Live

Hasieran Kattalin Elizalde kolegioaren handitze lanak finantzatzeko antolatua bazen ere, Arberoako ikastolan izandako suteak bigarren helburu bat gehitu dio festari. «Ez da ausaz egindako festa, beharrak bultzatutako festa da», nabarmendu du Koldo Rodriguez Herri Urratseko kideak.
Aurtengo Herri Urratsek bi norabide ekonomiko izango ditu: Kattalin Elizalde kolegioko lanak eta Arberoako ikastola berreraikitzea. Guztia eguraldiaren menpean antolatu arren, argi dute ezin direla horregatik baldintzatu: «Seaska ezin da eguraldiari begira egon eta horrek kondizionatu. Herri Urrats ekonomikoki arnasa da».
Elgarrekin, komunitatearen indarra
Leloa ere ez da kasualitatea: Elgarrekin. Ikastolen proiektuak komunitatearen indarraz egiten du aurrera, eta aurten mezu hori lehen lerrora ekarri dute. «Egungo indibidualismoa markatzen duen mundu honetan, gu kontrako bidean goaz. Elkarrekin indartsuagoak gara eta elkarrekin gauza asko eraiki ditugu».
Jendetza espero da igandean Senperen. Hainbat herritatik autobusak antolatu dituzte, eta autoz joateko ere badago aukera, pazientziaz jokatuz gero. Hala ere, garraio publikoaren gabezia agerian geratuko da berriz ere Ipar Euskal Herrian.
Musika eta belaunaldien arteko zubia
Musikak beti izan du protagonismoa Senpereko lakuko ikastolen festan, eta aurten kartela askotarikoa eta oparoa izango da: Olatz Salvador, Süne, Dupla, Ezpalak, Maskak, Ingot (Itziar Ituño tarteko) eta Karena, aurtengo Herri Urratseko maketa lehiaketaren irabazlea. Aurten 29 taldek hartu dute parte, euskal talde berriak ikustarazteko asmoa duen lehiaketa honetan. «Normalean talde handietara jotzen dugu, baina aurten Euskal Herriko talde berriei aukera eman nahi izan diegu Herri Urratsen parte hartzeko».
Gainera, urteko abestia arrakastatsua izan da, belaunaldi desberdinen arteko zubia eraikiz: «gazteei Pantxoa eta Pello ezagutarazteko balio izan du, eta helduei, talde berriak».
Euskara: eskola da bidea
Herri Urrats ez da egun bateko ospakizuna, etorkizunari begirako aldarria baizik. «Euskara ezagutzeko eta erabiltzeko, eskola da giltza eta Seaska da hori bermatzen duen egitura bakarra». Koldo Rodriguezek argi du: «Euskara salbatuko bada erabilerari esker izango da eta ezagutza bermatzeko modu eta aukera bakarra eskola da».
Seaskaren inguruko kezka horiek guztiek erakusten dute egitura sendo eta iraunkor baten beharra, eta Herri Urrats da komunitate horren arnasa eta sostengua. Begirada jada datorren urtera ere luzatu dute: 2026ko helburua bigarren lizeoa irekitzea izango da.


