Live 17:00h - 18:00h

Ad libitum

Lide Hernando

18:00h - 19:15h

Haria 3

19:15h - 22:00h

Real Madrid - Real Sociedad

Kopako finalerdia

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria
Interview
Xabi Thikoipe eta Onintze Oleaga
EH Baiko Instituzio Arduraduna eta EH Bilduko Udalgintza Arduraduna

«Badaude, ezberdintasunez gain, lotzen gaituzten gauza garrantzitsuagoak»

EH Bilduk eta EH Baik lehen aldiz koordinatuta burutuko dituzte jardunaldi munizipalistak larunbat honetan Azpeitian eta Angelun. Jardunaldi hauetaz eta partekatzen dutenaz hitz egin dute Onintze Oleaga EH Bilduko Udalgintza Arduraduna eta Xabi Thicoipe, EH Baiko Instituzio Arduraduna.

Audio_placeholder

«Badaude, ezberdintasunez gain, lotzen gaituzten gauza garrantzitsuagoak»

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 
Onintze Oleaga Eta Xabi Thikoipe dira EH Bildu eta EH Baiko udal harremanen arduradunak.
Onintze Oleaga Eta Xabi Thikoipe dira EH Bildu eta EH Baiko udal harremanen arduradunak. (Naiz Irratia)

Esparru instituzional ezberdinetan egon arren, burujabe eta berdinzaleagoa den Euskal Herri baten helburua partekatzen dutelako,  modu koordinatuan deitu dute EH Baik eta EH Bilduk aurtengo Konferentzia Munizipalista; lehenek Angelun egingo dute, Azpeitian berriz hegoaldekoek. Xabi Thicoipe EH Baiko Arlo Instituzionaleko Arduraduna eta Onintze Oleaga EH Bilduko Udalgintza Arduraduna, Naiz Irratian izan dira larunbateko hitzorduaren atariko.

Udalgintza modu koordinatuan sustatu nahi duzue. Nola egiten da hori?

Onintze Oleaga: Ez da lan erraza egia esan, baditugulako errealitate ezberdinak, baina bagara bi mugimendu, bi indar politiko, akordio estrategikoa daukaguna eta batez ere helburu bakar bat; Euskal Herri aske eta eta berdinzaleago bat eraikitzea. Hortik haratago ere bagara bi mugimendu badituztenak tradizio munizipalista oso errotuak eta horrek eramaten gaitu era natural batean biok batera ibilbide bat egitera.

Xabi Thikoipe: Maiz elkartzen gara, gero eta gehiago. Nazio ikuspegi hori aitzinerat eramaten dugu. Guk aurten hitzordu garrantzitsu bat daukagu, heldu den urtean baititugu herri hauteskundeak, udal hauteskundeak. Guretzat lehen aldiz izanen dira topaketa hauek EH Bildurekin partekatuak. Haien esperientzia baliatzea guretzat zinez garrantzitsua da eta horretara goaz. Herri hauteskunde horiek lehen helburu gisa hartzen ditugulako, gureak hautesle hurbilenekoak baitira.

EH Bilduren kasuan, Azpeitian, EH Bairen kasuan, Angelun baina modu koordinatuan. Egongo da aukera noizbait koordinazioa muturrera eraman eta leku berean egiteko?

XT: Bai, nik uste dut aukera hori irekia dagoela. Elkarrekin antolatu ditugu, baina bakoitzak bere aldetik. Bakoitzak baititugu gure egutegiak. Hala ere, badugu esperientzia partekatze bat eta baliteke data garrantzitsuez harago topaketa horiek egitea gauzak eraikitzeko.

EH Bairen kasuan nabarmendu duzue ezkerreko zerrenda abertzale, ekologista, feminista eta euskaltzale gehiago sustatzea xede duzuela larunbateko jardunaldiarekin. Esan daiteke aurre kanpainan zaudetela? 

XT: Gu gira pixka bat dinamika hori pizteko bai. Plazaratu ditugu gure helburuak: urrats berri bat ematea, hainbat herri (alkatetzak) atxikitzea eta beste batzuetan ardurak hartzea. Helburu bikoitza da gure kasuan, herri hauteskunde horietatik  (Euskal Hiri) Elkargoko asanblea marraztuko da. Hori da gure iparraldeko instituzioa. Beraz, badugu helburu handia biharko egunean. Hor gira dinamika pizteko, herri hauteskundeen giro bat sortzeko. Hiri handiak dira jadanik horretan jarri direnak. Bigarren urrats bat egin beharko da barnealdean non herri ttipiak ez dira oraino horretan sartuak, jakinez gure kasuan zerrenda horiek ez direla alderdi politikoenak baina zerrenda politiko zabalak gehienetan.

Onintze zuen kasuan aipagaiak badira etxebizitza trantsizio ekosoziala, zainketak eta gobernantza. Zer esango zenuke behar edo kezka hauetaz?

OO: Gu bagatoz kongresu bat egitetik, hirugarren kongresua hain zuzen, non nazio auzia erdigunean jarri dugu. Iruditzen zitzaigun momentu berezia zela hau. Eta, beraz, horretan ere, kongresuan sortu den horrek isla izan behar zuela. Hori dela-eta, baditugu bi gune nagusi. Bat izango da nazio eraikuntza udalgintzan, eta bestea, gobernantza-eredua badagoelako ere gobernantza ereduaren inguruko ebazpen bat, kongresuan onartu duguna. Hautetsi eta herrietako kidegoa harekin lantzea da helburua. Hortik haratago ere, baditugu egunero-egunero udaletan praktikan jartzen ari diren lehentasunezko ildoak, batez ere herritarrentzako lehentasunezko ardurak direlako. Etxebizitzan ikusten ari garelako larrialdi egoera honetan nolako garrantzia hartzen ari den eta guk badugulako konpromiso bat herritarrekin, nolabaiteko kontratu bat. Beraien auziei, ardurei, ditugun baliabide guztiekin eta egin dezakegun ahalegin guztiarekin ahalik eta irtenbide egokiena bilatzea. Etxebizitzaz gain, trantsizio ekosoziala, nola ez, zaintza ere bertan bertan presente izango da, eta euskara zein euskal kulturaren gaia ere landuko dugu konferentzia honetan.

