Live

Peli Lekuona-Lander Martinez
Interview
Patxi Gaztelumendi
Gu Ere Bai!

«Biek jokatuko dute etxean, bai Euskal Selekzioak bai Palestinakoak ere»

Patxi Gaztelumendi Gu Ere Bai! ekimeneko kideak historikotzat jo du larunbatean Euskal Selekzioak eta Palestinak jokatuko duten partida. Lau egunen faltan eserleku gutxi geratzen dira libre lehia zuzenean ikusi ahal izateko.

Audio_placeholder

«Biek jokatuko dute etxean, bai Euskal Selekzioak bai Palestinakoak ere»

Loading player...
Gu Ere Bai! ekimenak urrian antolatutako prentsaurrekoa. Patxi Gaztelumendi eskubian
Gu Ere Bai! ekimenak urrian antolatutako prentsaurrekoa. Patxi Gaztelumendi eskubian (Matxin Edesa | Foku)

Larunbatean (hilak 15) jokatuko da Euskal Selekzioaren eta Palestinaren arteko lehia. Sarreren salmenta oso arrakastatsua izan da eta elkarrizketa hau egin den unerako 2.000 sarrera ibaino gutxiago geratzen dira partida San Mamesen ikusteko. Patxi Gaztelumendi Gu Ere Bai!-ko kideak arrakasta hori azpimarratu du, «seguraski San Mamesen inoiz izan den ikusle kopuru handiena izango da, Euskal Selekzioaren partida batean behintzat, baina ikusteko dago ere San Mamesek ere inoizko jendetza handiena bilduko duen bere baitan larunbat historiko honetan».

Sinbolismo eta aldarrikapen handiko eguna izango da larunbata, 17:30ean manifestazioa dago Gu Ere Bai!, Gure Esku eta Gernika-Palestina ekimenek deituta. «Elkartasuna, eskubideak eta herri baten aldarrikapenak batzen dituena. Kirolak batu gaitu, kasu honetan bi selekzio, Euskal Selekzioa, oraindik ofiziala ez dena eta Palestinako Selekzioa, genozidio baten erdian bere liga bertan behera utzi eta erbestean entrenatzen duena». Gaztelumendik gaineratu du palestinar selekzioak jokalariak galdu dituela ere genozidioa dela-eta.

Ekintzaileak Yaser Hamed jokalari euskal-palestinarraz hitz egin du ere. «Gure laguna» ilusio handiz dagoela aitortu du Gaztelumendik, duela jada bost urte amesten zuen jardunaldia izango delako larunbatekoa, eta zelai barrutik hori bizitzea handia da harentzat. Gaztelumendik gaineratu du bi selekzioek jokatuko dutela etxean, bai Euskal Selekzioak baita Palestinakoak ere. 

Ofizialtasunerako bidean 

Euskal Selekzioak eta Palestinak jokatuko duten partidak gero eta gehiago hurbiltzen du Euskal Selekzioa ofizialtasunera. Ukaezina da Gaztelumendirentzat palestinarren egoera salatzeaz gain, partida Euskal Herriarentzat, baita Euskal Selekzioarentzat ere erakuslehio bat dela mundu mailan.  

Duela bost urte sortu zen Gu Ere Bai! eta ordutik euskal federazio desberdinen ofizialtasunaren alde dihardu lanean. Zesta-punta, sokatira, kayaka, padela edota mendi lasterketa dira Euskal Selekzioak parte hartzen dituen kiroletako batzuk. Azken boladan entzute handiena izan duena esku pilotaren kasua izan da, eta Gaztelumendik trabak izan direla aitortzen duen arren, lanean jarraitzen dutela azpimarratu du. «Ofizialtasuna lortzeko elkarrekin eta batera mugitu behar gara».   

Jaurlaritza Logoa