Live

NAIZ irratia

Adi eta Ari | 'Baizkik eta' noiz eta nola erabili

[3x34] Ikasgai honetan 'baizik eta' noiz erabili ikasiko dugu.

Audio_placeholder

Adi eta Ari | 'Baizkik eta' noiz eta nola erabili

Loading player...
Lide Hernando musikariak gidatzen du Bele egitasmoa.
Lide Hernando musikariak gidatzen du Bele egitasmoa. (IRATXE ETXEANDIA )

NEREA:
Kaixo, Ander.

ANDER:
Kaixo!

NEREA:
Badakizu? Oso gustura ari naiz irakurtzen aurrekoan gomendatu zenidan liburua!

ANDER:
Zein? Lide Hernandoren Izotz ura?

NEREA:
Bai, bere lehen libururako, bi emakumeren arteko laguntasuna hartu du hizpide, eta dena musikaz inguratu du, jakina.

ANDER:
Banekien, bai, ez zenuela mahai gainean utziko, baizik eta laster irakurriko zenuela.  

NEREA:
Ondo ezagutzen nauzun seinale!

ANDER:
Zer da orain arte gehien gustatu zaizuna?

NEREA:
Bi protagonisten sinesgarritasuna. Uste dut biak norbaitengan inspiratuta sortu dituela, oso naturalak dira. Edozein egunetan kalean topatzeko modukoak.

ANDER:
Aurrekoan, berari irratian egindako elkarrizketa bat entzun nuen eta bertan horri buruzko zerbait aipatu zuen. Entzun, entzun!

 

AUDIOA  | Lide Hernando


ANDER:
Saioa eta Mara pertsonaiek ba omen dituzte Lideren ezaugarriak, baina berak esan duen bezala: «ez dut inoiz azalduko zein gauza diren nireak eta zein ez, baizik eta bakarrik orokorrean Saioaren gauza batzuk nireak direla, eta Mararen gauza batzuk nireak direla».

NEREA:
Gehiegi biluztea litzateke hori guztia kontatzea!

ANDER:
Dena jakin gabe, bakoitzak irudika dezake nolakoa den benetako Lide.

NEREA:
Berak esan bezala, «idazte prozesua biluzte bat izan da, baina baita erantzunen bilaketa bat ere».

ANDER:
Lidek erantzun horretan, baizik eta egitura erabili du.

NEREA:
Aurkako bi ideia esaldi batean lotzeko erabiltzen dugu, eta baizik bakarrik ere ager daiteke, eta gabe.

ANDER:
Gaur goizean ez naiz 8:00etan esnatu, baizik eta 6:00etan.

NEREA:
Edota, gaur goizean ez naiz 8:00etan esnatu, 6:00etan baizik.

ANDER:
Seguru asko gehiago entzuN dugu baizik hitza bakarrik, baina biak dira baliokideak.

NEREA:
Mikel Chillidari behin entzun nion bezala «hau ez da bukaera bat, baizik eta hasiera bat».

ANDER:
«Egiten badut ez dut zuk esan didazulako egingo, baizik eta nik nahi dudalako».

NEREA:
Hartzen ditugun erabakiak guk geuk hartu beharko ditugulako!

NEREA:
Lidek ere erabaki asko hartu behar izan ditu liburu hau idaztean eta benetan kontrolatzen duen mundu batetik hastea erabaki du.

ANDER:
Horretarako baliatu du musika.

 

AUDIOA  | Lide Hernando


NEREA:
Txikitatik idatzi omen du, baina orain arte oso bestelako abenturak idazten zituen.

ANDER:
Orain, berriz, liburua musikaz inguratzea erabaki zuen, «nik dakidan horretatik hasiko naiz, benetan kontrolatzen dudan mundu batetik».

ANDER:
Elkarrizketan entzun dugun bezala, oso mundu ezberdinetan uler daiteke musika eta gatazkak ere sortzen ditu.

NEREA:
Gustura entzungo dut osorik Lideren elkarrizketa, oso kontu interesgarriak dituela iruditu zait eta!

ANDER:
Gero egin beharko duzu, orain gaurkoan ikasitakoa birpasatu behar dugu eta! Zer ikasi dugu gaur?

NEREA:
Jakina! Bi ideia kontrajartzeko, baizik eta edo baizik erabiltzen dugula ikasi dugu.

ANDER:
Adibidez: «Nik ez dut hori esan, Mikelek baizik.»

NEREA:
«Ez genuke berarekin hain zorrotzak izan behar, baizik eta leun eta jatorragoak».

ANDER:
«Egindakoaren erantzukizuna ez da nirea, zurea baizik».  

NEREA:
Gaurkoaren erantzule ere biok gara, eta honaino iritsi gara.

ANDER:
Ez dugu orain jarraituko, baizik eta hurrengo saioan.

NEREA:
Bitartean, izan ongi!

ANDER:
Agur!

Jaurlaritza Logoa