Live

«Ustez galduta zegoen sagar barietate batekin egin dugu topo»

Zallan sagasti tradizionala berreskuratzeko jardunaldia antolatu dute Hazien Sareak eta Zalla Ingurumena taldeak. Ekimenaz eta burutuko dituzten lanez jardun gara Joseba Ibargurengoitia Hazien Sareko kidearekin.

Audio_placeholder

«Ustez galduta zegoen sagar barietate batekin egin dugu topo»

Loading player...

Zer dela eta jarri duzuen martxan halako ekimena?

2015ean hasi ginen eta pixkanaka bagoaz lursailak eta baserritarrak ezagutzen eta sare bat osatzen. Kanon lursail komunalak ezagutu genituen eta orduan egin genuen topo sagasti honekin eta landatu zuen gizonaren ilobarekin. Konturatu ginen bertako barietateekin egindako landaketa zela, Zalla eta Enkarterri aldeko barietateekin. Zein interesgarria den eta apur bat utzita zegoela ikusita, martxan jartzea erabaki genuen berreskuratzeaz gain sagastien kudeaketa eta maneiua irakasteko herritarrei. Bigarren urtea da sagasti honetan auzolana antolatu dugula.

2015etik ari zarete baina sagastia noizkoa da?

Gutxienez 50 urte izango ditu. Lursail honek badu bere historia tristea, duela lauzpabost urte iloba hil zen gaztea zela eta 6-7 urtez utzita egon da. Gainera, sailaren ondoan pinudi oso altu bat zegoen aldamenean eta sagarrondo batzuk gerizpean zeuden. Egin ditugun auzolan eta formakuntzetan pinudia moztu dugu eta pixkanaka-pixkanaka ari gara sagastia berreskuratzen. Arbolentzako ere egokiagoa da lanak pixkanaka egitea eta hori da baserritarrek esan digutena, fruta-arbolei egokitzeko denbora emateko.

Mende erdiko sagasti batean, non azken urtetan utzia egon den, zer lan lehenesten dira?

Aukera desberdinak daude. Izatez, gu ere aukera desberdinak probatzen ari gara. Lerroka antolatuta dago, beraz, lerro batean egin dugu aldaketa handiagoa, bigarren batean apur bat gutxiago, beste batean maneiu esperimentalagoa… Beti ere, jakina, adituekin egiten ditugu horrelako lanak, aholkulari oso onak ditugu bai eskualde mailan bai estatu mailan.

Laguntzen du lursailaren eskumena edo kudeaketa ardura udalak hartu izanak?

Bai. Normalean udaleko zinegotziren bat eta teknikaria etortzen dira eta hasietarik erakutsi dute inplikazioa. Alde ekonomikoan eta zabalpenean baliabide asko dituzte eta lankidetzan gabiltza.

Oso sail interesgarria omen da, zergatik?

Adibidez, lehen urtetan egindako elkarrizketetan asko aipatzen zuten ustez galduta zegoen sagar barietate bat, Azipre edo azipres delakoa (Malus domestica) eta, hara non, lursail honetan topatu genuen!

Azken hamarkadetan erakunde publikoetatik sustatu izan dutena da barietate komertzialak eta kanpokoak aldatzea eta, orduan, horrelako ekimen batean horrelako landaketa bat topatzea oso sorpresa polita izan zen. Ez dago dena galduta.

Zer asmo duzue sagastitik lortzen duzuen uztarekin?

Urduñako udalarekin eta ekoizpen bulegoarekin batera jada martxan dugun proiektua da Zalla eta eskualdeko eskolekin sagarra bildu eta, ondoren, zukua egitea edo jantokietan eta etxeko sukaldeetan Enkarterrietako barietateak izatea. Labur esanda, elikadura burujabetza lantzea eta gizartea elikatzea da helburua.

Berreskurapena, formakuntza eta ekonomia eta elikadura burujabetza. Ez dira erronka makalak.

Ez ez, oso lan ildo konplexuak dira, epe luzekoak. Horregatik goaz pixkanaka-pixkanaka eta horregatik da ezinbestekoa konpromiso soziala.

Hilaren 20an, larunbat honetan, berreskurapenerako auzolana deitu duzue.

Hori da. 09:30ean Zallako sarreran dagoen aparkalekuan elkartuko gara eta taldeka antolatuko gara sagastira joateko. Lan egiteaz gain, oinarrizko kontzeptuen azalpenak izango ditugu, historiaren berri izan eta gehiago. Gainera, bertako produktuekin hamaiketakoa egingo dugu. Lan egin, proiektua ezagutu, gustura ibili eta taldea egitea da asmoa.

Jaurlaritza Logoa