Live

Artista tolosarrak ‘Krisalida’ izeneko lana aurkeztu du, aurreko lanarekiko alde nabarmena erakusten duen diskoa. Hasieratik bertatik, ‘Angeles’ kantuak argi uzten du diskoaren asmoa: elektronika sotila, gitarra akustikoa eta ahotsaren presentzia indartua uztartuz, entzulea giro intimo eta tentsiodun batean murgiltzea.
Disko hau lehen aldiz modu kolaboratiboan sortu du, Peio Landa ekoizlearekin batera. Lankidetza horrek egitura poperoagoak, narratiba landuagoa eta idazketari garrantzia handiagoa ematea ekarri du. Bi hilabeteko sorkuntza-prozesu intentsiboan sortua, ‘Krisalidak’ berehalakotasuna eta koherentzia mantentzen ditu.
Letretan, laguntasunen hausturak, min emozionala eta inguruko pertsonen babesa dira ardatz nagusiak. ‘Aingeru zaindari’ modura agertzen dira gertukoak, izoztuta dagoen pertsona bat desizozten laguntzen dutenak. Diskoaren izenak berak adierazten duen moduan, «isolamendutik hazkundera doan trantsizio-prozesua» irudikatzen du lanak.
Soinu aldetik, trip-hoparen iluntasuna, trancearen progresioa eta ambient pasarteak uztartzen dira, beti emozioari zerbitzatzeko. «Autotunea modu kontzientean erabilia da, ahotsari izaera organikoa kendu gabe», Alairen hitzetan. Kolaborazioen artean, Sara Zozayarekin egindako kantua nabarmentzen da, gitarra elektrikoaren eta bateria organikoaren bidez beste testura bat gehituz.
Diskoak bizitza digitalari eta identitateari ere begiratzen dio, azken kantuetan sareko harremanak, artxibo emozionalak eta komunitatearen ideia landuz. Oraingoz ez du edizio fisikorik, baina artistak zuzeneko formatu berri bat prestatzen ari dela aurreratu du: ahotsa erdigunean izango duen emanaldi guztiz zuzena. MusikHaria saioan kontatu digu guztia.


