Live

Peli Lekuona-Lander Martinez

Tolosako Asuncion klinikako 350 langileren subrogazioa eskatu dute LAB eta ELAk

Sindikatuek ospitale guztiz publikoa, osasun-arreta zerbitzu guztiak eskainiko dituen ospitalea  eta Asuncion klinikako langileen jarraitasuna eskatu dituzte larunbat honetan Tolosan. Iurre Inviza Asuncion Klinikako LABeko kidea NAIZ Irratian izan da dituzten aldarrikapenen berri ematen. 

Audio_placeholder

Tolosako Asuncion klinikako 350 langileren subrogazioa eskatu dute LAB eta ELAk

Loading player...
LAB eta ELAk antolatutako manifestazioa, larunbatean Tolosan
LAB eta ELAk antolatutako manifestazioa, larunbatean Tolosan (Aitor Karasatorre | FOKU)

Larunbatean dozenaka herritar bildu dira Tolosan, LAB eta ELA sindikatuek deituriko manifestazioan. Asuncion Klinikako lanpostuak publiko egitearen alde daudela aldarrikatu dute. Iurre Inviza Asuncion Klinikako LABeko kidearen esanetan «zerbitzu guztien ehuneko ehuna eskatzen dugu, bertako langileekin. Gure subrogazioa eskatzen dugu». Larunbateko mobilizazioan hiru aldarrikapen nagusi azpimarratu zituzten: Tolosaldearentzako ospitale publiko bat, beste ospitale komarkalek ematen dituzten zerbitzu guztiekin eta Asuncion Klinikako plantilla mantendu eta subrogatzea

Aurten iragarri du Osasun Sailak Tolosaldearentzako ospitale berri baten eraikuntza, honek 74 ohe eta 3 kirofano izango ditu. Bitartean, Asuncion Klinika da erreferentziazko osasun zentroa, egun kontzertatua. Sindikatuek bertan langileek zerbitzu publikoa modu prekarioan ematen dutela salatu dute. Horregatik klinikako 350 langileen subrogazioa eskatu dute, Donostiako Onkologikoan egin zuten bezala. Urrian langileak Alberto Martinez sailburuarekin bildu zirenean, langileen jarraitasuna ez zegoela bermatuta salatu zuten sindikatuek, eta larunbatean, hori hizpide, administrazioaren komunikazio falta salatu dute. Invizaren esanetan «ez dugu inongo alderditik ezer berririk jaso eta orain arte bezala dauzkagun berri gehienak prentsa bidez jasotzen ditugu».

Urrian sailburuarekin izan zuten bileraren inguruan, honek ideia argirik ez zuela aurkeztu kritikatu dute sindikatuek, eta orain arte informazio berritua ez dutela jaso. «Plan funtzionalik ez daukagu, beraiek ere ez dakite zer zerbitzu mota ematera datozen Tolosara, egia esan sailburua ideia nahiko nahasiekin etorri zela iruditu zitzaigun. Hasiera batetik lanpostuak betetzeko lehenbiziko deia Asuncion Klinikako langileentzat zela esan zigun, sanitarioentzat printzipioz, baina argi daukagu deia jaso izan beharko bagenu jasoko genuela jada. Azkenean mahai sektorial baten menpe gaude. Ez sailburuek ezta politikariek ez dute erabakitzen gurekin, langileekin, zer egin». Egindako proposamenak hitzez dituztela kritikatu dute, inongo bermerik gabe.

Tolosaldearentzako ospitale publikoa

Langileek, sindikatuek eta herritarrek ospitale berriaren izaera kritikatu dute, hau Tolosaldearentzako ospitalea ez dela esanez. «Guk ikusten duguna da ez dela ospitale komarkal bat izango, beste herri batzuk duten bezala. Donostiatik luzatu nahi duten apendize txiki bat bezala ikusten dugu, itxarote-zerrendak kentzeko. Gipuzkoa osoarentzako eraikiko dute, ez eskualdearentzako».

Bestalde eraikin berria guztiz ezinbestekoa ez dela azpimarratu dute, azpiegitura badago, erabilerari eman behar zaio aldaketa. «Ez genuen beharrik ikusten Tolosan beste eraikuntza bat egiteko, egitura badago, langile gehiago ekarri behar direla uste dugu eta horiek langile publiko egin, zerbitzu publikoa eman dezaten».

 

Jaurlaritza Logoa