Live
.jpeg)
Sunsundeguik ateak ixtear ditu. Apirilaren 30ean aldi baterako lan-erregulazioa amaitu zen, ez baitzen akordiorik lortu balizko inbertsorearekin. Langileen egoeraren argazki orokorra egin du Gaizka Uhartek, LAB sindikatuko Sakanako arduradunak. Hitzordua enpresaren atarian izan zen, non pintaketa batek enpresarien jokabidea salatzen du: «Enpresariak langileon miseriaren erantzule».

Arazoaren muina «aspaldi» sortu zela adierazi du Uhartek: «2007ko krisiarekin 70 langile kaleratu nahi izan zituzten». 2013an, UPNko Gobernuak Jose Ignacio Murillo agintean ipini zuen, eta «hasiera kaskarra» izan zela salatu zuen. Langileak enpresaren jabetzan parte hartzera behartuak izan ziren, «zor batzuen truke».
Langileen egoeraz ere jardun da. «Jendeak prozesua onartu du, urte askotako egoera izan baita». Izan ere, LABeko Sakanako arduradunak azaldu duenez, Sunsundeguin «murrizketa, kaleratze eta doikuntza asko» egon dira. Volvo enpresak, 2022an, 800 langileko enpresaz hitz egin zuen, eta Uhartek esan zuen hori ez zuela inork ere sinetsi.
Uhartek kritikatu duenez, Sunsundeguin «hamar urte galdu dira inbertsore pribatu baten zain».
«Krisia egon den bakoitzean enpresa erreskatatu egin da, eta kontrol publikorik ia ez da egon», gaineratu du. «Eta, nire ustez, 2023ra arte, kontseilu berria eratu zen arte, Gobernua ez da izan kontziente benetan Susundegiren egoera nolakoa zen». Alde horretatik, Nafarroako Gobernuak egin dituen ahaleginak «oso berandu» iritsi direla kritikatu du. «Sektore publikoak industrian izan behar duen parte hartzean hausnartzeko Sunsundeguin gertatu dena ikusi beharko genuke», azpimarratu du LABeko ordezkariak.
Dumarey Belgikako inbertsorea «benetako aukera» izan dela aipatu zuen, baina Sunsundeguiren aukera lehenetsi ez izana deitoratu du. «Hemen badakigu interesatuak egon direla, enpresan egon direla eta bideragarritasun plan bat badagoela eta plan hori auditatu egin dutela. Beraz, badakigu produktua bideragarria dela».
Uhartek, hortaz, ez ditu ate guztiak itxi nahi izan. «Likidazioan ere aukera dago enpresa honi bideragarritasuna emateko», nabarmendu du.


