Live

Esaten dute gerra guztien biktima nagusia egia dela. Poetikoki, ez zait planteamendu desegokia iruditzen. Abesti baterako ere tamalez, kontzeptu ederra da. Baina zaurietara joanda, odolera joanda, hitzen poesia gainetik kenduta, gaur, Azaroaren 25aren atarian, gerraren biktima nagusia emakumea dela esango nuke.
«Cuerpo de mujer = peligro de muerte» esaten zuen Rita Laura Segato argentinar antropologoak, Ciudad Juárez-eko feminizidioen kasuan egindako ikerketa-lanetan. Baina esaldi hori erabili daiteke, Mexikon, Congon zein Ukrainan. Desberdintasuna eta emakumeen aurkako indarkeria egiturazko arazo bat da, gerretan mugarik gabe areagotzen dena. Duela urte batzuk, Oxfamek Irakeko, Yemengo eta Palestinako kasuak aztertu zituen txosten batean, eta ondorio orokor bat atera zuen: gatazketan emakumeak zigor gehigarria jasaten duela, baina, era berean, sendotasun eta erresilientzia handia erakusten duela.
El pais de las 6.000 fosas izeneko mapa interaktibo bat aurkeztu berri du RTVEk, Gerra Zibileko 6.000 hobiri buruzko datuekin. Paula Guisadok, proiektuaren koordinatzaileetako batek, azaldu duenez, espainiar estatuan, biztanle bakar bat ere ez da bizi hobi horietatik 50 kilometro baino gehiagora. Batzuetan biktima bakarra dago, eta beste batzuetan 3.000 biktima baino gehiagoren aztarnak topatu dituzte.
Eva Mañez fotokazetariak, argazki-erakusketa, liburu bat eta webgune bat sortu ditu, fusilatutako senideen bila ari diren 60 emakume baino gehiagoren testigantzekin. Guardianas de la Memoria izenpean, ikerketa honek emakumeen trauma, erresilientzia eta identitatea ikusarazten dituen memoria ariketa izan nahi du.
Bigarren Kafean lekukotza batzuk aukeratu ditugu: Maria Dominguez Remon, Zaragozako Gallur herriko alkate izandakoa eta 1936ko irailaren 7an fusilatua. Juana Josefa Goñi, 36ko abuztuan, Gazteluko Legarreako Leizean erahila, bere seme-alabekin. Flora Caballero Garcia, bere nebaren bila ibilitakoa, 1940ko urtarrilean fusilatua. Laura Martin Diez, bere birraitonaren bila dabilena, 1941eko urtarrilaren 18an fusilatua eta Natalia Pardo Conejos, birraitonaren bila baita ere, 1940ko urriaren 23an fusilatutakoa.


