Live

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Doinu jostariak dakartza Airu taldeak ‘Yo no sé nada! Nada!!!’ disko laburrean

Irune Vega buru duen proiektuak disko laburra atera du 2024 honetan eta dagoeneko gauza berrietan murgilduta dabil. Patricia Echanove, Erik Gonzalez eta Jon Gomez lagun, bost pista dituen dituen diskoa kaleratu dute, freskoa eta jostaria.

Audio_placeholder

Doinu jostariak dakartza Airu taldeak ‘Yo no sé nada! Nada!!!’ disko laburrean

Loading player...
Airu taldekoek beren hirugarren lana dute hau eta Euskal Herriko mugak gainditu dituzte nabarmen.
Airu taldekoek beren hirugarren lana dute hau eta Euskal Herriko mugak gainditu dituzte nabarmen. (Haizea OGUETA)

Oporrak iristear diren une batekin irekitzen du ‘Yo no sé nada! Nada!!!’ diskoa Airu taldeak. Urria bukatzear zela kaleratu zuten diskoa eta horrek ez dakigu zerbait iradoki nahi zuen edo ez, baina abendua iritsi eta berriz entzutean beste giro batetara eramaten gaitu, oporren usainean baitabil asko. 

Intro horren atzetik datoz beste lau abestiak. ‘El sol’ da horietatik lehendabizikoa, akorde minorretan egon arren argitsua den abestia, surf-rock mundu horretatik edaten duelako ziurrenik, eta oihartzunak eta gitarraren chorusak ere giro atsegin batetara eramaten gaituzte. Sintetizadorea, ordea, trance mundutik gertu dagoen elektronikakoa da eta horrek ukitu oso berezia ematen dio maitasunaren inguruan hitz egiten duen abesti honi.

Single moduan etorri zen ‘Dejar de ser’ eta denok jokoz kanpo harrapatu gintuela onartu behar. Lehenengoz entzun eta Airuren unibertsotik oso urrun dagoen abesti bat dela esan dezakegu. Drum'n'bass estiloan egindako kantua da eta oso indartsua da. Antsietate puntu bat sortzen du, ziurrenik bere buruarekin konforme ez dagoen pertsona baten inguruan ari dela hizketan pentsatu daitekeelako.

Sentsualitatea du, berriz, ‘Jugando a que hay algo aquí’ abestiak. Izenburuak berak dio, jolasean dabiltzan bi pertsonen arteko istorioa da, bata bestea limurtu nahian eta berotasun horri reggaetoiaren inguruko soinuak gehituz gero eta autotunearen erabilera sotilarekin, konbo perfektu horietako bat ematen da. 

Bukatzeko, berriz, TOC talde mungiarraren ‘Anegauta’ kantuaren bertsio hipnotiko bat oparitu digu Airuk. Zuzenean lehenengoz entzutean harrapatu eta askatzen ez zaituen abesti horietakoa dela konturatzen zara eta diskoan hori bera sentitzen duzu. TOCen kantua berez nahikoa iluna bazen, are gehiago ilundu dute Airukoek eta progresio puntu bat ere eman diote, handituz doanaren sentsazioa gehituz.

Martxan daudenetik urte zoroa izan dute eta leku askotara iritsi dira, Nantes, Tours, Paris, Clermont-Ferrand edota Sevillan izan dira azken hilabetean eta, datozen egunetan, Ezkerraldean arituko dira. Abenduaren 6an Portugaleteko Sastraka gaztetxean eta 13an Santurtziko La Kelon eskainiko dituzte kontzertuak. Atzetik etorriko dira Zaragoza, Donostia, Londres eta Bartzelonakoak. 

Bitartean, MusikHaria saioan Irune Vegarekin izandako hizketaldia entzun dezakezue. Baita diskoa ere.

Jaurlaritza Logoa