Live
Laboral Kutxa taldeak orain arteko emaitzak berresteko «hazten» jarraitzeko helburua du
Laboral Kutxa taldeak urterik onena egin du tropelean, 13 garaipen eta 29 podium lortuta. UCI World Rankinean 16. postua lortu dute, baina ez dira Women´s World Tour kategorian lehiatuko. Urtea aztertzeko Usoa Ostolaza txirrindularia eta Peio Goikoetxea kirol zuzendaria NAIZ irratian egon dira.
Laboral Kutxa taldeak orain arteko emaitzak berresteko «hazten» jarraitzeko helburua du

Sailkapen orokorrean 16. postua erdietsi du Laboral Kutxa taldeak. Pro Teams kategorian, bigarren izan dira, eta 13 garaipen eta 29 podium lortu ditu euskal taldeak. Usoa Ostolaza zarauztarra izan da UCI puntu gehien lortu dituena, besteak beste, Pirinioetako Tourra bigarrenez irabaziz. 2026ko denboraldia prestatzen ari direla, tartetxo bat hartu dute Usoa Ostolazak eta Peio Goikoetxeak 2025eko balorazioa egiteko eta 2026ko erronkak zerrendatzeko.
Ostolazak denboraldi hasiera «zaila» izan zela onartu du: «Urtero sentsazio onak aurkitzea kostatzen zait». Dena den, apiriletik aurrera ibiltzen hasi zela goraipatu du, eta garai horretan iritsi ziren bere emaitzarik onenak. Izan ere, El Salvadorren garaipen bat eta mendiko elastikoa ez ezik, sailkapen orokorrean bigarren postua ere lortu zuen, baina «arantzaren bat» duela azaldu du: «Pare bat lasterketetan lortutako emaitzekin ez nintzen pozik geratu».
Euskal Herriko Itzulian eta Espainiako Vueltan «maila gorenena» eman zuen, eta «pena handiarekin» bizi izan zuen Espainiako Vueltan izandako erorikoa: «Ez dugu inoiz jakingo erorikoa izan ez banu, helmugan zer emaitza izango nukeen». Dena den, oztopo hori azkar gailendu zuen, eta Pirinioetako Tourra bigarren urtez jarraian irabazi zuen. Zarauztarrak lasterketarekin «harreman berezia» duela azaldu du: «Etxetik gertu egonik, ongi baino hobeto ezagutzen ditut mendateak».
Italiako Giroa eta Frantziako Tourra ere egin ditu Ostolazak, Frantziako Tourrean ibiltzea «guztion ametsa» dela adieraziz. Hala eta guztiz ere, Italian balentria lortzetik oso gertu egon zen, mendiko maillota azken etapan galdu baitzuen. Ostolazak azaldu du hasiera batean helburua «sailkapen orokor on bat egitea» zela, baina ikusita gorputzak ez zuela %100ean erantzuten «buru-belarri» jarri zen mendiko elastikoa lortzeko: «Azken etapan elastiko urdina eramatea izugarria izan zen, nahiz eta azkenean galdu».
Espainiako Txapelketa, Munduko Txapelketa eta Eibar Hiriko saria ere izan ditu hizpide. Azken honetan, Debora Silvestri taldekideak besoak altxatu zituen, eta, halaber, Ane Santestebanek erretiroa hartu zuen. Hortaz, «emozioz beteriko eguna» izan zela nabarmendu du. Hurrengo urterako jarri du helburua: «Kirol emaitzak hobetu, gozatuz beti ere».
2026 erronkak
Peio Goikoetxea kirol zuzendariak, patxadaz, urteko emaitzak izan ditu aztergai. Honen ustez, lortutakoa ez da «makala» izan. Izan ere, «etxeko taldea izanda, etxeko kirolariekin mundu guztiaren aurka lehiatzea ez da batere erraza», azaldu du. Goikoetxeak Women´s World Tour kategorian ez direla lehiatuko adierazi du, «arazo ekonomikoak» direla eta.
Goikoetxeak World Tourrean lehiatzea asko garestitu dela argitu du, «hirukoiztu» hain zuzen ere. «Pro Team kategorian lehiatzeak ez ditu hainbesteko erantzukizunik eskatzen, eta gainera beste urte batez lasterketa handietan ibiltzeko aukera izango dugu», gehitu du kirol zuzendariak.
«Helburua aurten rankingean erdietsitako postua berrestea izango da», aldarrikatu du Goikoetxeak. «Esperientzia gehiago izanda» eta «tropelean nortasuna irabazita» hori lortzeko asmoa du taldeak. Etxeko lasterketetan «maila gorena» ematea espero du, eta klasikoetan «maila ona» erakustea ere bai.



