Live

Pasa den abuztuaren 19an bete ziren 100 urte Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa (GEPF) sortu zenetik, eta ordutik frontoian uztartzen diren euskal kirolen aldeko lana egin du. Iñaki Lizaso Perez, federazioko presidenteak kirola izateaz gain, pilota euskaraz bizitzeko arnasgunea dela azpimarratu du.
«Pilota kirol gutxitua da, gure kirola da, askotan esaten dut, euskaraz bizi ahal izateko arnasgune gutxienetako da, eta gurea den heinean babestu eta sustatu behar dugula iruditzen zait».
Pilotan modalitate anitzak direla azpimarratu du, GEPF-tik frontoian uztartzen diren hainbat kirol badirela berretsi du Lizasok. Tartean, pasa den asteko trinkete txapelketa aitzaki, trinketeaz aritu da ere, eta badirela ere hau jokatzeko beste hainbat modu gaineratu du.
Trinketearen kasuan, espazio falta tamaldu du GEPF lehendakariak, Iruran Gipuzkoako trinkete frontoi nagusia izanik, lurraldean aukerak urriak direla adierazi du. Dena den, Gipuzkoatik haratago doan kirol bat dela nabarmendu du, eta Ipar Euskal Herrian adibidez, eragin handia duela.
Trinketearen inguruan, gipuzkoar federazioak Euskal Herri osoko txapelketetan parte hartzen duela berretsi du, eta nazioarteko lehietan ere parte hartu izan dutela eta hala egiten jarraituko dutela.
Datuei begira, baikor ageri da Lizaso. «Futbol partida batek ikuslegoa biderkatzen badu ere, 300 bat pertsona frontoi eta trinketeetara gerturatzea asko da guretzako. Arrakasta dugula? Bai eta ez da erantzuna. Tamalez maila baxuko futbol partida batek jende gehiago erakartzen du, baina pozik gaude gure emaitzekin eta lanean jarraituko dugu»
Mendeurreneko liburua
Ostegun honetan egin dute beraz GEPF-ren mendeurreneko liburuaren aurkezpena, Donostiako Aquariumean. Lizasok profesionalen laguntzarik gabe idatzitako liburua dela nabarmendu du, baina oso liburu profesionala kaleratu dutela berretsi du. Bere esanetan «pilotariek idatzitako liburua da, pilotariei bideratuta».
Liburuan Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioaren bilakaera, azken txapelketetako emaitzak eta frontoian jokatzen diren kirolen bitxikeriak jasotzen dira besteak besste, pilota munduko hainbat pertsonaren aipuez eta ekarpenez lagunduta. Lizasok liburua GEPF-ren web orriaren bitartez eskuragarri egongo dela gogorarazi du, eta euskal pilota zaleak datozen hilabeteetarako txapelketa eta ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu du.


