Live
«Lanean begirada desatsegin asko sentitzen ditut, gizonezko langile eta ikusleenak»
Kantugintza, berezko kontrasteak, laneko egoerak eta buru osasuna izan ditugu hizpide Maren kantariarekin Otea lili saioan.
«Lanean begirada desatsegin asko sentitzen ditut, gizonezko langile eta ikusleenak»
Maren kantariak (Bilbo, 2002) txikitatik argi ikusi du kantugintza izango zela bere lanbidea, zalantza barik, gainera. Bizkaiera garbi, txukun eta jantziarekin osatu du solasaldia aisetasun izugarriarekin, estualdirik gabe. Ongi kudeatzen du komunikaziorako daukan erraztasuna. Hogeita bi urterekin erakusten duen patxara bikaina da. Bilbon eta bartzelonan bizi da. Arrazionala da, hotza eta emakume praktikoa, baina baita emozioen zale ere. Kontraesan horrekin bizi du egunerokotasuna. Kontraste handiko pertsona da.
Maren Bilbon jaio zen 2002an. 14 urte zituela kaleratu zuen EP bat, gero 18rekin lehen diskoa, ‘Begixek’ izan da bigarren EPa eta bigarren disko luzea 2024an argitaratu zuen. Musikaria da eta hori du lanbide.
Lanean begirada desatsegin asko sentitzen ditu, langileenak (ez bere lan-taldekoak) eta ikusleenak. Begirada desatseginen aurrean jarrera tinkoa du eta ez du isiltzen haserrea. Gazte eta neska delako gizonezko askok uste dute haren gainetik daudela. Eszenatokitik aldagelera bidean egoera deserosoak bizi izan ditu. Hauek bere hitzak: «Zortzi urte nituenetik joan izan naiz psikologora eta bizitzak dituen gorabeherak ongi neurtzeko lagungarria da. Lasaitasuna gutxitan sentitzen duguna da, normalean estresak jota gabiltza, antsietatearekin, presioarekin, baina ongi gaudenean ere presio hori ez da desagertzen beti gaudelako zerbait hobearen bila. Zahartzaroak ez dit beldurrik ematen, baina burua zainduta presioetatik».



