Live

Berriki bat egin dute Nafarroako ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek, abiapuntu hartuta Espainiar Estatutik inposatzen zaien Lanbidearteko Gutxieneko Soldata (LGS), 1.184 eurokoa hamalau ordainketetan, ez dela nahikoa.
Azken urteotan hazkundea eman bada ere Estatu mailan, Nafarroako eta oro har Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikora hurbilduz gero, kantitate hori eskas gelditzen da. Europar Batasuneko (EB) eskutitz sozialak ezartzen duena da bataz besteko soldata %60koa izatea tokian toki. «Horregatik, lehenengo aldiz martxan jarri dugu Nafarroan LGS propio bat izateko proiektua», azaldu du Imanol Pascualek NAIZ Irratian.
Nafarroako errealitatea eredu hartuta eta EBn ezarritako kantitatea irizpide, 1.400 euro ingurukoa behar luke hilabeteko soldata gordinak. Edonola ere, sindikatu desberdinek muga desberdinetan ezartzen dute muga hori. Aldarrikapen komun nagusia, LGS propioa izatea. Eskaera hori lortuko balute, bi ikuspuntu desberdinetatik egingo lukete aurrerapausoaren irakurketa: «batetik, aberastasunaren banaketari dagokionez ekarpen bat litzateke eta, bestetik, garrantzia dauka Nafarroaren erabakitzeko eskubidearen aldeko bidean».
Enpresen erantzuna
Halako igoerak proposatzen direnean, enpresak kexu izaten dira maiz; diote ezin izango diotela kostuen igoerari aurre egin. Gainera, enpresari handiak enpresari txikien arazoen atzean ezkutatzen dira. Patronalak «urtez urte» igortzen duen ordainezintasunaren mezu horren aurrean Pascualek helarazi nahi duen mezua, praktikak agerian utzi duela orain arte aldaketok ez direla enpresen kalterako izan, eta ez daukatela horretan biziraupena jokoan. Eraginpekoenak lan merkatuan egoera zaurgarrienean dauden norbanakoak lirateke Nafarroako ELAren arabera, alegia, hitzarmen estatalak aplikatzen zaizkien langileak zein hitzarmenetatik kanpo ari direnak.
Jaso duten erantzunak sorpresa suposatu die. Izan ere, UGT eta CCOO sindikatuek ere bat egin dute patronalarekin, eta «ulergaitza» egin zaie hiru eragile horiek lerrokatu izana esateko esparru hori elkarrizketa sozialean negoziatu behar dela. Akordio horrekin uko egin diote lanbide arteko bilerari: «patronalarengandik bai, baina sindikatuen aldetik esplikaezina zaigu, areago ikusten dugunean Euskal Autonomia Erkidegoan bat egin dutela aldarrikapen horretan, eta gurean uko egin diotela bide horri».
Elkarrizketa soziala
Elkarrizketa sozialaren bideari dagokionez, Pascualek dio Nafarroa dela diru gehien bideratzen zaion tokia, EAEn bezala badagoelako bertan bestelako sindikalismo aktibo bat, kasu honetan ELAk eta LABek ordezkatzen dutena. Salatu du haien hazkundea oztopatzeko bideratzen duela nafar Gobernuak diru hori.
Zehaztu duenez, Sanz eta Barcinaren gobernuan hori izan zen oinarrietako bat, eta haien zoritxarrerako, Gobernuan dauden alderdiek (PSNk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek) mantendu egin dute apustu hori. Elkarrizketatuak adierazi duenez, «orain dela bi aste sinatu zuten enplegu plan berria, eta 550 milioi euro baino gehiago bideratu zituzten horretara». Langileentzat «onura baino gehiago, oztopo» dela iritzita, kritiko agertu dira erabakiarekin: «langile zaurgarrienei onura ekarriko liekeen ariketa praktiko bat jarri diegunean mahaigainean, elkarrizketa soziala argudio bat izan da bide hori ixteko».
LGS propioaren bilaketan, Herri Ekimen Legegilea sustatu asmo zuten sindikatu ezberdinekin batera, baina Nafarroako Parlamentuko zerbitzu juridikoek txosten bat egin dute, hura ezartzeko eskuduntza estatala den heinean, onartu ezin dutela esanez.
Haien txosten juridikoek ez dute, ordea, gauza bera esaten, eta helegitea jarriko dute Auzitegi Gorenean, legalki ere egin daitekeelako. Gainera, erantzun hori ezezkoa izan da Nafarroako Parlamentuan, baina ez Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Legebiltzarrean, bertako zerbitzu juridikoen interpretazioa bestelakoa izan delako.
Hortaz, helegitearekin batera, sinadura bilketari ekingo diote. Zuzenean interpelatu nahi dituzte alderdi politikoak, bide hori irekitzea euren eskutan izan dezaten, ohiko lege tramitazio baten bitartez.
Bestalde, Herri Ekimen Legegilea arautzen duen EAEko legea eta Nafarroakoa desberdinak dira, eta legeria horren arabera eman dute ontzat tramitea lehenengoek. Bide juridiko bat ikusten dute zentzu horretan ELAk eta LABek, Madrilgo Kongresuan araudi aldaketa eskatzeko. Soldatan eragitea baino gehiago, «eskuduntza jasotzean» dute jarrita fokua.
Datozen pausoak
Imanol Pascualen aburuz, «badago bidea, badago aukera, eta ez da bide antzu bat». Lortuko balute, aurrerapauso garrantzitsua litzateke; bai aberastasunaren banaketan, bai autogobernuaren norabidean.
Oraingoz, berebiziko garrantzia emango diote datozen hilabeteetan sinadura bilketari, sinetsita baitaude horrek emango diela indarra eta beste modu batean izango dela hauspotua haien proposamena. Mobilizazioarekin uztartuko dute hori: lehenengo hitzordua Iruñekoa izango da, apirilaren 14an, hasieran aipatu sindikatuek deituta proposamen hori kaleetara eramateko.
«Azken urteotan esfortzua egin dugu sindikatuek gure desberdintasunak alde batera utzi eta bat egiteko», amaitu du Pascualek. «Proposamen ilusionagarri baten aurrean gaude, eta jendearen inplikazioa lortuz gero, gure helburutik gertuago egongo gara».


