Live
Game Erauntsia irratsaioak agur esango dio 2025ari, ohi bezala, The Game Awards sariak ardatz hartuta —beste behin—. Urteko bideojokorik onenak izendatu dituzte jaialdian, eta, ez hori bakarrik, bideojoko berri ugari ezagutzera eman dira.
Clair Obscur: Expedition 33 frantsesa izan da, inolako zalantzarik gabe, ekimeneko izar nagusia. Sandfall Interactive-n JRPG abenturak hainbat sari eraman ditu; horien artean da, GOTY garaikurra.
Bideojokoei dagokienez, denetariko ustekabeak ikusi ditugu. Larian Studios-ek, hasteko, azken asteotan sarean ikusi dugun irudi misteriotsuaren atzean dagoen proiektua ezagutzera eman du: Divinity berria prestatzen dabiltza Baldur’s Gate 3 arrakastatsuaren egileak.
Remedy Entertainment-ek Control maitatuaren jarraipena, Control Resonant aurkeztu du, hack and slash mekanikak ardatz hartuta; Star Wars frankiziak, berriz, Fate of the Old Republic RPG abentura misteriotsua nahiz Galactic Racer lasterketa titulua jasoko ditu; Frictional Games estudioak ONTOS beldurrezko abentura interesgarria eskainiko digu; Tomb Raider: Catalyst berriarekin zein Legacy of Atlantis berregitearekin iragarri dute Lara Croft-en itzulera; Gang of Dragon aurkeztu du Yakuza jokoen sortzaileak; zerrenda amaigabea pixkat geldiaraztearren, Total War: Warhammer 40.000 garatzen ari dira Creative Assembly-koak.
Aipatutakoak nagusienak direla esan daiteke; hala eta guztiz ere, urteko azken saio honetan TGAtik igarotako beste zenbait bideojoko ere aipatu ditugu… baita beste sari banaketa batzuk ere. Urtero lez, Game Erauntsia Sariak antolatu ditugu: euskal komunitateak bideojokorik onenak izendatzeko bidea. Abenduaren 31ra arte bozka daiteke, beti bezala, Game Erauntsiaren webgunean.
Agur esan aurretik euskarazko bideojoko berria aurkeztu gura izan dugu. Momiji Games katalanak No Vacancy Tonight beldurrezko abenturari gure hizkuntza gehitu dio, ofizialki, Naiara Solozabal kidearen lanari esker.


