Live

Peli Lekuona - Oinatz Aizpuru
Interview
Eider Mendoza
Gipuzkoako Diputatu Nagusia

«Epaileek euskararekin mugak jartzen badizkigute, beste bide batzuk landuko ditugu»

Lanpostuetarako hizkuntza profilen bueltan ateratako epaiak ikusirik, «moldatu» egin behar izan dira lan deialdiak «halabeharrez». NAIZ Irratian esan du Eider Mendoza Gipuzkoako aldun nagusiak: «Bestela, postu horiek hutsik geratuko ziren». Aurrekontuez, AHTz, CAFez... ere mintzo da elkarrizketan.

Audio_placeholder

«Epaileek euskararekin mugak jartzen badizkigute, beste bide batzuk landuko ditugu»

Loading player...
Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusia
Eider Mendoza Gipuzkoako Diputatu Nagusia (Naiz Irratia)

Enplegu publikorako deialdian euskara profilen kontrako sententzia ugari eman dira azken hilabeteotan. CCOO sindikatuak jopuntuan jarri, eta epaileek euskara eskakizunak gehiegizkoak direla postu horientzat ebatzi dute, finean.

Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak NAIZ Irratian halabeharrez moldatu behar izan dituztela eskakizunak esan du, lanpostu asko hutsik geratzeko arriskua zegoelako, «eta horrek suposatuko luke Gipuzkoako Foru Aldundia aurkituko zela kolapso egoera batean».

Bide berri bat babestu du, eta, esan duenez, euskara eskakizunaren kontrako sententzia egon den postua lortu dutenek epe bat izango dute profila atera eta plazaren jabe izateko. «Momentu honetan negoziaketan ari gara ikusteko prozesu hori nola egin», ohartarazi du, «arduraz jarduten» dutela nabarmenduz: «Ez zegoen biderik epaitegietan, pareta baten kontra jotzen ari ginen, ezin genuen kolapsora eraman erakundea, baina guk helburuari eusten diogu».

«Sekulako ahalegina egin da, ez bakarrik Gipuzkoako Foru aldundiak, baizik eta gizarteak berak eta euskalgintzak. Ezin dugu atzerapausorik eman inondik inora. Epaitegietan mugak jartzen badizkigute, helburuari eutsi eta beste bide batzuk hartuko ditugu helburu horretara iristeko», esan du, Aldundiak baliabideak eskainiko diela langileei «euskaraz aritzeko eta euskaraz zerbitzua eskaini ahal izateko». 

Mikel Zabalza, egia zor

Donostian bizi zen Mikel Zabalza orbaizetarra Guardia Zibilak atxilotu, torturatu eta hil zuenean. Urtemuga hori dela eta Mendozak «egia jakitearen beharra» aldarrikatu du, bai oraingo zein ondorengo belaunaldientzat. Izan diren sufrimendu guztiak aitortu eta Mikel Zabalza horren «adibide garbia» dela uste du.

«Oso berandu gabiltza, tamalez» adierazi du. «Lehenbailehen Sekretu Ofizialen Legea aldatu beharko da guztioi zor zaigun egi hori ezagutu dadin. Esparru asko eta askotan», gehitu du.

Aurrekontuen negoziaketa martxan

Gipuzkoako Batzar Nagusietan ez du gehiengoa EAJ eta PSEren gobernu taldeak eta aurrekontu berriak nahi baditu beste talderen baten babesa beharko du. Iaz PPren babesa izan zuten, baina momentuz ez dio inori erreferentziarik egin Gipuzkoako diputatu nagusiak.

Negoziazioak lehenago hasi zirela jakinarazi du eta errelatoaren momentua dela. «Guk aurrekontu proiektu sendo bat aurkeztu dugu Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Aurrekontu hauekin helburu nagusia da gizarte zerbitzuetan gero eta jende gehiago hobeto artatzea denbora luzeagoan. Horrek inbertsio handiak eskatzen ditu eta inbertsio horiek bermatzen ditugu».

Elkarri testuak pasa eta aztertzeko fasean daudela esan du Mendozak eta ez dutela inor baztertuko. Baina, berak aitortu duenez, «testuindguru politikoak ere asko baldintzatzen du negoziaketa». «Guk eskaini dieguna da proiektu sendo bat, aukera proiektu sendo hori ere hobetzeko edo beraien ekarpenak egiteko eta bidea elkarrekin egiteko, horixe da gure proposamena».

Egutegiari dagokionez, zuzenketak aurkezteko epea azaroaren 28an, ostiralean, bukatzen dela adierazi du. «Guk talde politikoei esan dieguna da azken momentura arte denbora dagoela negoziatzeko, baina guri ez zaigu gustatzen horrela aritzea», esan du, negoziaketa «lehenbailehen» itxi nahiko luketela gaineratuz. «Baina zailtasunak eh sortzen baldin badira, denbora egon badago».

Gipuzkoa Zainduz 

Aldundiak sortutako Gipuzkoa Zainduz ekimenari buruz ere hitz egin du Mendozak. «Ikusten dugu hemendik oso denbora gutxira, alegia, 2030era bitartean, menpekotasun egoeran egongo diren pertsonen kopurua %26 handituko dela. Hori ikaragarria da. Honek inbertsio handiak eskatzen ditu», azaldu du, eta helburu nagusia «pertsona oro ondo zaindua egotea» dela dio, «etxean egon edo egoitzan egon».

Egoitzei dagokionez, Mendozak esan du Aldundiak «erreztatzaile» bat izan behar dela patronala eta sindikatuen arteko negoziaketa aurrera egiteko, «kontuan hartuta ere sistema osoarena oreka».

Abiadura Handiko Trena

Azpiegiturei buruz ere galdetu diote Mendozari. Honek AHT «funtsezkoa dela» esan du, eta oraindik ere martxan ez egotea arduragabekeri ikaragarria» dela dio. «Urte askotako atzerapena daukagu eta atzerapen horrek kaltetzen du gure lehiakortasuna. Eta kaltetzen du deskarbonizazio prozesua, alegia, ibilgailuak errepideetatik ateratzea».

Iruñeko lotuneari dagokionez, Ezkio-Itsasoko aukera babestu du. «Hasiera-hasieratik hori izan zen apustua, eta logika guztia dauka. Baina orain Espainiako gobernuari presa sartu zaio hainbeste urte eta gero eta azkar egin nahi ditu kontuak, baina guk ondo egitea nahi dugu», gehitu du, zundaketak hasiko dituztela azpimarratuz, «Aralar inguratzen eta ez eh zeharkatzen».

Jerusalengo tranbia

Amaitzeko, Beasaingo CAF enpresak Jerusalengo trena egiteko sinatutako akordioaz hitz egin du. «Inondik inora ez dut onartuko Gipuzkoako Foru aldundiko arduradun nagusi bezala genozidio baten ardura edo halako motxila bat egoztea ez erakunde publiko bati, ezta ere unibertsitate publiko bati, ezta ere enpresa bati edo enpresa horretako langileei, oso arriskutsua iruditzen zitzaidalako».

Jaurlaritza Logoa