Live
Ia urtebete pasa da minbiziak Urtzi Ugalderen ama eraman zuela. Hutsune hori ez du ezerk ordezkatuko, baina prozesu gogor honetatik sormen-lan ederra ondu du Ugaldek: 'Ama' izeneko liburua. «Nire bulkada edo behar batetik hasi zen hau, baina gerora lan kolektibo bat bihurtzen bada ongi etorria izango da».
Eta horixe gertatu da, Iñurri elkartearekin eta Trinchera edizioekin elkarlanean argitaratuko duelako liburuxka, abenduan. «Opari bat» izan nahi zuen ‘Ama’ liburuxkak, baina «barrukoa ateratzeko bide» izan dela dio Ugaldek, «barrutik ateratzen zen energia horri bide emateko balio izan du»
Izan Inurri elkarteko Julene Ilarramendi izan du bidelagun Ugaldek, «nik ere ama galdu nuen eta irakurtzerakoan erabat identifikatuta sentitu nintzen, gure amek hemen egon behar dute, lehenengo lerroan jarri behar ditugu».
Abenduaren 7an aurkeztuko du lan hau Ugaldek Durangon eta ondoren aurkezpen bira egingo du; Usurbilen, Bilbon, Gasteizen, Baionan eta Iruñean izango dira aurkezpenak abenduan eta urtarrilean.
‘Azken kafea’ podcasta
Helburu eta ideia berari helduta urtarriletik aurrera ‘Azken kafea’ podcasta iritsiko da NAIZ Irratira. Heriotzaren inguruko esperientziak jasoko dituen podcasta izango da, lehen eskuko testigantzekin. Euren gertukoen galerak nola bizi eta kudeatu dituzten kontatzeko «espazio seguru» bat izango da lan hau. Pili Kaltzada eta Nerea Olaziregirekin egindako grabaketen aurrerapen bat entzun ahal izan da Bigarren Kafean; amarekin bizitako azken une hori zuen gogoan Kaltzadak, heriotzaren aurrean norberak bizi beharreko doluak sozialki bizi dituen mugapenak Olaziregik.
Podcasta grabaketa prozesu betean dago orain, Ugaldek aurreratu du beste hainbat bizipen pertsonal jasoko dituela, elkartegintzan ari direnen testigantzak ere izango dira, medikuenak eta, besteak beste, «tabuetan tabuena» den suizidioa ere landuko duela. Urtarrilaren 12ko astean estreinatuko da podcast berria.


