Live

NEREA:
Egun on, Ander. Zer moduz?
ANDER:
Ondo, eta zu?
NEREA:
Primeran! Txikitako argazkien artean!
ANDER:
Eta hori?
NEREA:
Aurrekoan niretzat kuttuna zen argazki bat erakusteko eskatu zidaten, eta horren bila, txikitako argazkien munduan sartu nintzen. A ze oroitzapenak!
ANDER:
Erakutsi hemen dituzunak!
NEREA:
Begira, hau antzerkia egiten hasi nintzenekoa da. Ikastolan egin genuen lehen antzezlana.
ANDER:
Noiz izan zenuen lehen harremana antzerkiarekin?
NEREA:
8 urte nituelarik hasi nintzen.
ANDER:
Txiki-txikia zinelarik!
NEREA:
Hala da, bai! Asko gure zaletasunekin oso txikitan hasten gara, nahiz ondoren gehien gustatzen zaizkigunak bakarrik aukeratzen ditugun.
ANDER:
Nik gogoan dut txikitan eskolaz kanpoko ekintza mordoa egiten nuela, baina nire benetako zaletasuna nerabezaroan aurkitu nuen, pintura.
NEREA:
Jarraian, Amaiur Luluagaren elkarrizketa bat entzungo dugu, eta bera ere oso txikitan hasi zen euskal dantzaren munduan.
AUDIOA | Oihana Maritorena
NEREA:
Bigarren kafeko kafe hutsean ostiralero arte eszenikoetako gonbidatu bat izaten dute, eta Oihana Maritorenak prestatzen ditu artista hauen biografiak.
ANDER:
Kasu honetan, Amaiur Luluagaren dantza hastapenak kontatzeko, «oso txikia zelarik izan zuen harremana dantzarekin» aipatu du.
NEREA:
Kasu honetan, denbora adierazi nahi dugu, beraz, ondo erabilia dago zelarik.
ANDER:
Denbora adierazten duen elementua zelarik hitzaren aurretik jarri du, eta horrela zuzena izango litzateke.
NEREA:
Beste adibide bat emango dugu: Irakaslea gelan sartzen delarik, isiltasuna egiten da.
ANDER:Zenbaitetan modua adierazteko ere erabiltzen dugu: «gaueko iluntasunaren beldur, linterna eskuan zeramalarik ireki zuen atea».
ANDER:
Beste hainbat kasutan, akatsak egin ohi ditugu: «Donostiako Manteo gunean Basque Culinary Center berria astakeria bat dela dio jendeak, nire iritzia ere berau delarik».
NEREA:
Kasu honetan gaizki erabilia legoke, eta honela eman beharko genuke esaldia: «Donostiako Manteo gunean Basque Culinary Center berria astakeria bat dela dio jendeak, eta nire iritzia ere horixe da».
ANDER:
Bat nator zurekin! Agintari batzuk jota daude!
NEREA:
Lotura ederra egin duzu Amaiur Luluagaren biografia entzuten jarraitzeko:
AUDIOA | Oihana Maritorena
ANDER:
Oihanak onartu egin du ez zuela lanaren izenburua gogoan!
NEREA:
Ikuskizun askok izenburu bereziak izaten dituzte, eta batzuetan ez da erraza izaten nola diren asmatzea!
ANDER:
Jota hago izango litzateke, beraz, Amaiur Luluagak bere sormen piezari jarritako izena.
NEREA:
Izenburuaren jatorria zein den ezagutzeko, elkarrizketa osoa entzun beharko dute gure entzuleek, eta esan behar dugu oso interesgarria dela!
ANDER:
Nerea, ez dakit ohartu zaren, baina Oihanak berriz ere erabili du gaur ikasten ari garen egitura: «amatasuna bertso eta gorputzarekin landu dutelarik».
NEREA:
Kasu honetan lehen aipaturiko modua adieraziko litzateke.
ANDER:
Izan ere, horixe ikasi dugu gaurkoan!
NEREA:
-elarik atzizkia modu eta denbora adierazteko erabilgarria dela, baina ez beste hainbat kasutan:
ANDER:
«Ikuskizuna amaitu zelarik, txaloka hasi ginen».
NEREA:
«Ikuskizuna amaitu zenean txaloka hasi ginen» esaldiaren baliokidea litzateke.
ANDER:
Pierre Lafitte idazle lapurtarrak zioen bezala, «hain ona zarelarik, nola ez maita».
NEREA:
«Hain ona delarik, nola ez maita» zioen berak, baina eskertzen da, Ander!
ANDER:
Ea niri ere zuk halakoak esaten dizkidazun!
NEREA:
Horretarako, saiatu egin beharko duzu!
ANDER:
Tira, utz dezagun gaurko saioa hementxe!
NEREA:
Agur!
ANDER: Aio!
Hemen entzun dezakezue Amaiur Luluagari egindako elkarrizketa. Hemen, aurrerapen txiki bat:


