Live
«Parte-hartze prozesua nahi genuen eta entzuketa prozesua eskaini digute»
Erakundeek iragarritako entzuketa prozesuan parte hartuko dute, baina zuhur mintzatu da Eider Gotxi Guggenheim Urdaibai Stopeko ordezkaria Naiz Irratian. Berandu datorrela, lanek aurrera jarraitzen dutela eta parte-hartze prozesua nahi zuketela esan du. Prozesua ez bada neutroa, atera egingo dira.
«Parte-hartze prozesua nahi genuen eta entzuketa prozesua eskaini digute»

Lehendakari Agirre Centerrek eta Columbiako Unibertsitateak burutuko dute Guggenheim Urdaibairen inguruko entzute prozesua. Eider Gotxi Guggenheim Urdaibai Stop plataformako kidearen aburuz, berria «ez da txarra», baina, ezta «kristona ere». Izan ere, parte hartze prozesua eskatu zuten eta entzute prozesua eman diete. Argi utzi nahi izan du batak bestearekin ez duela zer ikusirik: «Parte hartze prozesua izango balitz, guztiok erabakiko genuke zer nahi dugun gure eskualdearentzako». Aldiz, entzute prozesua da abian jarri behar dutena, zeinak ez dakarren, ezinbestean, entzungo duten hori kontuan hartzea.
Iragarpena bera «baikorra» dela uste du Gotxik. Alabaina aho txikiarekin hitz egin du prozesu horretaz; uste baitu hitzak dioen moduan entzun egingo dietela bai, baina gero kontuan hartuko ote den beste afera bat dela. Horregatik, eurek nahiago zuten parte-hartze prozesua.
Berandu datorrela ere kritikatu du, erakundeek nolabait erabakita dutelako egin egingo dutela, nahiz eta proiektua ez den ezagutzera eman. Horregatik, proiektuaren xehetasunak ezagutu gabe entzuketa prozesu bat egitea ez dela garbiena uste du.
Guggenheim Urdaibai Stop Plataformak, hala ere, prozesuan parte hartuko du. «Zuhutziaz» jokatuko dute, jakin badakitelako proiektuaren inguruko erabaki gehienak hartuta daudela dagoeneko. Gainera, uste dute prozesuak ez dakarrela «bermerik», haren emaitza ez delako loteslea izango eta proiektua ez delako etengo prozesuak iraungo dituen hiru urteetan, Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusiak eta Ibone Bengoetxea lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak onartu dutenez.
«Prozesua neutrala izango den zalantzak ditugu»
Neutralitatearen kontzeptua ere aipatu izan dietela azaldu du Gotxik, eta argi utzi nahi izan du ez direla «inozoak», Lehendakari Agirre Center EAJk sortutako erakundea izaki, zail ikusten baitute inpartzialitatez jokatzea. Era berean, ohartarazi du Lehendakari Agirre Centerreko buruak Guggenheimekin lotura dutela. Gainera, EAJren erakunde bat izanik eta alderdia gaian nola posizionatu den ikusita, neutrala izango den zalantzak dituztela esan du Gotxik.
Baldintza guztiak ikusita, errespetuz parte hartuko du plataformak. Alabaina, instrumentalizazio bat ikusten duten momentuan, EAJk proiektua bultzatzeko kanpainaren parte dela ikusten badute, salatu eta prozesutik aterako dira. Entzuketa prozesua luzea izango da eta baina bien bitartean tramitazioekin jarraituko dutela ohartarazi du Gotxik: «Lurralde plan partzialak, herrietako plan urbanistikoak aldatuz jarraituko dute. Gakoa hori da, lege hauek ez badira aldatzen proiektua ez da legezkoa. Ezin dugu legez kanpokoa den zerbaiti buruz eztabaidatu eta horretan ari dira, legeak aldatzen. Lehen urratsak eman dituzte epaitegi eta udaletan, eta horrek prozesuaren bermerik eza erakusten duela uste du».
Bilera Lehendakari Agirre Centerrekin
Ostegunean batu ziren Lehendakari Agirre Centerreko eta Guggenheim Urdaibai Stop Plataformako ordezkariak, hots, prozesua abian jarri behar zutela argitaratu baino egun bat lehenago. Gotxik azaldu du bileran adierazi zietela parte hartzeko asmoa, baina ez daudela «instrumentalizaziorik» onartzeko prest.
Gorka Espiau, Itziar Moreno, Lierni Ezenarro eta Josh Fisher ordezkariekin elkartu ziren eta jakinarazi zieten nola jaso zuten proposamena, zein metodologia erabiliko duten eta abar. Gotxik azaldu duenez, Busturialdean hartuko dute 1.000 pertsonako lagina, ez Euskal Herri osoan zehar, eta dagoeneko eskuragarri jarri dute parte hartu nahi dutenek izena emateko posta elektroniko helbide bat.


