Live
Haurrak ginenean, EITB 1 pizten genuen, gaur egun EITB 3, eta marrazki bizidunak ikusten jartzen ginen. Momentu hartan, guretzat erabat normala zen telebistan ikusten genituen pertsonaiek euskaraz egitea, Nobita, Doremi, Goku, Connan edota Luffy-k gure hizkuntzan hitz egitea. Baina, beste kanal batera pasatzerakoan, pertsonaia berdinek beste hizkuntza batzuetan hitz egiten zuten. Aipatutako pertsonaia guztien atzean hainbat pertsona aritzen ziren, telesail edota filmak bikoizten, gu euskaraz bizi ahal izateko.
Gaur egun ere hala aritzen dira, atzerritik iristen diren ehunka pertsonaiari haien ahotsa uzten, guk gure hizkuntzan kontsumitzeko aukera izan dezagun. Horietako bi ahots dira Julen Iraolaren eta Igone Gonzalezen ahotsak, eta gaur Bigarren kafean aipatu digute normalean, ikastaroen bitartez iristen direla bikoizketa mundura: «Bikoizketa ikastaro batean izena eman genuen, eta gero estudio batean ahots froga egiteko aukera suertatu zitzaidan; hori izaten da ohiko bidea».
Bestalde, kontatu dute batzuetan interpretazioaren bidetik sortzen direla bikoiztaile batzuk eta ikastaroetatik sortzen direnek interpretatzen ikasten dutela. «Bikoiztea interpretatzea da, ahotsarekin sentimenduak transmititzea», azpimarratu dute, eta hori izaten dela haien lanaren zati garrantzitsuena.
Horregatik, Elhuyarrek Aditu erraminta bikoizketa artifiziala argitaratu zuten unean, Euskal Herriko Bikoiztaileen elkarteak idatzi bat argitaratu zuen honen inguruko desadostasuna adierazten. Elkarrizketatuek azaldu duten modura, desadostasuna adierazten dute ez bakarrik haien lanaren zati bat kendu dezakeelako, baizik eta garrantzitsua delako sentimenduen adierazpena zaintzea. «Ez al da kezkatzekoa umeen input emozionalak robot batek sortutakoak izatea?», esan du Julen Iraolak. Honez eta gehiagoz aritu gara gaur Bigarren Kafean.


