Live
«Biolentziak baditu forma ezberdinak, baita izen abizenak ere»
‘Anabasa’ izenpean argitaratu dute hirugarren lan luzea Dena ondarrutarrek. Beñat Eizagirre Artetxe (hitzak eta gitarra), Xabat Ituarte Bengoetxea (bateria) eta, Unai Aretxabaletari lekukoa hartuta, Beñat Bidegain Lekuek (baxua) osatzen dute egun taldea.
«Biolentziak baditu forma ezberdinak, baita izen abizenak ere»

Bonberenea eta Betepaetaren babespean argitaratu duzue diskoa. Zer da Betepaeta?
Pandemia eta gero Ondarruko gazte asanbladatik ikusten genuen gabezia zegoela gaztetxean, ez zela antolatzen kontzerturik, eta errebelo generazional hori bhilatzeko kontzertuak antolatzea pentsatu genuen. Kontzertu ziklo bat antolatu genuen eta antolakuntzan jende gehiago sartu ahala Betepaetak kolektibo forma hartu zuen, beti autogestiotik antolatzen, eszena horizontala sortu nahian eta txikitik sortzen. Aurten eduki duen berrikuntza izan da bertatik pasa diren talde batzuk batu eta diskoak editatzeko kolektibo forma ere hartu duela, kontzertuak antolatzeaz aparte.
Zer izan da, eskualdeko taldeen batura edo zabaldu zarete gehiago?
Euskal Herria orokorrean, Txilekoren bat edo Gironako bat ere etorri bada ere.
‘Nor bere lekuan’, hori ere izan daiteke gazteak gaztetxean gauzak antolatzen egotea, diskoa irekitzen duen kantuaren izena izateaz gainera.
Bai. Aterpeak sortzea, lekuak bilatzea eta horiek zalantzan jartzea, beste lekuak ulertzea... ez da disko kontzeptual bat baina bai irten dela iruditeri bat. Nik beti sentitu izan dut gauza bat kontatzeko oso beharrezkoa dela testuingurua, hau da, non pasa den, nola pasa den... testuinguruak berak asko kontatzen duelako. Letrak ipintzen ari ginela, ikusten genuen oso kontestualak zirela kantak eta ikusi genuen bazela tira egiteko hari bat. Hortik joan ginen.
«Mina politikoa ere badela hartu behar dugu kontuan. Harreman interpertsonaletan biolentziak zelan eragiten duen hausnartu dugu ‘Basa’ kantuan»
Single bezala etorri zenean, akaso gehiago geratu nintzen soinuarekin. Karlos Osinaga ‘Txap’-en soinu identifikagarri hori badago. Nahiz eta zuek Txapek sartuko liokeena baino rever gehiago sartu diozuen, baxuan-eta beste gorputz bat eman diozue.
Bai. Azkenean bilatzen genuena zen elementu minimoekin ahalik eta gehien egitea, eta bai izan dela berrikuntza bat disko honetan. Saiatu gara instrumentu bakoitzari leku bat edo presentzia bat ematen, baxuak adibidez presentzia gehiago du disko guztian, eta gero joan-etorri asko ere badaude, espazioa lagatzen saiatu gara eta baita guztiak nahasten ere. Soinu aldetik, gitarrak adibidez oso gordin daude, ez daukate efektu askorik eta efektua daukanean da zati ezberdinak egiteko. Adibidez, micro looper batzuk daude, pedal batez eginak... halako kontu friki batzuk sartu ditugu.
Kantu honek stoner ukitu bat ere badu.
Izan daiteke. Berez esango nuke kanta honetarako erreferentzia handiena Borrokan dela, oso obsesionatuta geunden talde horrekin.
Erreferente ona hautatu duzue hor. Badago hor erreferentzia bat, «baina berriz etorriko zara», eta nik Ondarruko kantu klasiko bat bezala ulertu izan dut. Baina zuek buelta txiki bat eman diozue letrari.
Bai, hori da. Diskoko lehen kantua da eta sarrera ematen dio nolabait. Geldialdi txiki bat egin dugu, baxu-jole berria, Beñat, sartu da eta entzulearekin ostera ere kontaktuan jartze bat ere bazen. Aurreko diskoko erreferentziak ere badaude.
Erreferentziez jositako disko bat da, aurreko diskoari eta baita honi ere. Lehendabiziko errepika horretan, gutxienez, lau edo bost tituluren hitzak sartu dituzu. Eta hori konstante bat da diskoan. Hori ere bada ‘Anabasa’-ren parte bat?
Bai. Kantuen izenburuak azken minutuan erabakitzen ditugu, baina letrekin jolastea gustatu egiten zaigu.
‘Les Vitres’, erakusleihoak. Abiadura sentsazioa ematen duen kantua da.
Izan daiteke azkarrena. Oso energikoa da, zuzena, eta baditu bere jolasak ere. Diskoko soinutik gehien aldentzen den kantua ere bada; lehenenego sortu genuen abestia da eta agian horregatik izango da.
Letrari erreparatuz, erakusleihoak izan daitezke sareetako profilak, indibidualismoari kritika bat ikusi dut nik hor.
Hauskortasunari begira egindako kantu bat da, adierazi nahi izan dugu norbere burua garatzeko beharrezkoa dela kolektibotasuna, eta izenburua ere hortik dator. Somos la herencia musika taldeak kantu batean dio ‘paso de brutalismo, te quiero en vidrio’. Disko guztiak oso tematika gordina du eta horrenbeste zementu artean jarri nahi izan dugu beira.

Azken zatian platerek eta txapek duten hotsa asko gustatu zait. Xabatek platerak gehitu dizkio setari?
