Live

Atharratzetik Bilbora euskarak denok bil gaitzakeela aldarrikatuko du 24. Korrikak. Atzoko aurkezpenak harrera ona izan duela esan du Ane Elordi Korrikako koordinatzaileak, eta «korrika Euskal Herriak duen pizgarri handienetako bat» dela azpimarratu du.
'Euskara gara' leloa jendearen gustukoa izan dela esan du Elordik. Koordinatzailearen esanetan «leloaren eta mezuaren beraren lanketa luzea izaten da, leloak azkenean hitz bi baino ez ditu edizio honetan, baina mezua bere osotasunean barne biltzen du. Azken edizioetan euskara hitza ez da egon Korrikaren leloetan eta hori bai izan da lehen lerrora ekarri nahi izan dugun elementuetako bat».
Errigora elkartea da aurtengo edizioko omendua, urte luzez euskararen alde egindako lanagatik. Elordiren hitzetan «Errigorak 10 urte baino gehiago daramatza Nafarroako hegoaldean, euskara ofiziala ez den zonaldean lanean, eta aldi berean Nafarroa hegoaldetik Euskal Herri osora hedatzen da, bertako produktuekin Euskal Herria elikatzen dugu».
Atharratzetik Bilbora
Aurtengo edizioan Korrika Atharratzetik abiatuko da, eta Bilbon amaitu. Aurrerago emango dute ibilbide osoaren berri, baita aurtengo abestiaren eta bideokliparen berri ere.


