Live

Interview
Markel Arriolabengoa
Tantai Baso Jabe Kooperatiba

«Sartutako zuhaitzek hamarkada batzuk iraungo dituzte baina sortzen dugun basoak milaka urte»

Basogintza hamaika ertz dituen arloa da eta, basoak bezala, asko sinplifikatzea komeni ez dena. Markel Arriolabengoak neurrizko eskuhartzea eta estalduraren ulerkera aldarrikatu ditu dibertsitatea eta ekosistema funtzioen alde baso autoktonoen gaineko jardunaldian, Andoainen.

Audio_placeholder

«Sartutako zuhaitzek hamarkada batzuk iraungo dituzte baina sortzen dugun basoak milaka urte»

Loading player...
Pago sendo bat juxtuan eusten dion zubi baten parean, Artikutzan
Pago sendo bat juxtuan eusten dion zubi baten parean, Artikutzan (Juan Carlos Ruiz | FOKU)

Markel Arriolabengoa Andoainen izan zen urriaren 25ean bestelako basogintza eredu baten aldeko hitzaldian. 2023an Tantai Baso Jabe Kooperatiba sortu zuten, irabazi asmorik gabeko ekimena. Kooperatiba honek baso jabe pribatu eta publikoak, langileak eta norbanako zein enpresa laguntzaileak batzen ditu. Bazkideen basoen kudeaketaz arduratzen dira, eta dagoeneko 1.000 hektarea baino gehiago kudeatzen dituzte Euskal Herrian. Bertako espeziez osatutako basoak sortzea proposatzen dute, anitzagoak egituran eta espezie konposaketan eta mozketak bakarrik bakanketa bidez egiten dituzte.

2018 inguruan krisialdian sartu zen basogintza eredutik aldendu beharra azaleratu zuen, adituek ziurtatua baita kanpoko espezieen eredu intentsiboak direla ekosistemak kudeatzeko modu zaurgarrienak eta hala ikusi dela nola doazen gaixotzen sinplifikatutako basoak. Sortutako arduraren eraginez, «babesaren eta ekoizpenaren dikotomia polarizatutik» kanpo kokatzeko premia ikusten du; izan ere, «Euskal Herrian badugu ardura kontsumitzen duguna bertan ekoizteko eta, aldi berean, kontsumo ereduak aldatzeko, gutxiago eta beste modu batera kontsumitzeko eta, horrekin batera, beste modu batera ekoizteko».

Markel Arriolabengoa artxiboko irudi batean (Aritz Loiola / FOKU)
Markel Arriolabengoa artxiboko irudi batean (Aritz Loiola / FOKU)

Arazoa ez da espeziea, baizik eta eredua.

Eredu intentsiboak lurra pobretu du, ekosistemak ahuldu ditu, espezieen aniztasuna murriztu du eta, guzti horrek, aldakortasun handiko egoera honetan eragin du baso askok porrot egitea. Ordezko basogintza ereduak proposatzen dituzte kooperatibatik, «oinarritzat ekosistemako prozesu naturalak errespetatzea eta balioan jartzea dutenak», kontuan hartuz hamaika proposamen daudela horretarako. «Helburua da ekosistema oso sinplifikatu batetik; hau da, kanpoko espeziez osatutako monolaborantza batetik non guztiek tamaina berdina duten, espezie berdinak diren, genetikoki oso-oso gertukoak diren eta arraseko mozketa bidez guztiak batera mozten diren, ekosistema konplexuago batera pasatzea».

Estaldura jarraituko basogintza ereduan zentratuta daude, «ekonomikoki ere aukera oso aproposa izan daitekeelako». Gakoa ekosistema ulertzea da eta zenbat eta hobeto ulertu, orduan eta hobeo kudeatuko da. Ez omen dago gizakiak modifikatu gabeko basorik eta, ñabardurak ñabardura, pertzepzio bat omen da «motozerrarik gabeko basoan biodibertsitate gehiago dagoela motozerratuetan baino». Esku hartzeak egin daitezke basoaren egoera hobetzeko, izan ere, Arriolabengoaren iritziz, badago gaitasuna neurketak egin eta pertzepzioetatik harago joateko.

Baso heldu egonkorrak lortzeko hainbat urtean behin mozketak egitearen alde agertu da baso-langilea: «oso zuhaitz gutxi mozten dira balio ekonomiko handia dutelako eta hori oso garrantzitsua da, zeren, moztuko den zuhaitzak balio ekonomiko handia badu langileen baldintzak asko hobetzen dira basoko lanak aldatzen direlako, errentagarritasuna asko handitzen da, horrek baimentzen digu mozketa gutxiago egitea eta inpaktu gutxiagokoak eta, gainera, basogintza oso errentagarri bat denez, askoz gehiago zaintzen da ingurua». Hizlariak ziurtatu zuen gaur egungo basogintza ez dela batere errentagarria, oso larri dabilela ekonomikoki, langileak asko estutzen direla, inguruak ez daudela batere zainduta eta abar eta abar eta guzti horrek baduela eragina.

Zein da proposamena?

Basoaren ezaugarrien eta helburuen araberako esku hartzea aldarrikatu zuen Arriolabengoak eta, horretarako, zenbait adibide aurkeztu zituen. «Arraseko mozketa egin bada, batzuetan landaketak egiten ditugu eta beste batzuetan ez. Berezko basoa indar handiz badator ez dugu landaketarik egiten eta bestela bai». Teknikak aldatuz eta egokienen bila dabiltzan honetan, landaketak ilaraka egitearen alde egin dute kudeaketa erraztu, hobetu eta merketzeko. Gainera, ilaraka landatzeak ez du esan nahi basoa hala egongo denik hemendik 50 urtera, tartean mozketa selektibo batzuen eraginez ez baitira dinamika homogeneoak gauzatzen eta berez etorritako espezieak ere badaudelako. Kontziente dira, gainera, gizakiaren esku hartzeak badituela zenbait muga edo, bestela esanda, ulerkera zabala aplikatzeko zailtasunak. «Landaketetan basoetako genetika ahultzeko arriskua dago eta horrek beldur handia ematen digu. Mintegi gutxi daude eta leku beretik ekarritako haziak zabaltzeak kalte egin dezake, zeren, genetika murriztu bat leku guztietan txertatzea akats bat da». Landaketa hauen bidez asmoa ez da basoa sortzea, estaldura bat baizik. «Sartzen ditugun zuhaitzek hamarkada batzuk iraungo dituzte baina sortzen dugun basoak milaka urte».

Apostua, beraz, argia da: ekosistema erresilienteak sortzea. «Bertako espezieak landatzen ditugu horiek direlako ondoen egokitzen direnak, ahalik eta gutxien landatzen saiatzen gara nahiz eta asko landatu, eta landaketak egiterakoan buelta asko ematen dizkiegu aldagaiei. Eszenatoki nahiko berria da denontzat eta argi izan behar da zer helburu ditugun eta horren araberako erabakiak hartu».

Jaurlaritza Logoa