Ez ez, kendu egin ditu. Sinplifikatu egin nahi izan dugu guztia. Oinarrizkora joan da.
‘Hondakinen bat’ dator atzetik. Introan erritmikarekin jolasean zabiltzate, baina itxura da gutxiago konplikatzen saiatu zaretela edo entxuleari buruan krak gutxiago sortzen saiatu zaretela. Entzunerrazagoa egiten da.
Baxutik abiatuta sortu genuen lehen kantua izan zen, normalean gitarratik edo bateriatik hasten baikara. Baxu linea batetik abiatu ginen eta linea hori buklean erabili dugu tonua aldatuta. Lehenengo hiru kantak bloke moduan ulertu genituen, pixkat bata bestearen segida moduan, tonu berean daudelako, eta gorputzak eskatzen zigun kanta ‘lasaiagoa’ edo egitea.
Asko gustatzen zaigu sentsazioei kasu egitea, kantuak zer eskatzen digun gogoetatzea. Horrela egituratzen ditugu kantuak.
Unai Aretxabaleta Zelaiak grabatu zuena atzetik etorri den Beñat Bidegain Lekuek defendatu beharra bitxia da. Nolatan izan da aldaketa hori?
Batzeko zailtasunak genituen, ezin genituen proiektuak aurrera eraman eta Beñati esan genion lehenengo kontzertura etortzeko. Beñat laguna da, hasieratik egon da eta argazkiak ere berak egin dizkigu, estudioan ere egon da gurekin, Betepaetan ere sorreratik egon da... logikoena zen bera izatea. Sorkuntza prozesuan presente egon den pertsona bat da.
Berak badu beste proiektu bat, Malko bat, eta asko gustatzen zaigu berak nola jolasten duen. Xabati eta niri asko gustatzen zaigu bere sorkuntza.
‘Hondakinen bat’ kantuko letran, emozioen kudeaketa edo kudeaketa eza aipatzen dira, osasun mentalaz ari zara kantuan?
Bai, era batera bai. Kantuak badu egitura bat, bi parte errepikatzen dira baina parte beraren bi bertsio dira, bai letran eta bai alderdi musikalean ere. Lehenengoak badu tonu destruktiboagoa edo, ilunagoa, eta bigarren parteak badu argia, gauzak ulertzetik eraikia izan da.
‘Basa’ kantuak beste pisu bat du, laburra eta indartsua da. Hardcorera goazela dirudi, baina ez goaz. Eta letra, sublimea: «Buruko nekea, sistemaren zama, baina horri guztiari nola eman diozun forma».
Saiatu izan naiz beste pertsona batzuen lekuak ulertzen, beste pertsona batzuen lekuetatik idatzen ere bai, bestelako ariketa estetiko bat bilatzeko. Hau bada beste pertsona baten minetik idatzitako kantu bat. Biolentziak baditu forma desberdinak eta izen abizenak ere baditu askotan. Eta mina politikoa ere badela hartu behar dugu kontuan. Harreman interpertsonaletan biolentziak zelan eragiten duen hausnartu dugu kantu honetan.
«Kontzertu bakoitzean kontzientziak mobilizatu eta Israeleko estatuari boikot egiteko dei egin badezakegu, ba behintzat ari gara zerbait egiten»
‘Lurrazpitik’ amorrua, txapa festa eta disonantzia dezente duen kantua da. Eszenari eta eszenan daudenei kritika egiten dien kantua da.
Eszenan daudenei baino, geuk zela ulertzen dugun gure lekua eszenan hausnartu dugu. Esango nuke gehiago dela gure buruari kritika bat, baina horrek inplikatzen du ere bai eszenari kritika bat egitea. Ez zaigu gustatzen egun nola dagoen eszena: gustatzen zaigu musikalki nola dagoen baina ez egiteko erak, eta hori aldatzea nahiko genuke.
Ez ditugu zalantzan jartzen gure pribilegioak; gizonak izateaz aparte, ez dugu zalantzan jartzen guk jotzen dugula beste batzuk jotzen ez dutelako eta beharrezkoak ikusten ditugu gogoeta horiek ere. Eszena aldetik hobetzeko gauza asko dagoela ikusten dugu eta ez da elkarrizketarako tarterik ematen. Debaterik ez da irekitzen eszenan bertan.
Arte brutalista ere aipatzen duzu kanturen batean. Eta diozu: «arte brutalista gordin, biluzik eta bistan», eta hori da hain zuzen diskoaren azalera eraman eta diskoaren irudi bilakatu duzuena.
Musika sortzen ari ginela irudi batzuk sortzen zitzaizkigun eta Ondarruko portuaz hitz egin nahi dugu berba, gizarteko problematika ugari deskribatzen baititu, arrazakeria, langabezia, espekulazioa, genero aldetik markatutako lanak... gauza asko errepresentatzen ditu portuak, gure iruditerian dauden arrantzale etabarrengandik aldendu egin nahi genuen eta bestelako gabezi batzuetaz berba egin.
Ondarruko portuak badauka testuinguru oso gordin bat paisaia aldetik ere, zementua etabar, eta irudikatzen genuen irudi hori estetika aldetik.
Diskoa Palestinako herriari eskaini diozue.
Gure buruari galdegiten genion: ze zentzu du guk momentu honetan disko bat ateratzeak? zer egin dezakegu guk genozidio baten aurrean? Oso txiki sentiarazten gaituen zerbait da eta badakigu ez garela bozgorailu handia, baina behintzat joaten garen kontzertu bakoitzean ahal badugu kontzientziak mobilizatu eta deialdiak egin Israeleko estatuari boikot egiteko, ba behintzat ari gara zerbait egiten. Askotan horrelako gauzen aurrean ez dakigu zer egin.



