Live

2019 urtean jarri zen martxan Irungo Harrera Sarea bere azpitalde anitzekin. Horietako bat da Gautxori eta, izenak iradokitzen duen bezala, gauez ateratzen dira espresuki, ordu txikitan herriko autobus geltokira iristen diren pertsonak artatzea dutela helburu. Oihana Galardi sareko kideak NAIZ Irratian azaldu duenez, bertan egoten dira «gau aldean iristen diren migratzaileak garraio publikorik ez dagoenean aterpetxera bideratzeko edo bertara iristen laguntzeko».
Azken urteko balantzean nabarmendu dute talde honen harrerak laukoiztu egin direla. Zaila da, ordea, jardunean sumatu duten gorakada hori zehatz azaltzea, ohartuak baitira Irungo Harrera Sarean ezagutzen dituzten pertsonak migrazio bidean daudenen «parte bat» baino ez direla. Adibide gisa, Baionako datuak: Irungoak bikoizten dituzte maiz.
Faktore ugari daude jokoan. Horietako bat da penintsulako puntu desberdinetatik ateratzen diren autobusen ordutegia; horren arabera ere ordu batean edo bestean iritsiko dira Gipuzkoako herrira. Ondo dakite, adibidez, Madrildik datozenak gaueko 23:00ak aldera iristen direla.
Baina, ikuspegia zabalduz gero, urrunago ere ikus daiteke: «Kanarietara iritsi den jende kopurua handitu egin da, eta Irunera iristen diren pertsonak penintsulan zehar sartzen dira Espainiako irla eta kostaldeetatik. Migrazio biderik arriskutsuena erabiltzen ari dira eta, Europara bidean, Irundik pasa behar izaten dute».
Muga, helmuga
Muga bera ere bada elementu erabakigarri bat. Galardik dio zailtasun espezifikoak aurkezten dituela inguruan dagoen presioagatik, baina badela zeharkagarria.
Haren interpretazioa da mugak bilakatzen duela Irun helmuga. Oztoporik ezean, azken geltoki baino gehiago, pasabide izango litzateke. Pertsona horiek, seguruenik, autobusez zeharkatuko lukete eta irundarrak ez lirateke ohartu ere egingo. Gaineratu du badirela pertsonak Irungo Harrera Sarekoekin harremanik izan gabe, besterik gabe, Irundik pasatzen direnak: «Ez dute gure beharra nabaritzen, badakitelako edo entzun dutelako nola egin».
2018an nabaritu zuten herrian bazela «pasabide gatazkatsu bat», baina ezin dute pentsatu lehenagotik ere migraziorik ez zegoenik edo pasabidea ez zenik. Hain zuzen ere, sarekideen helburua sarea bera desagertzea litzateke, politikek aurrera egin dutela suposatuko lukeelako horrek.
Aurrerapausoak eta arazo kronifikatuak
Denboran zehar, Gautxoriren aferetako bat izan da Irunera ordu txikitan heldu ostean zailtasunak egon zitezkeela Gurutze Gorriaren dispositiboetan sartzeko. Arazook, hein batean, gutxitu egin direla azaldu digu Galardik.
Besteak beste, urtetan zehar Harrera Sarearen eskari nagusietako bat izan da aterpetxerako sarbidea 24 ordukoa izatea, baina zailtasun hori aspaldi gainditu zela nabarmendu du. Orain, beste batzuk dituzte: «Gurutze Gorriaren aterpetxean sartzeko irizpideak ez zirela gardenak salatu genuen, uzten ez zieten pertsonen arrazoiak jasotzen joan ginen, eta ondorioztatzen. Ukatutako pertsona askori sarbidea eman diete orain, eta alternatiba kale gorria den kasuetan badago Udaleko aterpetxea erabiltzeko aukera, baina gainerakoan bakoitzak baditu bere sarrera irizpideak».
Nola edo hala, joan dira ahalik eta pertsona zaurgarri gehieni espazio bat ematen eta nabari dute jende gutxiago geratzen dela kaleetan, oraindik egon badauden arren.
Horrekin batera, beroan egiten diren itzulketak, mendiko pasabideak eta kontrol polizialak eguneko ogi izan dira Bidasoa zeharkatu nahi izan duenarentzat. Kontrol horrek, Irungo Harrera Sareko kideak nabarmendu duenez, bere horretan dirau. Pasabide nagusi eta seguruenak itxita, pandemia ostean 2021 eta 2022 urteak izan ziren zentzu horretan «gogorrenak» eta heriotza gehien eragin zituztenak. Mugako kontrol zorrotz horiek desagertzen joan ziren heinean, arriskurik handiena ere desagertu egin zen, pixkanaka.
«Gogoratu behar dugu Frantziako Estatuak alarma egoera berritzen duela sei hilabetero, eta orduan kontrolak ez dira zubietan bertan egiten, frantziar lurraldeetan baizik; alegia, Hendaiatik aurrera». Aipatutako heriotzak gutxitzen ditu horrek, baina oraindik ere badago «ehiza» bat Estatuan dauden pertsona ez-zuri gehienekiko, Galardik salatu duenez: «Gure eskualdeko herritargo ez-zuria etengabeko presioan dago, migratzaile zein bertakoa izan. Horrek ere erantzuten die behin eta berriz aipatu ditugun kontrol arrazistei».
Migrazioaren inguran kezka eragin duen beste gaietako bat giza trafikoarena da. Ez daki esaten Irun eta Hendaia artean egoera horretaz baliatzen den mafiarik dagoen, baina maiz aurkitu izan dituzte mugen inguruan migratzaileengana hurbildu eta haien «zerbitzuak» eskaintzen dituzten norbanakoak, sareak ez badira. Gertatu izan dira ere desartikulatzeak, eta hainbat pertsona espetxera bidali izan dituzte horrelako gertaerekin lotuta.
Datozen saretze ariketak
Hilaren 26rako mobilizazioa deitu zuen Irungo Harrera Sareak, autoerruztatze kanpainarekin batera, Korrikako ekintzan parte hartu zuten pertsonei elkartasuna adierazteko.
Jarraitzen dute horren inguruan babesak bilatzen handik eta hemendik, eta «azken txanpan» sartu berriak dira. Asteburu honetan ere saiatuko dira kalean egoten eta herritarren sinadurak biltzen: «Bilketa 28ra arte luzatuko da, beraz, 26ko manifestaziora hurbiltzen den pertsona orok ere izango du aukera puntu desberdinetan orriak eskuratu eta sinatzeko».
Era berean, gogorarazi du Irungo LABeko egoitzan utzi daitezkeela autoerruztatze orriak, eta saiatuko direla bertako merkatariekin batera kanpainari bultzada bat ematen zein beste eragile batzuen babesa ere lortzen.


