Live 08:00h - 13:00h

Asteburuko Haria

13:00h - 14:00h

Kontatzera Noazu

Eli Pagola eta Andoni Rekondo

14:00h - 15:00h

Bideokluba

Maite Bidarte

Peli Lekuona
NAIZ Irratia. Haria 1eko gidaria

Dufau, autonomiari buruz: «Guk ez baditugu neurriak hartzen, Parisen ez dira errazki mugituko»

EH Bairen ordezkaritza bat Parisen da egunotan, beste lurraldeetako alderdiekin antolatutako topaketa batean parte hartzeko eta batez ere, euren autonomia proposamenaren berri emateko. «Departamentu bat baino gehiago» nahi dutela dio Peio Dufau EH Baiko kide eta Fronte Herritar Berriko diputatuak.

Audio_placeholder

Dufau, autonomiari buruz: «Guk ez baditugu neurriak hartzen, Parisen ez dira errazki mugituko»

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 
Peio Dufau EH Baiko kidea, Arbonan 2024an egindako agerraldi batean.
Peio Dufau EH Baiko kidea, Arbonan 2024an egindako agerraldi batean. (Patxi Beltzaiz)

Martxoaren 3an heldu zen Parisera EH Bairen ordezkaritza bat eta bertan izango da hil bereko 7ra arte, alde batetik Euskal Herriak dituen premia zehatzen berri eman eta Frantziar Estatuaren baitako gainerako nazio eta lurraldeekin harremanak estutu eta elkarrekin koordinatzeko.

Zentzu honetan, bi dira politikari abertzaleek izango dituzten hitzorduak; martxoaren 5ean (asteazkena) 'V. Errepublika: krisi globala, soluzio lokala' mahai inguruan parte hartzera gonbidatuta daude, Korsika, Alsazia, Bretainia edota San Pedro eta Mikelunetik heldutako hainbat ordezkarirekin; eta martxoaren 6an (osteguna), prentsaurrekoa deituta dute, non eta Asanblea Nazionaleko Quatre Colonnes izeneko uatre aretoan, Lapurdi, Baxenafarroa eta Xiberoako errealitate zehatzaren berri eman eta baita autonomia aldarrikatzeko ere.

«Guk ez baditugu neurriak hartzen, Parisen ez dira errazki mugituko», adierazi du Naiz Irratian, Peio Dufau EH Baiko kide eta gaur egun Fronte Herritar Berriko diputatu denak Asanblea Nazionalean. 

Gogoeta prozesu baten ostean (Bagira izenekoa tartean), iazko abenduan proposatu zuen koalizio abertzaleak hiru lurraldeentzako autonomia proposamen eta bide orri bat. Egun Frantziako Estatuan nagusitu den krisi politikoaren ondorioz, «jendea urrundu da Parisetik» Dufauren ustez, eta dionez premiazkoa da tokiko errealitateei heltzea, eskuin muturrak suposatzen duen mehatxuaren aurrean, «ulertu behar dute zinez gure egoera zein den eta ez dela dena Parisen erabakitzen ahal». 

Jakobinismo eta muturreko zentralitateren estatua, bere mugetatik gertu ikusten dute EH Bai koalizioan eta hamarkadez ukatu diren lurralde eskubideak lortzeari zirrikitu txiki bat zabaldu zaiela adierazi du Dufauk, «lurraldeek behar dute haien aldetik eraiki, poderea ukan eta legeak osatu».

Anbizioa eta errealismoa

Begirada luzearekin eta anbizioz ordezkatzen duen herrialdearentzat, «autonomia, departamentu bat baino gehiago» litzatekeela dio Dufauk, «departamentu batek ez ditu bere legeak egiten ahal. Hori baino haratago dago eskaera».

Finean, «erabakitzeko izatea lurraldean» defendatzen du EH Baik, besteak beste, autonomia fiskalarekin. Dena den, badakite puntu horretara heltzeko, bide luzea egin beharko dela eta egungo egituretatik hasi beharko litzatekeela. Bere «muga» guztiez jakitun izanda, Euskal Hiri Elkargoa eskumenez hornitzea lehen urrats bat litzatekeela ondorioztatu du EH Baiko kideak, «kontsentsuen inguruan lan bat eraman behar da, ikusteko autonomia hori nola eraiki, nork erabaki eta nola kudeatu. Hori da afera».

Jaurlaritza Logoa