Live
Estresa eta antsietatea: Nola kudeatu?
Estresa eta antsietatea dira kirolarien errendimenduan eragin dezaketen faktore ohikoenetako bi, bai goi-mailako lehiaketetan, bai jolas-jardueretan. Nola identikatu daitezke? Nola egin «estres konstante batean» bizi garen gizarte honetan? Aritz Olagoi kirol psikologoarekin azertu ditugu oinarriak.
Estresa eta antsietatea: Nola kudeatu?

Estresaren eta antsietatearen gizartean» bizi garela esateko, ez zuen askorik behar izan Aritz Olagoi kirol psikologoak. Ziurrenik, ni hemen idazten, eta zu, zauden tokian zaudela, irakurtzen, estresatuta egon gaitezke konturatu ere egin gabe. Baina estresa txarra ote da? Kasu batzuetan bai, baina beste batzuetan ez, norbanakoak estres egoera horren gainean egiten duen kudeaketak emango digu galdera horren erantzuna.
«Zorionez, gero eta tabu txikiagoa dago buru osasunari buruz hitz egiteko, baina benetan al dakigu zer den estresa eta zerk sortzen duen?», aipatu zuen Olagoik NAIZ Irratiko tertulian. Bere ustez, estresari aurre egiteko baliabideak izatea garrantzitsua da. Hori dela eta, estresa –eta antsietatea– zer den azaldu zigun, eta horrek gure eguneroko bizitzan zein kirol arloan duen eragina aztertu zuen.
Hala, adituak esan zuenez, estresa gure burmuinak egoera mehatxagarri jakin bati ematen dion erantzuna da. Gure gaitasunetik haratago dagoen zerbaiti erantzun behar diogunean ere ematen da. Adibidez, lan berri batean hasten garenean, azterketa garaian, lehiaketa batean edo kirol talde berri batera iristean, ezinegona sortzen da. «Kanpo faktoreek eragin dezakete estresa, baina baita barne faktoreek ere. Espektatiba batzuk ditugunean eta horiek beteko ote diren zalantza dugunean, perfekzionismorako joera dugu edo porrotari beldurra... baina ezustekoak ere izan daitezke», azaldu zuen.
Estres intentsitate desberdinak daude, puntuala edo denboran luzatzen dena, kroniko bilakatzeko arriskua duena, eta horren ondorioak kaltegarriak dira. «Estresa ondorio negatiboekin lotzen dugu normalean, baina berez gizakiaren erantzun normal bat da. Ohetik altxatzen garen unetik hasten gara sentitzen, eta ohituta gauden egoeretan ez dugu ezer nabaritzen. Egunerokotasunean funtzionatzeko edo kirolean entrenatzeko edo lehiatzeko aktibazio puntu bat, estres positibo hori behar dugu».
1950eko hamarkadan Hans Selyek estresaren Egokitze Sindrome Orokorra definitu zuen, eta estresaren zentzu fisiologikoan jarri zuen arreta. Hiru fase desberdindu zituen, Olagoiren arabera: alarma fasea, non gure garuna aktibatzen den eta hormonak askatzen ditugun –adrenalina eta kortisola– erantzun azkar bat eman ahal izateko; bigarren fasea, egoera horretara egokitzen saiatzen ari garen bitartean, erresistentzia dago; egoera hori luzatzen den heinean, akidura fasea iristen da, eta horrek gure energia agortzen du.
Arazoari aurre egin
Ikuspuntu kognitiboari dagokionez, Ebaluazio Kognitiboaren Teoriak (Lazarus eta Folkman, 1984) dio bi prozesu desberdin daudela. Lehen mailako ebaluazioan, egoera bat benetan mehatxua den edo ez aztertzen da, modu automatikoan egiten dugu hori. Eta gero, bigarren ebaluazio batean, mehatxua den edo ez identifikatu ondoren, egoera horri aurre egiteko baliabideak ditugun edo ez aztertzen dugu.
