Live

Iraia Cambra | Peli Lekuona
Interview
Alfonso Rios
CCOOko exekutiba berriko kidea eta sindikatuaren Lan Osasuneko arduraduna

«Gaur-gaurkoz lehentasuna da Confebask patronala elkarrizketa mahaira bueltatzea»

Zuzendaritza aldaketarekin amaitu du XIII. Kongresua CCOO sindikatuak. Alfonso Rios exekutiba berriko kideak lehentasunen artean patronala elkarrizketa mahaian eserraraztea dagoela nabarmendu du NAIZ Irratian. 

Audio_placeholder

«Gaur-gaurkoz lehentasuna da Confebask patronala elkarrizketa mahaira bueltatzea»

Loading player...
Alfonso Rios, CCOOko exekutiba berriko kidea eta sindikatuaren Lan Osasuneko arduraduna.
Alfonso Rios, CCOOko exekutiba berriko kidea eta sindikatuaren Lan Osasuneko arduraduna. (Naiz Irratia)

CCOO sindikatuak XIII.Biltzar Nagusia egin berri dute, Sati Martinez izango da Euskal Autonomia Erkidegoko idazkari nagusi berria Loli Garciaren lekukoa hartuta. Alfonso Rios exekutiba berriko kideak eta Lan Osasuneko arduraduna Naiz Irratiko uhinetan izan zen atzo lehentasun eta erronka berrien inguruan hizketan.

Aipaturiko lehentasunen artean, lan hitzarmenen arteko gutxieneko soldatarena dagola adierazi zuen, Confebask patronalaren «arduragabekeria» salatu zuen negoziazio mahaitik altxatu zelako: «Gure lehentasuna orain Confebask patronala elkarrizketa-mahaira bueltatzea da, horretarako zubiak eta elkarrizketa bideak irekita daude».
Zifra jakin bat aipatu ez bazuen ere, «Europako Gutun Sozialak ezartzen duen moduan, batez besteko soldataren %60aren bueltan kokatuko litzateke soldata hori», zehaztu zuen.

Bridgeston Bestalde, sindikatuaren beste helburu nagusietako bat lanaldia 37 ordura murriztea da, soldatarik galdu gabe. Lau eguneko lan-astearen inguruko eztabaida zabalik dagoen arren, CCOOk «malgutasunaren izenean ezkutatzen diren murrizketak» saihestu nahi dituela azaldu zuen Riosek.

Bridgestoneko auziari begira ere jarri zen Rios, eta 300 kaleratze baino gehiago saihestu dituen akordioa positiboa dela azaldu zuen: «Hasierako 335 kaleratzeetatik 103ra jaistea langileen mobilizazioari esker lortu da». Gainera, Riosek nabarmendu zuenez, kaleratze horietako asko borondatezkoak izango dira, eta 45 eguneko kalte-ordaina jasoko dute urte bakoitzeko, mugarik gabe.

Laneko segurtasunaren inguruan, CCOOko ordezkariak azpimarratu zuen ezin dela erantzukizuna langileengan soilik utzi. «Prebentzio-kultura enpresen ardura ere bada, eta neurri kolektiboak ezinbestekoak dira», ohartarazi zuen Riosek arrisku psikosozialei ere erreparatuz.

Lan lerroak

CCOO «barnetik kohesionatuta» dagoen eragile bat dela azaldu zuen Riosek, eta datozen urteetan zein erronka izango dituzten aipatu zuen: zaintza arloan herri itun bat, genero berdintasuna lortzeko bidea, euskara administrazioan erabiltzeko eskubidea eta migrazioaren kudeaketa duina. «Gakoa ez da immigrazioa bai ala ez, baizik eta nola kudeatzen den». Ildo horretan, pertsona migratuek jasotzen duten harrera «giza eskubideen kontutzat» hartu behar dela azpimarratu zuen.

Euskararen kasuan, perfilak ezarri behar direla defendatu zuen, eta «herritarrekin zuzeneko harremanik ez badu», garbitzaile baten kasua esaterako, euskarazko perfila ez izateagatik kaleratzea, ez dela «egokia» adierazi zuen.

Gazteen parte-hartze eskasa ere aztergai izan da kongresuan. CCOOk aitortu zuen 35 urtetik beherakoen inplikazioa oso txikia dela, eta gizarte osoaren erronka dela belaunaldi gazteak sindikalismoan barneratzea.

Aurrera begira, sindikatuen balioa azpimarratu zuen Riosek: «Erantzun kolektiboak eraiki behar dira gero eta anitzagoa eta prekarizatuagoa den langile klasearentzat». CCOOren gidalerroa honakoek zehaztuko dutela aurreratu zuen: «Soldata gehiago, lanaldi gutxiago, eskubide gehiago eta kohesio handiagoa».

Jaurlaritza Logoa