Live

Zaloa Badiola - Peli Lekuona
Interview
Mikel Irujo
Nafar Industria kontseilaria

«Ez da onargarria BSH-n horrelako erabaki bat hartzea elkarrizketarik izan gabe»

Nafarroako Gobernuko ordezkaritza bat Madrilen izan da exekutibo zentralarekin eta Alemaniako BSH enpresarekin biltzeko. Bertan izan da Mikel Irujo, Nafarroako Industria kontseilaria. Topaketa honi buruz gehiago jakiteko jo dugu berarengana.

Audio_placeholder

«Ez da onargarria BSH-n horrelako erabaki bat hartzea elkarrizketarik izan gabe»

Loading player...
Mikel Irujo, Nafarroako Industria Kontseilaria
Mikel Irujo, Nafarroako Industria Kontseilaria (Naiz Irratia)

Joan den udaberrian izan zen Nafarroako Gobernuaren eta enpresa komitearen arteko lehenengo bilkura, inbertsio falta zegoela eta nola kudeatu pentsatzeko asmoz. BSH enpresako Alemaniako zuzendaritzarekin harremanetan jartzea erabaki zuten, aukera zuzenena zelakoan, eta horretan ibili da Mikel Irujo Industria kontseilaria azken hilabeteetan, erantzunik jaso gabe. Ustekabean harrapatu zuen Nafarroako Gobernua abenduaren 16an BSHk lantokia ixteko asmoaren berri eman izanak.

Horren ondotik etorri zen, berriro ere, biltzeko proposamena. Joan den ostiralean bildu ziren Madrilen BSH taldeko Alemaniako zuzendaritzako bi ordezkari Maria Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakariarekin eta Jordi Hereu espainiar Industria ministroarekin. Bertan, erabaki dute Ezkirozko fabrikaren etorkizunaz eztabaidatzeko lantalde bat sortuko dela. Irujok azaldu du orain ikusi beharko dutela «zer nolako etorkizuna duen fabrikak eta Alemanian zer nolako ideiak dituzten», ez baitizkiete iragarri.

Zenbait hausnarketa

Badaude dagoeneko Alemaniako ordezkariek mahai gainean jarri dituzten zenbait kontu. «Eskutitzean eta baita bileran ere adierazi zuten bezala, lehiakortasun galera bat, merkatu kuota galtzea da itxieraren arrazoia», azaldu du Industria Kontseilariak. Baina badira beste zenbait gako, Irujoren iritziz «hausnarketarako aukera ere eman dezaketenak». Lehenengoa, Txina hartzen ari den makrofabriken eredua. «Milioiko unitate ekoizteko prest dauden makrofabriken estrategia du Txinak. Europak horren aurka nola lehiatu behar duen pentsatu behar dugu». Bigarrena «gizarte hausnarketa» bezala kalifikatu du Kontseilariak. Antza denez, «erosleak gero eta gehiago pentsatzen du prezioan kalitatean baino». «Akaso pentsatu beharko genuke garbigailu bat erostean 80 euro aurrezteak atzean duenaz. Txinatik etortzen den konpetentziak Europan ez ekoiztea dakar. Azken finean gure erabakiak eragina du gure industrian».

Hala ere, Mikel Irujok argi utzi du «inoiz galerarik izan ez duen» enpresa dela BSH. Gaineratu du «horrelako erabaki bat Nafarroako Gobernuarekin eta Espainiako Lan Ministerioarekin elkarrizketarik izan gabe hartzea ez dela onargarria».

Etorkizuna

Nafarroak «asko» eskaintzen omen dio industriari. Hori da, hain zuzen, Nafarroako Gobernuak hurrengo bileran mahai gainean jarriko duena. «Guk badakigu zer proposatu dezakegun lurralde bezala: formakuntza sistema oso altua dugu, gure estrategiarekin bat egiten duten hiru unibertsitate, sei zentro teknologiko, hiru ikerkuntza zentro...». Mikel Irujok azaldu du Nafarroako BPGaren %31 industria izanik, «Europa mailako altuena ia-ia», hori dela lurraldearen «indar handiena», zerbitzu «pila bat» eskaintzen dizkiotelako.

Hori da Nafarroako Gobernuak BSHrekin hitz egin nahi duena. «Etorkizunari begira» daudela eta bilerara jarrera horrekin joateko asmoa erakutsi du Irujok.

Jaurlaritza Logoa