Psikologoak esan zuenez, horri aurre egiteko bi modu daude: «Arazoari irtenbidea bilatzea edo arazoak sortzen digun emozioan eragiten saiatzea. Adibidez, final garrantzitsu baten aurrean dagoen kirolari batek, alde batetik, egokitutako partidako plana entrenatuko du, eta arlo fisikoan entrenatu, bere prestakuntza tekniko-taktikoa landu... horrek guztiak lagunduko dio partida iristen denean ahalik eta hoberen egoten. Egoerari aurre egiten dio bere entrenamendua hobetuz. Finala dela-eta urduri badago, egin dezakeen beste gauza bat da emozio horiek bideratzen ahalegintzea, erlaxazio ariketak eginez, lagunekin egonez, edo dena delakoa».
Beste egoera bat izan daiteke bat-batean eguraldi baldintza gogorrak suertatzea. «Txirrindulari batek erritmoa, estrategia, helburuak moldatu beharko ditu, baina gainera ulertu beharko luke ezin duela eguraldia kontrolatu. Gure esku ez dagoela ez badugu onartzen, arazo handi bat izan daiteke, egoerari aurre egitea zailagoa izango delako».
Egunerokotasunean bizi ditugun estres uneek gugan sorrarazten diguten hori identifikatzen saiatu gaitezke, baina arazoa da intentsitate baxuko estres egoeran bizi garela, eta ez garela konturatzen barneratuta dugulako. Hori dela eta, eguna amaitzerakoan lo hartzea zaila izan daiteke batzuentzat, eta horren aurrean, lasaituko gaituen zerbait egitea gomendatzen du Olagoik. Irakurtzea, telebista ikustea, musika entzutea... bakoitzak on egiten dion hori bilatu behar du.
Kirolari batek, egunerokoaz gain, estresa sortzen dioten beste egoera batzuk ere baditu. Emaitzei oso lotuta bizi dira, bereziki goi mailako kiroletan. «Guk entrenatu dezakegu, plangintza ondo egin, baina ez dugu ondo aterako den %100eko ziurtasuna. Talde kiroletan akatsek ere estresa sortu dezakete –pase bat gaizki egin, penalti bat huts egin–, eta horiei aurre egiteko gai izatea garrantzitsua da, burua egon behar den lekuan mantendu eta bere onena ematen jarraitzeko», aipatu zuen Olagoiek. Gertatu daiteke talde bat eroso jokatzen aritzea, eta bat-batean, oso denbora gutxiren buruan, gaizki jokatzen hastea eta galtzen amaitzea.
Estresa kirolariarengan positiboa izan daiteke erronka motibagarri moduan ikusten badu. Kontrakoa gertatu daiteke talde handi batek xumeago baten kontra jokatzen duenean. Xumeak ez du ezer galtzeko, baina handiak estres handiagoa du, espektatiba delako nagusitasunez irabaztea. Hala ere, kirolean sortzen diren estres egoerak aurreikusitakoak dira normalean: lehiaketa bera, talde berri batera joatean, titular rola lortzea edo ez...
Antsietatea, etorkizunari lotua
Ez dago harreman zuzenik estresa eta antsietatearen artean. Denboran mantentzen den estresa izateak ez du esan nahi antsietate bihurtuko denik, baina arrisku handiagoa dago. Estresa egoera bati gorputzak ematen dion erantzuna bada, antsietatea iraunkorragoa den erreakzio emozionala da, egoera jakin bati edo, askotan, etorkizuneko ziurgabetasun bati lotua. «Antsietatearekin gertatzen dena da askotan ez dela erraza identifikatzea zerk sortzen duen, agertu daitekeelako lasai gauden unean, eta gainera ez duelako zertan harremana izan egoera erreal batekin, baizik eta buruan sortzen ditugun pelikulekin», aipatu zuen. «Gertatzen ari zaiguna aztertzean, pentsatu dezakegu 'nire bizitzan dena ondo dago, ez daukat arazo nabarmenik', eta horregatik izan daiteke hain zaila identifikatzea zergatik gertatu den. Hori dela eta, lehen pausoa da laguntza eskatzea, psikologo batengana jotzea, eta sintomak arintzeko teknikak ikastea», argi utzi zuen.


