eta politikoei bakoitzak bere ardurak hartzea, baita gizonei ere, azkenean biolentzia denon artean eraikitzen den zerbait da, eta horren oso konsziente izan behar gara».

Erakundeen arduraren gainean, Ibeasek bitarteko falta salatu du. «Instituzioek ez dituzte bitarteko nahikoak ipintzen indarkeria pairatzen ari diren pertsonak egoera horretatik irteten laguntzeko, eta hori premiazko errealitatea da».

Indarkeria matxistari aurre egiteko beharrezko baldintzak jarri behar direla adierazi dute EHEMM-ko kideek, eta atzean ardura politikoa dagoela azpimarratu dute. Horregatik erakunde publikoek bitarteko material eta ekonomikoak jartzeko beharra ezinbestekotzat jo dute, indarkeria egoeran bizi diren pertsonei egoera horren aurrean laguntza emateko.

Memoria indibiduala eta elkarretaratzeak

Protokoloak berrikuntza gehiago ditu, tartean memoria indibiduala aldarrikatzea eta elkarretaratzeetan aldaketak planteatzea. Memoria indibidualari dagokionez, hori ariketa kolektibo batean oinarrituta egin behar dela azpimarratu dute. Hilketa matxistek auzoan, herrian zein inguruan eragina dute, eta horren aurrean gizarteak beste erantzun bat eman behar du.

Ibeasen esanetan «garrantzitsua da ulertzea horrelako erailketak ematen direnean, horiek noski inpaktu bat dutela komunitatean eta garrantzitsua da ere erailketa horien biktimekiko gogoeta egitea». Alberdik esan duenez, gogoeta hori ezinbestekoa da, askotan emakumearen izena atzean geratzen baita eta erailketa zenbaki hutsean geratzen delako.

Protokolo berriak elkarretaratzeetarako aldaketak planteatzen ditu ere, EHEMM-ko kideen ustez horiek tramite izaera hartzen ari baitira, aldarrikapen eta salaketa kutsua galduz. Ibeasek honela azaldu du: «Ikusten genuen erantzuna oso zurruna zela, tramite hutsean geratzen zela, eta erantzun horiek beste modu batean egiteko beharra antzeman dugu».

Alberdiren esanetan «uste dugu beste ariketa mota batzuk egin ditzakegula emakume horiek gogoan izateko. Ideia desberdinak protokoloan jasota daude, besteak beste performanceak, irakurketak, muralak... bakoitzak irudimena lantzeko aukera guztia dauka, eta gustatuko litzaiguke herri guztietan memoria ariketa horiek egingo balira, azkenean emakumeen izenak bestela beti atzean geratzen direlako».

Tresna berriak

Egungo egoeraren inguruan egindako berrikuntzekin protokolo zabala osatu dute. Gogoan izan behar da 2013an egin zutela lehen aldiz protokoloa, eta 2017an berregin zutela azkenekoz, gizartean eta ondorioz, indarkerian ematen ari ziren aldaketen aurrean.

Aipatutako baliabideez gain, protokolo berrituan Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak komunikatzeko eta antolatzeko baliabide berria iragarri du: Telegram kanal bat.

Ekintzaileek azaldu dutenez aurretik posta elektroniko bidez eta X sare sozialaren bitartez deitzen zituzten elkarretaratzeak eta zabaltzen zuten beraien informazioa. Telegram baliabide aproposagoa dela iritzi dute, momentuan bertan jakin ahal izango delako zerbait gertatu ote den eta protokoloa azkarrago aktibatu ahal izango delako. 

Telegram kanala abian dago jada irekian eta edozein sartu daiteke. Telegramen bertan Emakumeen Mundu Martxa bilatuz gero aurkitu daiteke, baita protokoloan ezarritako QR kodea eskaneatuz ere.

 

Jaurlaritza Logoa