Live

Peli Lekuona | Iraia Cambra
Interview
Juan Carlos Izagirre
EH Bilduko udal bozeramailea

«Gero eta gehiago gara Donostian bizi baina Donostiatik kanpo sentitzen garenak»

Juan Carlos Izagirre, EH Bilduko udal bozeramailea, izan da NAIZ Irratian, Eneko Goiaren dimisioaren harira eta Donostiako hurrengo erronka politiko eta sozialak hizpide hartuta.

Audio_placeholder

«Gero eta gehiago gara Donostian bizi baina Donostiatik kanpo sentitzen garenak»

Loading player...
Juan Carlos Izagirre, NAIZ Irratiko estudioetan.
Juan Carlos Izagirre, NAIZ Irratiko estudioetan. (NAIZ)

Eneko Goiak, Donostiako alkateak, hamar urteko agintaldia bete ondoren, aste honetan esango dio agur alkatetzari. Ostegunean egingo du azken agerraldia, hiriaren egoerari buruzko urteko osoko bilkuran. Testuinguru honetan, EH Bilduk aginte aldaketa eskatu du eta gobernantza eredu berria proposatu du, Juan Carlos Izagirre bozeramailearen esanetan, «aldaketa erreal eta sakon bat» behar delako Donostian.

Izagirrek argi adierazi du Goiaren erabakia ez dela ustekabekoa: «Ez da ausazko erabakia, baizik eta urteetako politika baten porrotaren ondorio zuzena». Halaber, uste du dimisioa «kalkulu elektoral baten ondorioa» izan dela, eta gogorarazi du legegintzaldiaren erdian hartu dela.

EH Bilduren iritziz, Donostian egindako politika «espekulatzailea eta kanporako begiradarekin» izan da, eta horrek donostiar askoren bizitzan ondorio larriak izan dituela salatu du: «Gero eta gehiago gara Donostian bizi baina Donostiatik kanpo sentitzen garenak».

Bozeramaileak turismoaren hazkunde kontrolgabea kritikatu du, eta adierazi du udal gobernuak «funts putreekin, eraikuntza-enpresekin eta ostalaritzarekin egin duela bat». Bere ustez, horrek hiriaren kohesioa ahuldu du, eta adierazi duenez, «Alde Zaharrean bertan, donostiar askok ez dute beren burua identifikatzen gaur egun».

EH Bilduk gobernantza eredu berri bat eskatu du, gardentasunean eta parte-hartzean oinarritua: «Udaletxea kalera atera behar da, herritarrekin batera erabakiak hartzera».

Bestalde, etxebizitza da koalizio abertzalearen kezka nagusietako bat. Izagirrek uste du tentsio eremu izendapena ez dela nahikoa eta neurri ausartagoak proposatu ditu: «Alokairu tasatuak behar dira, etxebizitza hutsen mobilizazioa eta lur publikoaren erabilera sozialaren defentsa».

Gros auzoko Maria Inmaculada komentua hotel bihurtzeko proiektuari dagokionez, EH Bilduk udalari egotzi dio kontraesanean aritzea: «Hitzez gauza bat esan, eta egitez kontrakoa egiten du udalak».

Era berean, Loiolako kuartelen lekualdaketa eta Basque Culinary Center Manteon kokatzeko asmoa ere salatu ditu: «Ez dago benetako partaidetza prozesurik, eta auzoetako bizilagunen iritzia baztertzen da».

Bozeramaileak aldarrikatu du EH Bilduren helburua dela «donostiar guztiontzako Donostia» eraikitzea, eta horretarako beharrezkoa dela «lidergo politiko berria eta gobernu aldaketa».

Jaurlaritza Logoa