Live

Itxaso Leon Kareaga - Nerea Lauzirika
Interview
Hodei Otegi
Elgoibar 1936 elkarteko kidea

«Pozgarria da Elgoibarko ikur frankista guztiak kenduta daudela ikustea»

Ikur frankista bakarra geratzen zen Elgoibarren, Morkaiko mendiko gurutzea. Bart eraitsi dute eta ekintzaren balorazio positiboa egin du Elgoibar 1936 elkarte memorialistak. Halaber, azpimarratu du berez Udalari zegokiola ikur frankista botatzea.

Audio_placeholder

«Pozgarria da Elgoibarko ikur frankista guztiak kenduta daudela ikustea»

Loading player...

Elgoibarko Morkaiko mendiaren gaineko gurutzea eraitsita esnatu da astearte goizaldean, noiz eta azaroaren 20rako bi egun falta direnean. Gurutzearen esanahia testuinguan jartzeko, Elgoibar 1936 elkarte memorialistatik Hodei Otegi gonbidatu dugu NAIZ Irratira.

Azpimarratu du ikurra kentzea, berez, Udalaren betebeharra zela, horrela dioela Memoria Historikoaren Legeak. Halaber, nabarmendu nahi izan du gurutzearen izaera frankista eta azaldu du ez dela erlijio ikur baten aurkako erasoa izan. Aitortu du, halaber, elkarteko kideak harrituta geratu direla berria ikusi dutenean eta «pozgarria» iruditzen zaiela herrian geratzen zen ikur frankista bakarra eraitsi izana.

Gurutzea 1937an eraiki zuen Elgoibarko enpresa batek, Juan de Borbon espainiar errege emerituaren aitak egin zuen 500 pezetako donazio batekin eta herriko ‘boluntarioen’ parte hartzearekin. Izan ere, 1936ko irailaren 27an hil zuten mendi horretan bertan Carlos de Borbon y Orleans espainiar printzea, beste errekete batzuekin batera, han zeuden CNTko kideek eta Amuategi batailoiko sozialistek. Gurutzea printzeari aitortza egin asmoz eraiki zutela azaldu du Otegik.

2014an Elgoibarko Udalak herriko ikur frankistak kendu zituenean, erabaki zuen Pedro Muguruza Cuelgamuroseko Erorien Hraneko arkitektoaren omenezko kalea eta Morkaiko mendiko gurutzea uztea. Arkitekto frankistari izena aldatu zioten, azkenean, baina uko egin zioten gurutzea eraisteari, argudiatuta herritarrek ez zutela frankismoarekin lotzen. Halaber, elkarteko kideek ez zuten ulertu Gogorak 2019an gurutzea «resignifikatzeko» eskatu izana.

Bart eraitsi dute Morkaiko mendiko gurutzea eta, horrela, dagoeneko ez da ikur frankistarik geratzen Elgoibarren. Otegik azpimarratu du bide luzea izan dela, Elgoibar 1936 elkarte memorialistak 2007an hasi baitzuen ibilbidea eta, hala ere, 2020 inguruan kendu zituzten gainontzeko ikur frankistak.

Elkarteko kideak uste du horrelako auziei ez zaiela «daukaten garrantzia» ematen eta, horregatik, luzatu egiten dela afera. Halaber, azpimarratu du «Elgoibarko memoria eraikitzen» jarraituko dutela, orain arte egin bezala.

Jaurlaritza Logoa