Live

Peli Lekuona - Asier Robles
Interview
Eneko Andueza
PSEko idazkari nagusia

«Hiru tradizio politiko handiak elkartzea posible izango da legalitatearen barne bada»

Eneko Andueza, PSEko idazkari nagusia, NAIZ Irratian izan da astelehen goiz honetan. EAJrekin duen harremana, Estatutuaren berria, euskara edo AHTa izan du mintzagai.

Audio_placeholder

«Hiru tradizio politiko handiak elkartzea posible izango da legalitatearen barne bada»

Loading player...
Eneko Andueza NAIZ Irratiko elkarrizketan.
Eneko Andueza NAIZ Irratiko elkarrizketan. (Jon URBE | FOKU)

NAIZ Irratiko mikrofonoetan izan da goiz honetan Eneko Andueza PSEko idazkari nagusia egunerokotasun politikoari buruz hitz egiteko.

EAJrekin azken asteotan izan diren talka eta desadostasunei buruz galdetuta, Anduezak adierazi du bere alderdiak ez duela «inoiz polemikarik bilatu», eta koalizio gobernuaren barruan sortu diren eztabaidak «normaltasun demokratikoan» ulertu behar direla. «Ohiko tirabiratzat» jo ditu, «bi tradizio politikoren arteko lan harremanean sortzen direnak».

Giroa baretu nahi izan duen arren, kritikatzen dutenei ere mezua bidali die: «Eneko Anduezari buruz berba egiten dute, Eneko Anduezak esaten dituen gaietaz berba egiteko», esan du.

Anduezak azaldu du EAJko buruzagiekin harremana «ondo bideratuta» dagoela, eta Andoni Ortuzarrekin urteetan garatutako konfiantza giroa «denborarekin» sortuko dela Aitor Estebanekin ere. «Elkarrizketarekin eta lanarekin harremanak sendotzen dira», bere iritzian.

Euskararen legeari buruz galdetuta, Anduezak baieztatu du PSEk «euskararen aldeko konpromiso historikoa» duela, baina ez duela «lege aldaketa beharrik» ikusten. «Kalean hori somatu dugu, euskal gizarteak ez duela uste horren beharra dagoenik», adierazi du. Horrekin batera, gogorarazi du EAJrekin orain dela urte eta erdi dekretuen inguruko akordioa lortu zutela, eta horrek «bideratu» egin dituela hizkuntza-politika gehienak. 

«Euskararen arazo potoloena erabileran dago», adierazi du, eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko «proaktiboak» izan behar dela gaineratu. Horretarako, aisialdiko eta komunikabideetako euskarazko eskaintza «indartu behar dela» uste du.

Estatutua eta autogobernua

Autogobernuaren inguruan, PSEko idazkari nagusiak ziurtatu du «serio» ari direla lanean eskumen transferentziak amaitzeko eta estatutu berria lantzeko. «Gure konpromisoa da gauzak ondo egitea, ez presaka; legearen barruan eta euskal gizartearen babesarekin», adierazi du.

Anduezaren arabera, «hau ez da erlojuaren kontrako karrera bat. Gauzak ondo egin behar dira, bestela arazoak etortzen dira. Gure konpromisoa da gauzak zintzoki eta ondo egitea», nabarmendu du.

Estatus berriari buruz, berriz, EAJ, EH Bildu eta PSEren arteko mahaian «diskrezioz» ari direla lan egiten azaldu du, eta helburua dela «lortutako eskubide sozialak blindatzea», espainiar eskuinaren eta eskuin muturraren mehatxuen aurrean.

«Hiru tradizio politiko handiak elkartzeko unea posible den ikusten ari gara. Posible izango da zintzoki egiten badugu, eta kontziente bagara dena legalitatearen barne egon behar dela, gero Madrilera joan behar duelako. Gure aldetik prestutasun osoa estatutu berri bat edukitzeko eta estatutu hori gauza garrantzitsuetan oinarritua egoteko», erantsi du.

Gasteizko istiluak

Gasteizko urriaren 12ko istiluei buruz galdetuta, Anduezak esan du «biolentzia erabili zutenek» soilik dutela erantzukizuna. «Halako gertakariek ez dute lekurik Euskadin» bere iritziz. Ildo horretan, «hausnarketa» eskatu du «etorkizunean horrelakorik gerta ez dadin».

Ertzaintzak atxilotuen jatorriaren inguruko datuak emateko iragarpenari buruz, ohartarazi du «arrisku handia» dagoela informazio hori «estigmatizaziorako» erabiltzeko, «azken finean PPk eta Voxek eskatu dutena izan da». «Horrek xenofobia kutsua du, eta PP eta Voxek erabiltzen dute bere diskurtsoarentzat», erantsi du.

Azkenik, Jose Antonio Jainaga Sindenorreko presidentearen ikerketari buruz galdetuta, Anduezak adierazi du «epaitegiek bere lana» egiten uztea dagokiola. «Ez dio mesede handirik egiten Talgoren operazioari, baina gauzak ez dira nahastu behar», ohartarazi du.

Jaurlaritza Logoa