Live

NAIZ Irratia

«AArekin aurreztutako denbora errutinazko zein lanetan inbertitu dezakegun pentsatu behar dugu»

Adimen artifiziala geroz eta presenteago dago egungo gizartean. Lan arloan, erreminta honek sektore gehienei eragingo die; eta, kazetaritzan ere eragina izango du. Gai honen inguruan hitz egin du Simon Peña EHUko kazetaritza saileko irakasle osoak, NAIZ Irratian. 

Audio_placeholder

«AArekin aurreztutako denbora errutinazko zein lanetan inbertitu dezakegun pentsatu behar dugu»

Loading player...
Simon Peña
Simon Peña (Juan Carlos Ruiz | FOKU)

GARAk eta NAIZek ez diote bizkarra ematen errealitateari, eta beraz, adimen artifizialak ofizioan izan ditzakeen eraginak aztertu nahi dituzte. Simon Peña EHUko kazetaritza saileko irakasle osoak azaldu duenez adimen artifizialak «hainbat erabilera izan ditzake, eta guztiak erabilgarriak dira komunikazio arloan dihardutenentzat».

Adimen artifiziala gure gizartean sartzearen ondorioz, lanpostu batzuk «birpentsatu» egin beharko dira, Peñaren ustez: «Denbora asko hartzen duten lan batzuek orain ez dute horrenbesteko denborarik hartuko. Adimen artifizialarekin aurrezten den denbora errutinazko zein lanetan inbertitu dezakegun pentsatu behar dugu». Horrela, egungo kazetariak beren lanbidearen «oinarri» diren «printzipio horietara» iritsi beharko lirateke.

Honek izango duen eraginaren gakoa erabileran dago. Peñak adierazi duenez, adimen artifiziala «komunikazio gaitasunean laguntzen duen baliabidea» da: «Giza komunikazioa da oinarrian egoten jarraitzen duena. Adimen artifizialak aurretik existitzen ziren arrakalak indartu edo ahuldu egin ditzake; eta, modu berdinean, existitzen ziren bazterketa batzuk areagotu edo konpontzen lagundu dezake».

Pertsonen presentzia agerikoagoa den kasuetan, erreminta honek oraindik «arroztasuna» sortzen du, EHUko irakaslearen esanetan. Hala ere, pixkanaka produktu «geroz eta sofistikatuagoak» ikusten dira, eta horrek ibilbide «oso azkarra» izango du «horren periodistikoak ez diren» edukietan; batez ere, helburu komertzialekin.

Adimen artifizialak kazetariei kezka sortu die. Izan ere, «kazetaritza beti izan da gizartearen zerbitzura egiten den lan bat». Horregatik,«prozesu teknologiko hutsetik harago hausnarketa egin behar da, horrek izan ditzakeen ondorioak aztertuz», Peñaren ustez: «Ikusi behar da noraino sor daitezkeen arrakala berriak, eta noraino areagotu daitezkeen bazterketa digitalak».


Jaurlaritza Logoa