Live
NEREA:
Egun on.
ANDER:
Baita zuri ere.
NEREA:
Bidaiak gustatzen al zaizkizu?
ANDER:
Hegazkinez eta trenez edonora joango nintzateke. Baina ezin ditut jasan autobusak eta itsasontziak.
NEREA:
Aitor Igiñitz izeneko batek bizikletan bost kontinente zeharkatu ditu hamasei urtetan.
ANDER:
Zenbat kilometro egin ote ditu munduan barrena!
NEREA:
124.000 kilometro inguru.
ANDER:
Eta noiz hasi zen?
NEREA:
2006. urtean. Urtebeterako asmoarekin abiatu zen, baina hamasei igaro ditu.
ANDER:
Zer beharko da bizikletan bidaia luzeak egiteko?
NEREA:
Bizikletaren atzealdean ipintzeko zakuto aproposak. Kanpin denda on bat ere bai, noski. Eta su txiki bat, janariak prestatzeko.
ANDER:
Entzunda daukat komeni dela ur iragazle bat eramatea, toki guztietan ez baitago ur garbia topatzerik.
NEREA:
Bizikleta konpontzeko tresna batzuk ere beharko dira.
ANDER:
Gauza horietaz gain, funtsezkoena da malgua izatea. Egoera berrietara edo aldaketetara erraz egokitzen ez bagara, akabo!
NEREA:
Herri bakoitzak bere kultura izaten duenez, hango ohituretara eta arauetara moldatzea izango da aurreneko eginbeharra.
ANDER:
Aitor Igiñitzek nora bidaiatzeko asmoa du hurrena?
NEREA:
Nepalera joango da berriz, orain dela hamasei lehenengoz egin zuen bezala. Dena den, hemendik aurrera bizikletarik gabe ibiliko dela adierazi du
AITOR IGIÑITZ
NEREA:
Bidaiako lagunari nork bere neurria hartu beharko diola esan dio kazetariak.
ANDER:
«Bakoitzak bere neurria» adierazteko modu bat da hori.
NEREA:
Adibide bat jarriko dut nik: «Nork bere gauzak eramaten ditu bidaia batean».
ANDER:
Horixe bera beste bi era hauetan ere osatu liteke:
—«Bakoitzak bere gauzak eramaten ditu bidaia batean».
—«Zeinek bere gauzak eramaten ditu bidaia batean».
NEREA:
Euskarazko aditzak ikasterakoan nor-nori-nork sistema aplikatzen dugun moduan, halaxe funtzionatzen du horrek ere.
ANDER:
Orain nik ipiniko dut adibidea, baina 'nor' erabiliz: «Nor bere bizikletaz arduratuko da».
NEREA:
Beste bi era hauetan ere esan liteke:
—«Bakoitza bere bizikletaz arduratuko da».
—«Zein bere bizikletaz arduratuko da».
ANDER:
Egingo al dugu azkeneko froga bat?
NEREA:
Konforme. Jarri ezazu adibide bat, 'nori' erabiliz.
ANDER:
Ea, ba, hementxe doa: «Bidaian, nori bere maniak eta akatsak onartuko dizkiogu».
NEREA:
Orduan honela esango genituzke beste bi formekin:
—«Bidaian, bakoitzari bere maniak eta akatsak onartuko dizkiogu».
—«Bidaian, zeini bere maniak eta akatsak onartuko dizkiogu».
ANDER:
Nork berea edo bakoitzak berea, bi formetatik zuri zein gustatzen zaizu gehiago?
NEREA:
Nik biak erabiltzen ditut.
AITOR IGIÑITZ
NEREA:
Bost urteko bidaia bat egitekotan, nora joango zinateke?
ANDER:
Badakizu ez naizela leku exotikoen zalea.
NEREA:
Ai! Batzuetan zeinen txepel jartzen zaren, Ander!
ANDER:
Nork bere gustuak ditu. Niri Gales, Ingalaterra, Eskozia eta Irlanda gustatzen zaizkit. Bost urte trenez... inoizko oporrik ederrenak izango lirateke niretzat.
NEREA:
Jakina, bakoitzari bere akatsak onartuko dizkiogu.
ANDER:
Batez ere, nor bere giroetan pozik moldatzea da inportantea.
NEREA:
Herrialde horietan denek dakite ingelesez. Baina nork bere hizkuntza dauka, ezta?
ANDER:
Galesa %20k hitz egiten du, 750.000 lagun inguruk. Eskozieraz milioi eta erdi pertsona mintzatuko dira. Eta Irlandako gaeleradunak 400.000 izango dira.
NEREA:
Nori bere hizkuntza errespetatzen al zaio? Edo ingelesak dena irensten du?
ANDER:
Zure galderaren barruan dago erantzuna, Nerea. Baina orain zuk esan: nora joango zinateke zu bost urterako?
NEREA:
Japoniara!
ANDER:
Zergatik?
NEREA:
Gastronomiarengatik. Eta zelai botanikoengatik. Eta antzinako ohiturak ezagutzearren. Eta hango modernitateak dituen forma ugariak bizitzeko. Kontraste izugarriak daude han.
ANDER:
Nork bere bidea egin behar du bizitzan.
NEREA:
Hori da: bakoitzak bere filosofia du.
NEREA:
Nork bere erabakiak hartzea bakoitzak bere erabakiak hartzea dela.
ANDER:
Norberak erabakitzen duela, orduan, nora eta nola joan.
NEREA:
Zeini berea onartu behar zaiola: bizikletaz joan, trenez joan, oinez joan, hegazkinez joan…
ANDER:
Bakoitzak baititu bere gustuak.
NEREA:
Norbera den bezalakoa hartzea baita ederrena.
Hemen entzun dezakezue Aitor Igiñitzi egindako elkarrizketa NAIZ Bidaiari saioan.


