Live

Bigarren Kafea

«Elkanok ez zuen nahi zuen guztia lortu mundu biran»

500 urte atzera egin eta 'Elkano-Urdaneta: ozeano baten aurkikuntza' erakusketa zabaldu berri dute Euskal Itsas Museoan. Bertako zuzendari zientifikoa den Xabier Alberdik aletu digu erakusketa Bigarren Kafean.

Audio_placeholder

«Elkanok ez zuen nahi zuen guztia lortu mundu biran»

Loading player...

Lehen mundu biraren ostean ekin zion Juan Sebastian Elkanok bigarren espedizio honi. 1525ean A Coruñatik abiatu ziren eta espedizioko kideen artean zen Andres Urdaneta itsas gizon ordiziarra ere. «Urdanetak bederatzi urte egin zituen Moluketan eta bertan Ekialdeko jakintza nautikoak bereganatu zituen. Ezagutza horiek Mendebaldekoekin uztartzeko lanean giltzarri izan zen Urdaneta eta itsasoan, joan-etorriko bidaiak egitea posible zela erakutsi zuen».

Urte batzuk lehenago amaitu zuen Elkanok mundu bira eta berriz itsasoratzearen inguruko arrazoien inguruan galdetuta, puntu ezberdinak aipatu dizkigu Alberdik. «Ez dut uste berak bigarren mailako bidai gisa ikusten zuenik; mundu-bira egin ostean aukera zuen bidaia haren bueltatik bizitzeko, beste batzuek egin zuten bezala, baina hori egin beharrean bigarren espedizioa antolatzen hasi zen. Mundu biran ez zituen helburu guztiak bete eta berriz ere itsasoratzea erabaki zuen».

Erakusketa 2026ko urrira bitartean egongo da ikusgai Donostiako portuan dagoen Euskal Itsas Museoan. «Bakarka bisitatu daiteke erakusketa edo taldean egiteko bisita antolatuak ere eskaintzen dira. Horrez gain, gaztetxoekin lantzeko material berezia ere prestatu da erakusketa honi begira».

Entzun Xabier Alberdirekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.

Jaurlaritza Logoa