Live

NAIZ Irratia
Interview
Ane Fadrique
Epailea

«Azken belaunaldietan epaileen gehiengoa emakumezkoak gara, baina kristalezko sabaia bertan da»

Astelehen hau, martxoak 10, Emakume Epaileen Nazioarteko Eguna dugu. Emakume epaile baten egunerokoaren berri izateko eta egunero bizi dituzten erronkak zeintzuk diren jakiteko Ane Fadrique tolosarrarekin hitz egin dugu NAIZ Irratian.

Audio_placeholder

«Azken belaunaldietan epaileen gehiengoa emakumezkoak gara, baina kristalezko sabaia bertan da»

Loading player...
Ana Fadrique epailea.
Ana Fadrique epailea. (NAIZ)

Ane Fadrique tolosarra Irungo 4. Instrukzio Epaitegiko magistratu titularra da gaur egun. Irunen bost epaile dira uneotan, horietatik lau emakumeak. Eta ezohiko egoera izatetik urrun, karrera judizialean, gaur gaurkoz, emakumeak gehiengo nabarmena direla aipatu digu Fadriquek. Hori bai, gehiengoa izan arren, emakume epaile guztiek jasaten dute kristalezko sabaia hortxe dagoela azaldu du: «azken belaunaldietan oposizioa gainditzen duen %70a emakumezkoak gara, baina arazoa betikoa da».

Datuok esku artean, Euskal Herriko prozesu judizial ohikoenetan emakume magistratu batekin egingo luke topo ziur asko herritarrak. Alegia, emakume epaileak asko dira eta euren jarduna ezinbestekoa sistemarentzat. Politizatuta dauden botere organo judizialetan jaisten da nabarmen emakumeen presentzia Fadriqueren arabera, «Auzitegi Gorenean edo Audientzia Nazionalean», kasu. Izan ere, «kontuan izan behar da 1966 urtera arte debekatuta zegoela emakumezkoentzat zuzenbide ikasketetan sartzea».

Diskriminazioa, hortaz, egon badago, zuzenekoa, zeharkakoa eta kasu batzuetan bikoitza ere izan daitekeena. Fadriquek uste du, oro har, posizio on batean dagoela, baina diskriminazio egoerak jasatea ere badaki zer den, emakumea izateagatik eta baita gazte izateagatik ere. «Emakumeok askotan pairatzen ditugu diskriminazio bikoitzak. Zentzu horretan, esan behar dut pribilegiatua sentitzen naizela, eta mundu globalizatu honetan zorioneko emakumea naizela, nire testuinguruagatik». Edonola ere, gogora ekarri du emakume askok «diskriminazio hirukoitzak» ere jasaten dituztela; arraza, kultura edo posizio ekonomikoa tarteko. Gaineratu duenez, «hori guztia aldarrikatu eta borrokatu behar da oraindik».

Gizartetik zein justiziatik ekitearen garrantzia

Hain justu, Ane Fadriquek emakumeen aurkako indarkeria auziak jorratzen ditu. Egoera ez da berria, baina berriki izan dira gizartean ezinegona eragin dute pare bat erabaki judizial. Alde batetik, Iruñeko La Manada kasuko bi akusaturi espetxe zigorra urtebete murriztu diete, ‘bai soilik da bai’ delako legea aplikatuta. Bestalde, adingabe bat bortxatzeagatik ezarritako zigorra murriztu diote beste gizonezko bati neskak 13 urte baino gehiago zituela zirudienaren argudioa ontzat hartuta.

Kasuan kasuko xehetasunak ezagutu gabe bete-betean sartu nahi izan ez duen arren, Fadriquek ulertzen du gizartearen haserrea eta, dioenez, «hala izan behar du». «Edozein botere, Estatuaren botereak garen aldetik, kritikagarriak gara eta horrek egiten du estamentu bat demokratikoa izatea», zehaztu du.

Hala ere, aipatu du «kezkagarriak» direla batzuetan helarazten diren mezuak: «ezin dugu zalantzan jarri neskato batek 13 urte zituela, ezin gara usteetan edo bere jarreraren interpretazioetan sartu, fokua emakumearengan jartzen ari garelako beste behin tamalez, eta ez ustezko erasotzailearengan».

Hortaz, Ane Fadriquek uste du badaudela arrazoiak haserretzeko eta aldaketak eskatzeko. Baina, era berean, sistema judizialean ez ezik, gizarte osoan erroko aldaketak sustatzean jarri du azpimarra, egungo justiziaren gabeziak oraindik ere matxista den gizarte baten isla direlako: «prentsak eta gizarteak sarritan galdetzen dute botere judizialak zertan egin duen huts. Ulertzen dut galdera eta egin beharrekoa da, baina arazoa sakonagoa da. Gaitz hau gizarte osoarena da, eta hausnarketak ere kolektiboa izan beharko luke, transbertsala, hortik aurrera egiteko».

Jaurlaritza Logoa