Live

Muay Thai edo thailandiar boxeoa Thailandian sortu zen. Bertan erroturik dago eta gaur egun kirol garrantzitsuenetarikoa bilakatu da han. Mikel anai nagusiari lagun batek azaldu zizkion kirolaren arauak, eta «berehala» maitemindu zela adierazi du. Badira 13 urte Thailandian bizi dela, eta borrokalari ospetsuenetarikoa da bertan.
Ion Fernandezi, anai gazteari, anai zaharrak eman zion kirolaren berri: «Lehen begi-kolpeko maitasuna izan zen». Ion Fernandezek, bere anaiaren bizipenak eta ibilbidea eredu, beste bide bat hartu zuen hasieran batean: gaztetan hasi zen Muay Thai kirolean, baina bere ibilbideko lehen urteak Euskal Herrian garatu zituen, Thailandiako ametsa aurreragorako utziz. Gainera, lesio larri batek dena kolokan jarri zuen: medikuek gehiago ez borrokatzeko agindua eman zioten. Hala ere, kasu handirik egin gabe bere bidea egiten jarraitu zuen, eta «eskerrak».
Izan ere, Mikel Fernandezek adierazi duen moduan hastapenak «oso zailak» izan ziren: «Txantreako gazte batentzat aldaketa handia izan zen, kultura aldetik batez ere». Egokitzeko gaitasuna izan zuen, eta oso eskerturik dago ikasi duen guztiarekin.
Thailandian «izugarrizko» garrantzia du Muay Thai kirolak, herrialdeko ikur bilakatu da Fernandez anaien esanetan. Esaterako, umeek oso txikiak direnean dute lehen harremana kirolarekin. Dena den, honek alde «txarra» ere badu anaiek azaldu dutenaren arabera: pobreziatik ateratzeko bide bakarra umeak borrokalari profesional bilakatzean dute familia ugarik.
Mikel eta Ion Fernandez anaien nortasuna Muay Thai kirolean ikasitakoari esker garatu dela adierazi dute. Mikel Fernandezek azken 13 urteetan asko ikasi du, baina errespetua gailendu du ororen gainetik: «Bestearekiko errespetua da Muay Thaiaren gakoa eta oinarria».
Basque brothers
Euskal Herrian bizi ez arren, harro erabiltzen dituzte zenbait ikur, adibidez: Txantreako zapia edo txapela. Horiek horrela, «Basque Brothers» ezizenarekin ezagunak dira. Mikel Fernandezek behin baino gehiagotan ikurrina ateratzen saiatu dela azaldu du, baina «promotoreen arauak urratzen omen dituenez» ez diote utzi.
Ikurrina ez ezik, Errusiako edota Ukrainiako banderak ere debekatuak daudela nabarmendu du, «borrokak zuzenean ematen duenak agintzen du», zehaztu du.
Munduko txapeldunak etxean
Ion Fernandez munduko txapeldun bilakatu berri da Iruñean, WPMFko titulua eskuratuz. «Etxean irabazi izana esperientzia ikaragarria izan da», onartu du Fernandezek. Beti amestu zuen borroka izan zela gehitu du: «Erabat indarrik gabe bukatu nuen arren izugarria izan zen hainbeste jende ezagunarekin ospatu izana».
Mikel Fernandezek aurretik lortu zuen Ion Fernandezek eskuratu berri duen gerrikoa. Iruñean ere bereganatu zuen titulua, eta etxean borroka egiteak lasaitzen duela nabarmendu du: «Zoragarria izan zen Anaitasunan bizitakoa, inoiz baino gehiago gozatu nuen».
Dena den, Mikel Fernandezek Nafarroa Arenan jokatutako borroka galdu zuen. «Nire aurkaria baino hobeto borrokatu arren epaileek bere alde egin zuten», azaldu du. Thailandiako Federazioa Fernandez anai zaharraren iritzi berdinekoa da, eta borroka baliogabetu zuen. Gauzak horrela, The Omnoi Stadiumeko gerrikoa lortzeko beste aukera bat izango du hurrengo otsailean.



