Live
Adituek aspalditik diote musikaren unibertsoan den-dena asmatuta dagoela. Tesi hori defendatzen du, besteak beste, Everything is a Remix izeneko dokumentalak; baina egia da ere, sortzaile batzuk erreferentzialtasun horretan batzuetan apur bat urrun heldu direla. Euskal Herri mailako eta nazioarteko abesti batzuen antzekotasun susmagarriak aztertuko ditugu gaurkoan Ad Libitumen.
Noiz amaitzen da omenaldia eta noiz hasten da plagioa? Nazioartean sona handia izan dute plagioaren inguruan artista ezberdinen artean sortu diren iskanbilek; epaitegietan amaitu dute gehienek, oro har (John Fogerty John Fogertyren aurkakoa da, agian, bitxiena). Euskal Herrian ez da horrelako iskanbilarik inoiz sortu, baina horrek ez du esan nahi gure musikan antzekotasun susmagarri batzuk topatu ezin ditugunik. Horietako batzuk aztertuko ditugu gaurkoan Ad Libitum saioan: artista kuttunei eginiko omenaldi bezala funtziona dezaketen abestiak; zati txiki bat kopiatu eta abesti original batean txertatu direnak; gure gizarteari ingelesezko abestien euskarazko bertsioak «oparitu» nahi izan dizkioten artistak...
Gai arantzatsua izan badaiteke ere, ez dugu nahi horrela hartzerik; nork ez du inoiz melodiarik edota erritmorik kopiatu? Batzuetan ere, nahi gabe gertatzen dira horrelakoak: melodia bat sortu, lagun bati ilusioz beterik erakutsi eta honek «hau ez al da (txertatu taldearen izena)-ren (txertatu abestiaren izena)?» esaten dizunean, desengainua handia izaten da.
Nolanahi ere, saltsaz beterik datorkigu gaurko Ad Libitumeko atala. Zazpi abesti bikotez osatutako ordubete mardula; ez ezazu galdu!



