Live

NAIZ Irratia

«Eskatzen dugun osagarriak bizitza duin bat bermatzea du oinarri»

Lanbide arteko gutxieneko soldataren pareko pentsioa lortu eta genero arrakala ezabatzea xede, Herri Ekimen Legegilea abiatu du Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak. 10.000 sinadura lortu nahi dituzte gutxienez, apirilaren 24a baino lehen. NAIZ Irratian izan da Ana Mezo, mugimendutik.

Audio_placeholder

«Eskatzen dugun osagarriak bizitza duin bat bermatzea du oinarri»

Loading player...
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak genero ikuspegiarekin egindako batzar bat, artxiboko argazki batean.
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak genero ikuspegiarekin egindako batzar bat, artxiboko argazki batean. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Zazpi urteko mugimendua da pentsiodunena, eta beharrak ere aldatu dira ordutik. Garaian 1.080 euro eskatzen ziren, baina eskaera gaur egungo errealitatera egokituta, ez da nahikoa.

Lege proposamenaren bidez, gutxieneko pentsioa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren (LAGS) parean ezarri nahi dute Euskal Herriko Pentsiodunek. Horrek 1.134 euro inguruan utziko luke zifra Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE).

Nafarroaren kasuan, berriz, gutxieneko pentsioa 1.035 eurora heltzea lortu da kenkari fiskalen bitartez. Aurrerapauso gisa ikusi dute, baina «ez da nahikoa» haien ustetan, norbanako bakoitzak unitate ekonomiko propioa izan dezan eskatzen baitute, bizikidetza unitatearen ordez. Pentsio txikienak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatara heldu daitezen, diru osagarria eskatu nahi da lege bihurtu asmo duten proiektu honen bitartez.

100.000 lagun izango lirateke baldintzak betetzeko gai direnak, gehienak emakumeak, %70 inguru. Bizi duten egoera zaurgarriagatik, bizitza historia desberdina izan dute; lan prekarioak, zaintza lana eta, ondorioz, «pentsio txikiagoak ere».

Aurretik dagoen bide juridikoa

Adi daude pentsiodunak, gaur egun dagoen gutxieneko soldataren eztabaidaren inguruan. EAErako igo litekeela eztabaidatzen dabiltza, Euskal Herrian beste errealitate bat dugula argudiatuz. Pentsioekin ere gauza bera gertatzen da eta, hain zuzen ere, horretan datza sindikatuek Legebiltzarrean aurkeztu duten beste Herri Ekimen Legegile bat.

Pentsiodunenak irailean abiatu zuen izapidetze prozesua, eta zerbitzu juridikoek ontzat eman dute momentuz. Estatu mailako LAGS EAE mailakoa izatera igaroko balitz, hori hartuko lukete erreferentziatzat. Jakin badakite errealitatea oso anitza dela erkidegoka.

Eskatzen duten osagarriak bizitza duin bat bermatzea du oinarri: «etxebizitza egoki bat izatea tenperatura aldetik, mugikortasun arazoen aurrean egokitzapenak edo osasun gabeziari aurre egiteko beharrak asetzea».

Eskatzen duten osagarria jasotzeko, hainbat baldintza bete beharko lituzkete onuradun pentsiodunek, tartean pentsio mota, aberastasuna eta ondasunak edo bestelako diru iturri batzuk.

10.000 sinadura

Sinadura bilketa izango da euren jardunaren hurrengo fasea: «hemendik apirilaren 24ra lau hilabete ditugu legez behar diren 10.000 sinadurak biltzeko, baina uste dugu gehiago ere izango direla».

Pentsiodunen mugimendutik batzorde sustatzaile bat eratu dute, bost pentsiodunekin EAE osatzen duen herrialde bakoitzetik. Horrez gain, 178 fede-emaile izendatu dituzte, eta azken horiek izango dira, hain zuzen ere, bildutako sinaduren fede emango dutenak. Rol hori hartuko dutenak ari dira dagoeneko auzo, herri, hiri eta eskualde bakoitzean bilketak planifikatzen.

Gaineratu du Mezok joango direla tokian tokian egin beharrekoen berri ematen, astelehenetako mobilizazio klasikoen eta beste ekimen batzuen bitartez. Oraingoz, 50.000 triptiko atera dituzte, Herri Ekimen Legegile berriaren 1.000 kopia banatu, herrietan hitzaldiak egin... eta horretan jarraituko dute.

Aurreratu du Bilbon aste pare batean ekimen berri bat dutela aurreikusita eta, gainera, 233 pertsonaia ezagunek manifestu bat sinatu dutela proiektuaren alde. Lau hilabete barru, esperantzaz ikusten duten sinadura bilketa izango dute ekimen nagusiena, baina artean beste asko izango dira martxan.

Jaurlaritza Logoa