Live
Larunbat honetan, herriko plaza hartuko du berriro ere Izan Iñnrri Elkarteak. Izan ere, iaz bost urte bete zituen eta ordura arteko ibilbide oparoa ospatu eta bidean egindako lagunak elkartzeko lehenengo Inurri Eguna antolatu zuten estreinakoz Usurbilen. Heriotza edota doluari edota sexualitateari buruzko solasaldiak, tailerrak, bazkaria, bakarrizketa saioa, kontzertuak... egun pasa arrakastatsua izan zuten. Egun haren harrera ikusita, bigarren edizioa antolatzea erabaki dute aurtengoan.
Ekimenak jaso duen babesa izugarria izan da, eta horren aurrean, oso pozik eta eskertuak daudela adierazi du Julene Illarramendik. «Oso eskertuak gaude, berriro ere hau ospatuko dugulako eta izugarrizko babesa jaso dugulako».
«Babesleku bat da, ulertuko, entzungo eta lagunduko zaituen norbait edukitzea da. Guretzat tribua dena da»
Minbiziaren akonpainamendu, formazio eta dibulgazioan ikuspegi feminista eta eraldatzaile batetik eragiten diharduen ‘inurritegiak’ elkargune fisikoa du udaberriaz geroztik Usurbilen. «Apur bat profesionalizatzera eraman gaitu, behar genuen espazio bat gure lana aurrera eramateko. Egia da Inurri txikia dela, baina geroz eta handiago gara, eta leku bat behar genuen gure inurriekin elkartzeko».
Hitzaldi eta tailer desberdinen bitartez, minbiziaren alor ezberdinak landuko dituzte, heriotza, dolua ala sexualitatea, bestek beste. Garrantzia ematen diote gai hauez hitz egiteari «gutxi hitz egiten delako honetaz». Ospatzeko egun bat dela azpimarratzen dute, baina ez horretarako soilik. «Tarte bat hartu nahi genuen Inurriren irudi ez hain 'Pink', baizik eta 'Punk' hori erakusteko. Nik uste ongi etortzen zaigula guztioi lehenengo pertsonan bizi izan duten emakumeei entzutea. Mundua apur bat aldatzen du eta beharrezkoa da beraien bizipenak entzutea ikasteko».
Tribu kontzeptua erabiltzen dute Izan Inurri definitzeko, finean beraientzat tribu bat, sarea, familia edo elkartzen dituen zerbait delako. «Babesleku bat da, ulertuko, entzungo eta lagunduko zaituen norbait edukitzea da. Guretzat tribua dena da».


