Live

Hegoi Belategi | Aritz Santamaria
Interview
Mitxel Lakuntza
ELAko idazkari nagusia

«Lehentasuna milaka lagunek bizi duten prekarietate sozialari eta laboralari aurre egitea da»

Ikasturte berriari ekingo dio ELAk, eta aurreko ikasturteko zenbait gatazka «konpondu gabe» daudela gogorarazi du Mitxel Lakuntza ELA sindikatuko idazkari nagusiak. «Kapitalaren interesak gailentzen diren testuinguruan», sindikatuaren ardatz nagusia «prekarietatearen aurkako borroka» dela esan du. 

Audio_placeholder

«Lehentasuna milaka lagunek bizi duten prekarietate sozialari eta laboralari aurre egitea da»

Loading player...
Mitxel Lakuntza artxiboko argazki batean.
Mitxel Lakuntza artxiboko argazki batean. ( Mikel Martinez de Trespuentes | Foku)

Ikasturte soziopolitiko berriaren lehentasunak azaldu ditu Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak NAIZ irratian: «Testuinguru honetan, non pobrezia handitzen ari den enpresen etekinak igotzen diren bitartean, milaka lagunek bizi duten prekaritate sozialari eta laboralari aurre egin», nabarmendu du.

Zehaztu duenez, azken hamarkadetan horretan aritu dira lanean. Izan ere, «arlo politikotik eta instituzionaletik» konponbiderik ez planteatzea deitoratu du, eta sindikatuak abiarazi duen ekimen bat azpimarratu du: Gutxiengo soldata propioaren aldeko ekimena. Lakuntzak argi azaldu du zein den gakoa: «Gutxiengo soldata erabakitzeko eskumena herri honek izan behar du». 

14 garraiolari hil dira Euskal errepideetan 2025ean. Lakuntza «desregulazioaren» ondorio direla gaitzetsi du; izan ere, enpresak etekinak handitzeko «epeak murrizten dituzte» eta horrek «langileengan presioa areagotzen du». «Lan munduan oro har gertatzen ari den errealitate bat» dela gehitu du Lakuntzak.

Lan gatazkak aztergai

Azken hilabetetan izan diren protestak ere aztertu ditu Lakuntzak. BSHko itxiera gaitzetsi du, «bidezkoa» ez zela adieraziz. Halaber, itxiera UGT eta CCOO sindikatuen sinadurekin gauzatu zela gogorarazi du. Lakuntzaren esanetan, «legeak horrelako itxierak onartzen ditu», eta gogor egin du lan erreformaren kontra: «Legeak langileak babestu behar ditu, enpresen etekinen aurretik». 

Maderas de Llodioko enpresa zuzendaritzak egin nahi dituen kaleratzeen aurrean, «borroka sindikala muturreraino eramatea» proposatu du Lakuntzak. Gasteizko lorezainen lan gatazkari dagokionean, greba eskubidea ez dela errespetatzen ari salatu du, eta Gasteizko Udala arduraduna dela azaldu du. Azpikontratazioaren eredua «berriro ere agerian gelditu» dela gehitu du Lakuntzak, azpikontratazio ereduak helburu bat duela: soldata baxuagoak izatea. Eredu horrek lan baldintzak «nabarmen kaxkartzen» dituela kritikatu du ELAko idazkari nagusiak.

Gipuzkoako erresidentzietan beste hiru greba egun deitu dituzte, kontratu partzialak salatzeko. ELAk, kasu honetan, publifikazioa eskatu duela azpimarratu du Lakuntzak. «Publifikazioa ematen ez den bitartean, langileen lan baldintzak duintzeko aurrera pausoak eman beharko dira», gehitu du. Lan gatazka honetan, LABekin «desadostasuna» dagoela onartu du, eta ELAk argi du «grebara jo» behar dela. 

«Eusko Jaurlaritzak ez du okerren dauden pentsiodunen egoera konpontzeko inongo asmorik»

Pentsiodunen mugimenduak 140.000 sinadura aurkeztu zituen arren, Eusko Jaurlaritzaren erantzuna argia izan da, eta Herri Ekimen Legegilea ez da Gasteizko Legebiltzarrean eztabaidatuko. Horren harira, Lakuntzak «txosten tekniko bat aurkeztu ordez, txosten politiko bat» idatzi izana leporatu dio Lakuari. Gainera, «alternatibarik ez ematea» gaitzetsi du ere bai.

Azken hilabetetan Ertzaintzaren ingurua zenbait albistek iskanbila sortu dute, besteak beste, Miren Dobaran Arkautiko zuzendariaren dimisioak edo hautagai ohi batek egindako salaketak. Lakuntzak sindikatuak aspaldidanik salatu zuena «agerian» gelditu dela azaldu du. «Hautaketa prozesua oso arbitrarioa da, hautaketa prozesu horrek diskriminatzen du genero, aniztasun sexuala edo posizio politikoengatik», deitoratu du iruindarrak.

EH Bildurekin «desadostasun estrategiko» bat

ELA sindikatuak EH Bildurekin dituen harremanei buruz ere aritu da Lakuntzak. Harremanak «normalizatu» eta bi aldeen artean «hartu-emanak» daudela adierazi du, baina alderdi subiranistarekin «desadostasun estrategiko» bat dagoela onartu du. Izan ere, ELAk EH Bilduren «oposizio instituzionala» faltan botatzen du.

Jaurlaritza Logoa