2025. urteko EAEko aurrekontuetan aurreikusitakoa baino 400 milioi gutxiago jaso dira. Oker ez banago, udalak kezkatuak daude heldu den urtean diru gutxiago jaso dezaketelako.

OO: Bai, batez ere udalen kezka momentu honetan azaleratu da. Egia da gu bagabiltzala orain dela urteak, azkeneko Ekarpenen Legea onartu zutenetik, udalen finantzazioaren inguruan ditugun kezka horiek mahai gainean jartzen. Udalak badira erakunde mailarik baxuena EAE eta Nafarroako erakunde mailakatzean, baina ez horregatik garrantzia gutxiago dutenak. Are gehiago, esango nuke herritarrentzako garrantzia gehien duten erakundeak direla, gertuen daudelako eta, gainera, lehendabizi jo eta lehendabizi zabaltzen zaien atea delako. Ez dira 400 milioi euro gutxiago jaso direnak, 700 milioi gutxiago dira. Badute arrazoiketa bat Foru Aldundietatik, Eusko Jaurlaritzatik, non adierazten duten hori badela mutualistei bueltatu behar izan zaien kopuruagatik. Baina ez da soilik hori, baizik eta egin zuten aurreikuspena 2023ko urrian ez zela egokia izan. Bazen aurreikuspen oso-oso baikor bat, ondoren izan dugun egoerak erakutsi du ez dela aurreikuspen hori bete. Eta berriz ere momentu honetan gaude 2024ko urrian egin zen aurreikuspena 2025eko diru bilketan ez delako beteko, berriz ere badelako aurreikuspen bat diru bilketaren gehikuntza bat aurreikusten duena, eta ikusten ari gara egoera ekonomiko honek ez duela hori betetzea ahalbidetuko. Eta horregatik bagaude benetan arduratuta, eragiten duelako udal finantzazioan eta, azken finean, hori bada zerbitzu publikoen mantenuan eragin izugarria daukan zerbait. Guk beti defendatuko dugu udalek nahikotasun finantzieroa behar dutela eta ez soilik nahikotasuna, baizik eta egonkortasuna ere.

EH Bain agendara eraman duzue Ipar Euskal Herriarentzako autonomia aldarrikapena. Horrek udalei, herrikoetxeei nola eragingo die?

XT: Autonomia proposamenetik haratago guk jartzen duguna da gure instituzioari (Elkargoa) urrats berri bat emateko beharra. Hori dugu galdeginen gure hautetsi, gure kide eta herri hauteskundeetan sartuko diren guztiei; lehen lerroan jartzea instituzio berri baten eskaera edo ahalmen gehiagoren eskaera. Eta hori guk aitzinera eramanen dugu, bai herri hauteskundeetan, bai Elkargoarena, gehiengo bat eraikitzeko prest garela. Guztiokin nahi dugu beste urrats bat eman.

Elkargoaren kudeaketan ere sortu zen Bil Gaiten talde abertzalea. Nolako balantzea egiten duzue talde honetaz?

XT: Bil Gaiten taldea da, azken finean, gure kideak sortutako talde bat, eta gure kideetatik haratago doana. Haien pentsaketak egiten dituzte, elkargo mailakoak, aski teknikoak. Elkarlan oso bat dago hor.

Udalgintzaz hitz egiten dugu bereziki fokua hauteskundeetan jarrita, baina errealitate ezberdinak dira. Nabaritu dituzue halako ezberdintasunak zuen arteko elkarlanean?

XT: Ezberdintasun anitz daude. Egutegi (politiko) ezberdina dugu, amankomunean duguna dira ideiak, herritarrengandik etortzen den programa, gure ezkertiar, abertzale, feminista izaera, trantsizio ekologikoa; hainbat ideia amankomunean jartzen ditugu. Hor erraztasunez ibiltzen gara, baina ondotik, alde teknikoetan oso ezberdina da, baina, azken finean, esperientzia trukatzeak egiten digu, bidea hobetzen. Egia da guk ezin dugula oraindik alderdi gisa aurkeztu herri hauteskundeetan, nahiz eta beharbada hiri handietan agertuko den gehiago, edo auzapez baten gibelean agertuko den gero eta gehiago. Beraz, bidea luzea dugu horretara iristeko, baina uste dut uste dut ari garela, eta hori dugu helburu. Urratsez urrats amankomunean egitea.

OO: Egia esan, ez da erraza konparaketak egitea, hautaketa sistema bera ezberdina delako. Adibide bat da Frantziako Estatuak inposatzen duela bi bueltatako sistema bat, eta gero hirugarrena deitzen duguna, elkargoari begirakoa. Guk beste sistema elektoral batean jokatzen dugu, eta horrek egiten gaitu jada ezberdin planteatu behar izatera gauzak. Baina badaude, ezberdintasunez gain, lotzen gaituzten gauza garrantzitsuagoak. Eta gauza garrantzitsu horiek dira, gure helburua herri oso bat eratzea dela, eta batez ere, herri oso bat eratzea balore jakin batzuetan, askatasunean, justizian, berdintasunean, trantsizio ekologikoarekiko eta ingurumenarekiko babesean eta beste balore ezkertiar eta abertzaleetan. Eta horrek egiten gaitu indartsu Euskal Herriko mapan.

Jaurlaritza Logoa