Live

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Rap musika berriaren olatuan Marmitako Trap Banda taldeak lehen lana kaleratu du

Taldearen izenak beste zerbait iradokitzen duen arren, musika organikotik eta landutik asko duen proposamena da Marmitako Trap Banda talde bizkaitarraren debuteko EPa, ‘Marmitako’. MusikHaria saioan izan dira proiektuaren nondik norakoak azalduz.

Audio_placeholder

Rap musika berriaren olatuan Marmitako Trap Banda taldeak lehen lana kaleratu du

Loading player...
Guillermo Cabrales da Marmitako Trap Banda taldeko abeslaria.
Guillermo Cabrales da Marmitako Trap Banda taldeko abeslaria. (MTB)

Lau abesti baino ez dituzte kaleratu Urdulizen 2023an sortutako Marmitako Trap Banda taldekoek. Ordutik hona Villa Sound Bilbao lehiaketan sariak eskuratuta ziren eta, berriki, elkarrizketa egin eta gutxira, Basauriko Rockein lehiaketan ere irabazleen zerrendan ikusi ahal izan ditugu bizkaitarrak. 

Aitor Brochado, Guillermo Cabrales, Johnny Naverda eta Iñigo Tellaetxe dira musikariak eta Ca7riel & Paco Amoroso proiektu argentinarraren kutsu nabarmena duen musika proposamena da eskaintzen dutena. Rap eta hip-hop munduko letrak eta abesteko moduak eta jazz eta groove unibertsoko instrumentalak dituena. 

‘ZerZerZer’ kantua da ‘Marmitako’ EPa zabaltzen duena. Baxua bero-bero nabaritzen da eta ahotsak auto-tunea badu ere oso neurtua da. «Entzuten den ahotsa, berriz, bazkaltzera joan ginen tokiko zerbitzariarena da, grazia egin zigun eta diskoan sartzea erabaki dugu», esan digute musikariek.

‘Marmitako’ abestian Euskal Herria eta Buenos Aires lotzeko nahia argi eta garbi erakusten dute, hizkeran ere oso argentinako hizkera erabiltzen dutelako, «eta ez da harritzekoa, bertakoak baitira guretzako erreferente». Neo-soul delakoaren musikak entzuten dira, harik eta errepikan Hip-hop mundura salto egiten duten arte. Ahotsaren trataera ere berezia da, podcast bateko soinua dirudi. «Mikrofono ona eskura nuen arren etxean, ez nintzen harekin grabatzeko gai izan eta eskasago batekin egin nuen lan», esan digu Guillermo Cabralesek.

‘Zesatek’ kantuan aurrekoaren tonalitate eta giro antzekoko sintetizadoreak entzun ditzakegun arren, erritmoa, beat-a, oso desberdina da eta horrek kantuari beste dimentsio bat ematen dio. Izan ere, gau giroan eta ligatzeko kontuez ari zaizkigu abesten. ‘Drungulu’ kantuak ixten du diskoa, oso groove berezia duen kantuarekin, disco musikatik gertu dagoena eta, zergatik ez, Queen taldearen ‘Another one bites the dust’ kantuaren baxu-linea ere ekarri digu gogora. Hor iristen da lehen EPko bidaia amaierara, metroko ahotsak adierazten duen moduan.

Lau abesti baino ez diren arren, berriak sortzen dabiltza eta bide horretatik jarraitzen badute, ziur askoren atentzioa bereganatuko duen taldea izango dela Marmitako Trap Banda, esanda bezala, trapetik gutxi duen proposamena.

Jaurlaritza Logoa