Live

Badira urte batzuk Bea Asurmendi Londres aldera mugitu zela bere musika ikasketak egin eta jazz munduan murgiltzera. Ahotsa da bere instrumentua eta ahotsa da ‘Asteartea’ diskoan berak grabatu duena. Hori bai, kantuak idatzi, konponketak egin eta prozesu guztian lanean bera ibili da. Munduko txoko desberdinetako musikariak elkartu ditu diskoa lantzeko, Finn Bradley, Gianluca Corona, Giovanni Cresseri, Filippo Galli, Demi Garcia, Milena Granci, Claudia Marques eta Yoanna Prodanova izan dira diskoan parte hartu duten musikariak. Haiek, eta etxekoagoak zaizkigun Idoia Asurmendi, ahizpa, eta Judit Nedderman.
Diskoaren kontzeptua terapia talde batetik abiatzen da. «Astearteak niretzako asteko egunik onena ziren, babesgune bilakatu zen talde terapia bat egiten nuelako egun horretan eta hortik dator diskoari izen hori ematearena», kontatu digu Asurmendik. Diskoan izen bitxiak ere topatu ditugu, Grezia klasikoko musen izenburuak baitaramatzate zortzi abestitatik seik. Hala, Oizys, Lola, Enodia, Euterpe, Ostara eta Baubo zer diren ezagutu dugu haren ahotik.
Musikan, berriz, denetariko erreferentziak topatu daitezke, jazz musika beti ere erdigunean jarrita, jakina. Nahiz eta berak bere burua ez duen jazz artista bezala nabarmentzen. Instrumentuen aniztasuna eta ahotsaren erabilera dira nabarmentzeko bi elementu, baina inprobisazioari utzitako tartea ere azpimarratzekoa dela esan genezake.
Orain artean fisikoan zuenak baino ez zeukan hura entzuteko aukerarik, baina gaurtik aurrera diskoa plataforma digital guztietan dago entzuteko moduan eta baita MusikHaria saioan egindako elkarrizketa ere.





