Live

Enpresak aurrejubilazio aukerak aztertzeko borondatea erakutsi duela azaldu du Igor Mena Bridgestoneko CCOO sindikatuko idazkari nagusiak NAIZ irratian. 55 urtetik gorako langileentzako aurrejubilazio aukera mahai gainean jarri da eta hori «enpresaren negoziazioan jarrera aldaketa bat» dela dio.
Hala ere, Igor Mena kritiko agertu da enpresaren planteamendu orokorrarekin. Bere esanetan, Enplegu Erregulazioko Espedientearen (EEE) oinarria ez da aldatu: «Enpresak dio sektorea ez dagoela egoera onean eta kaleratzeak beharrezkoak direla». Murrizketak sektorearen egoera ekonomikoan oinarritzen direla argudiatu du zuzendaritzak, baina langileek uste dute bestelako neurriak posible direla.
Langileen ordezkariek kezka adierazi dute Europako beste lantegiak nola kudeatzen ari diren ikusita. Idazkari nagusiak salatu duenez, «Poloniako Stargard-eko lantegian ez da inolako kaleratzerik aurreikusita, eta produkzio normalarekin jarraituko dute». Horrek susmoa piztu du, eta beldur dira produkzioaren parte bat han deslokalizatzeko aukera egon daitekeela.
Gainera, «murrizketen egoera Bizkaira eta Kantabriara mugatu dela» azpimarratu du eta, bere hitzetan, «mezu bat dago horren atzean». Langileek uste dute Bridgestonek ez duela apustu garbirik egiten Basauriko lantegiaren etorkizunaren alde.
Hala ere, esperantza txiki bat mantentzen dute negoziazio mahaiaren bidez kaleratze kopurua gutxitzeko. Bitartean, langileen ordezkariek ez dute borroka baztertzen. Datorren egunotan negoziazio prozesuak nola garatzen diren funtsezkoa izango da haien etorkizuna zehazteko.




